Umegintzarako oinarrizko gida (I)

Umegintzarako oinarrizko gida (I) –

“Umeak ez dira instrukzio liburu batekin etortzen”. Nahiko esapide ezaguna da. Beraz, eskulibururik ezean, umeak egin, hazi eta hezteko jakituria nola lortu, non landu, nola garatu?

Umegintzarako oinarrizko gida (I)

Tradizionalki etxean burutu izan da, amona-ama-alaba lotura ardatz izanez. Baina hori modernitatean etenik dago hein handian. Aspalditxotik eskolak hartu ditu jakituriaren transmisio arlo gehienak, baina arlo honetan eskolak ez du ezer irakasten. Irakasten da sexu-heziketa eta irakasten dira anti-kontzepzio neurriak. Eta ondo egoteaz gain, beharrezkoa da zalantzarik gabe. Baina ez al litzateke irakatsi behar ere, borondatezko kontzepzioari loturiko ikasketa oinarrizko bat? Ez al da pertsonontzat, mutil zein neskontzat, jakin beharreko oinarrizko ezagutza bat, gizakiak sortu, hazi eta hezteko prozesuarena?

Jakina, badela. Baina gaur egun, ez eskolan eta ez etxean, ez dugu horrelako irakaspenik jasotzen. Ondorioz, gurasotasunean, askotan nahiko galduta aurkitzen gara eta gauzak berez diren baino konplikatuago bihurtzen zaizkigu.

Horren aurrean, lan txiki honek, oinarrizko ezagutza batzuekin osaturiko eskuliburu azkar bat izan nahi du. Hemen jasotakoak askoz gehiago sakondu daitezke atalez atal, baina umegintzarako jakintza gisa, puntu hauek gutxienez orokorturik ezagutu beharko lirateke.

.

1. Haurdunaldiaren aurretik

Haurdunaldia baino lehen aita zein amak beraien osasun egoera zaindu behar dute eta emakumearen kasuan, gainera, oso-oso garrantzitsua da haurdun gelditzeari ekin aurretik, azterketa mediku bat igarotzea.

Aitagaiak, bere haziaren kalitate onerako, bizimodu osasuntsua eraman behar du.

  • Alkohola, tabakoa eta drogak espermatozoideentzat kaltegarriak dira.
  • Aldiz,elikadura bidez eskuraturiko antioxidagarri, bitamina eta  mineral batzuk komenigarriak dira. Hauen artean bereziki garrantzitsuak dira E bitamina, selenioa eta zinka (intxaurretan eta fruitu lehorretan ugari aurki daitezkeenak adibidez).
  • Hazia etengabe berritzearen faktorea kontuan hartu behar da. Hazia denbora luzez bota gabe edukitzeak honen kalitatea gutxiagotu eta prostataren funtzioei ere eragin diezaieke. Horregatik, hazia maiz isurtzea gomendatzen da.
  • Emakumeen kasuan baino motelago bada ere, adinarekin gizonen fertilitatea ere murriztuz joaten da. Orokorrean puntu gorena 30 urte baino lehenagoko epean ematen da eta pixkanaka beherantza egiten du 35etatik aurrera.

Amagaiak, fertilitateaz gain, haurdunaldi osoari begira zaindu behar du osasuna, bere barnean sortu eta garatuko baita etorkizuneko gizakitxoa.

Esan bezala, haurdun geratzeko ahaleginari ekin baino hilabete batzuk lehenago (3 hilabete gutxienez) garrantzitsua da azterketa mediku bat igarotzea. Ahal bada, hau gero haurdunaldiaren jarraipena egingo duen ginekologoarekin egin daiteke,baina edozein kasutan garrantzitsua da haurdun gelditu aurretik azterketa ginekologikoa, osasun azterketa orokorra eta odol analisi batzuk ere egitea.

Odol analisiak beharrezko dira osasun egoera orokorra aztertzeko, balizko arriskuak aurreikusteko  eta behar diren  neurriak hartzeko. Analisi horietan odol taldea, serologia, gluzemia etabar aztertzen dira. Oso inportantea da burdina aztertzea ere (anemiaren prebentzioa) eta baita tiroideari dagokion guztia ikustea ere (hipotiroidismoa uste den  baino hedatuago dago eta hormona faltak eragin kaltegarri nabarmena du fertilitatean, haurdunaldian zein fetuaren garapenean).

Emaitzen arabera, medikuak gomendatuta, osagarri batzuk hartzeari ekingo zaio. Normalki azido folikoa hartzen hasteko gomendioa orokorra izan ohi da eta beharren arabera bitaminak, burdina, iodoa eta bestelako osagarriak hartzen has daiteke.

Jakina, alkohola murriztu eta tabakoa erabat baztertzea beharrezkoa da haurdun geratu aurretik. Baita elikadura osasuntsua eramatea ere. Pertsona oso lodien kasuan izan ezik, oker handia da haurdunaldian kilo batzuk hartzen direlako aurreko hilabeteetan argaldu nahi izatea. Aurreko hilabeteetan dieta orekatua eta elikagai horniketa bermatu behar da eta kiloren bat irabaztea onuragarri izan daiteke fertilitaterako (grasek badute zerikusirik hormonen jarioan eta grasa gutxiegi izateak antzutasuna eragiten du).

Adinari dagokionez, emakumeen fertilitate gorena 21 eta 30 urteen artean ematen da. 30 urtetatik aurrera jeisten hasten da pixkanaka eta 36etatik aurrera oso nabarmen.

.

2. Fekundazioa

Obulu  batek eta espermatozoide batek elkar topatu  dezaten,emakumearen eta gizonaren arteko sexu-harremanean aitagaiak bere hazia emakumearen bagina barnean isuri behar du. Baginaren ahal bezain barnean, umetokitik zenbat eta gertuago hobe.

Behin haurdun geratzea erabakita, horrelako isurketa izango duten sexu-harremanak maiztasunez errepikatzea da egin behar dena. Obulaketa egunak zein diren kalkulatzea gomendagarria izan daiteke ugalketa errazteko, baina metodo ziurrena, askotan (gehienez ere bi eguneko tartearekin) harremanak izatea da. Hauetan gizona beti iritsiko da orgasmora. Emakumeraen kasuan hainbat ikerketek diote orgasmora iristeak areagotu egiten duela ugaltze aukera eta beraz ahal den heinean gomendatuta dago, baina sexu-erreproduktiborako lehentasuna maiztasunak du. (Beraz, asteburuak gurasoen edo lagunen etxean harrapatzen bagaitu adibidez eta lasai jarduterik ez badugu, ti-ta moldatu daiteke).

Posturari dagokionez ez dago bereziki gomendaturikorik, baina aldiz bai gomendatzen da isurketaren ondoren zakila minututxo batez baginaren barnean mantentzea, dirudienez hazia kanpora ateratzea ekidin eta uteroan gora egin dezan lagungarria baita.

.

3. Haurdunaldia

Umegintzarako oinarrizko gida (I)

Nahiko ohikoa da lehen haurdunaldia aurrera ateratzeko prozesuan enbrioia galtzea edo abortu espontaneoa izatea lehenengo asteetan. Hau gertatzen bada, ginekologoak dena ondo dagoela ziurtatu ondoren, saiatzen jarraitu behar da. Gorputzarentzat aldaketa handiak eragiten ditu haurdunaldiak eta batzuetan prestaketarako denbora gehiago hartzen du.

Galera hori izateko arriskua haurdunaldiaren lehen 3 hilabeteetara mugatzen da normalki eta gertatu aurretik odol jarioak izaten dira gehienetan. Arazorik izatekotan, ahal bezainbesteko reposoa da gomendatzen dena.

Haurdunaldiko une delikatuena hasiera da. Hilerokoa ez datorrela egiaztatu eta test batean positiboa ikusi ondoren, hitzordua hartu behar da ginekologoarekin haurdunaldia guztiz konfirmatzeko.

Hitzordu horretan hitz egin beharko dugu aurrera begirako jarraipenez (azterketak, ekografiak…) eta baita zaintzez ere. Hauen artean garrantzitsua da ondo lo egitea, nekea sentituz gero atseden hartzea, pisu astunak mugitzea ekiditea eta beharrezko elikadura osagarriak hartzea. Askotan hainbat mineral eta bitamina dituzten suplementuak gomendatzen dira beharren arabera. Normalki kasu guztietan da beharrezkoa gutxienez azido foliko, burdin eta iodo kopuruak handitzeko osagarriak hartzea.

Jakina, tabakoa, alkohola eta bestelako drogak erabat debekatuta daude eta kafeina hartzekotan neurrian hartu behar da.

Elikadurari dagokionez, haurdunaldi aurreko dieta osasuntsu eta bariatuarekin jarraitu behar da eta arreta eskeini behar zaie ondorengo puntuei:

  • Arraina bikaina da (legatza, sardina, bakailua, amuarraina,…) merkurio asko duten arrainak izan ezik (atuna). Ondo eginik jan behar da (ezin da arrain gordinik jan).
  • Haragia ere elikagai oso ona da (begetarianoek medikuarekin edo dietista batekin ikusi beharko dute osagarri berezien aukera). Haragia ere ondo eginik jan behar da eta ez gordinik.
  • Esneak beti pasteurizatua izan behar du eta baita esnekiek ere. Gazta ez pasteurizatuak ere ez dira hartu behar.
  • Soja eta sojazko elikagaiak ekidin edo neurrian hartu behar dira, tiroidearengan zein hormonengan eragin txarrik ez izateko.
  • Gatza ohiko neurrian eta beti iododuna.
  • Arraultze gordinak ekidin (etxeko mahonesarik ez).
  • Onuragarria izan daiteke omega azidoekin aberastutako olioak erabiltzea.
  • Ur aski edan behar da.
  • Fibra kopurua bermatu eta idorreria eragiten duten janariak mugatu (arroza adibidez), hesteetako transitoa errazteko. Haurdunaldian idorreriarako joera ohikoa izaten da eta berau arintzen lagun daiteke elikadura egokiarekin.

Lehen hiruhilekoan ohikoa da  tarteka ondoez batzuk sentitzea (titiak gogortuak, goragale eta nauseak). Ez da atsegina, baina seinale ona da. Haurdunaldia aurrera doala esan nahi du eta lehen asteen ostean desgertu egingo dira ondoez horiek.

Orokorrean bigarren hiruhilabetekoa izaten da lasiena. Logureak eta pixa maizago egiteak jarraitzen dute,baina hormonen eraginagatik energiaz beterik sentitzen da. Gainera, epe honetan umetokian hazten ari den txikiaren mugimenduak sentitzen hasten gara eta hori… sekulakoa da!

Azken hiruhilekoan pisutsu eta baldar sentitzea normala da. Horrek eta jada erditzeko irrikak, presa sentsazioa eragitea ere ohikoa da eta erditze eta erditzeosterako dena prest utzi nahiak estresa areagotu dezake. Beraz, patxada gomendatzen da eta gauzak bare eta goxo egitea.

Lasaitasun giroa elikatzeko, yoga edo meditazioa praktikatzea edo naturan txango txikiak egitea oso gomendagarria da. Orokorrean oso garrantzitsua da egoera emozionala zaintzea. Ninia ingurune hormonal batean sortzen da eta amaren sentipen eta emozioak hormona bidez jasotzen ditu. Beraz, kezkak, haserreak, estresak eta emozio txarrak baztertu eta haurdunaldi garaia bereziki aldi  gozagarri bilakatzea oso garrantzitsua da.

Horretan bikotekide zein gertukoek egin dezaketen ekarpenak  balio handia du. Haurduna gizaki berri bat sortzen ari da eta lan miresgarri hori egiteko, bestelako zamak arintzen bazaizkio hobe.

Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I) Umegintzarako oinarrizko gida (I)

2 pentsamendu “Umegintzarako oinarrizko gida (I)”-ri buruz

  • Artikulu ona eta interesgarria, eskerrik asko.

    Zerbait zehaztearren, adituek aholkatzen dute alkohola ERABAT UZTEA haurdunaldian.

  • Artikulu praktikoa! Alkohola, tabakoa eta drogak haurdunaldian erabat debekatuta daudela ipintzen du haurdunaldia puntuan. Alkohola murriztu beharra haurrenaldi aurrerako gomendioa da.
    Bestetik nik entzuna dut moluskuak (almejak, txirlak,…) toxikoak izan daitezkeela haurdunaldian. Ez dakit norbaitek ote dakien zergatik.