Umeentzako kurtso hasiera bertan da eta dardarka gaude…

Umeentzako kurtso hasiera bertan da eta dardarka gaude… –

Aurreko ikasturtea horrela amaitu zen: “Hezkuntzako profesionalek” hartzen zituzten umeen inguruko osasun erabakiak; guraso, mediku eta bestelako osasun-aholkuak kontutan hartu gabe. Gomendioak arau bihurtu zituzten. Uda honelakoa izan da: taberna, igerileku, hiri zein herri, mendian….jendea musukorik gabe. Irailak 8, ikastetxeetan, musukoa berriz haurren aurpegiak tapatzen. Barkatu, HHn ez LHn bai, hara logika!
Umeentzako kurtso hasiera bertan da eta dardarka gaude...
Arg: Anboto
Bi hilabete geroago gauza batzuk aldatu dira: umeek jostailuak parteka ditzakete, hamaiketakoa kanpoan hartu, eta haur hezkuntzako umeek autobusean bakarrik eramanen dute musukoa. 

Hori, ez da bestelako garraiobideetan gertatzen; 20 familia joan gaitezke villavesetan nor bere umearekin eta 6 urtetik beherakoak ezin dituzte behartu musukoa jartzen; ikastetxeetan bai; haurtzaroarekin lanean ari diren langileek eta “profesionalek” bai ordea.

2021ko iraila, patioan musukoa? Ikastetxe batzuetan bai, besteetan ez…Umeak eta helduak kalean musukorik gabe ibili gaitezke, edozein eremu publiko zein pribatuan, baina ikastetxeetan ez. Badazpada ere.

Irakasle talde bakoitzak legea nahi edo ahal izan duen bezala interpretatu du. Bitartean gurasoak, irakasleak, langileak ixilik…edo hizketan…arauak betearazteko… Ikasle kritikoak egin nahi genituen, haien eskubideen alde eta mundu hobe baten alde arituko zirenak; artalde bat eratzen ari gara (barkamena ardiei eta umeei), artzai batek gidatuta, esandako guztiari men eginez eta otsoaren beldur.

Nor da otsoa? Covid-a? Hezkuntza Departamentua? Zuzendaria? Ikuskaria? Beste irakasleak? Gurasoak?

Zer gertatu da ikastetxeetatik kanpo? Zenbat langileek ematen dituzte beraien 8 orduak musukoa kendu gabe? Agian bakarren batek ez du lanaldi osoan kenduko, baina jasanezina da. Helduok baditugu bideak honi buelta emateko, baina umeekin irakasleak daude esanez “Igo musukoa, bestela…”. Bestela zer?

LHko haurrek goizeko 9etatik 14.00ak arte jarrita dute. Zertarako gainera? Positiborik egotekotan gela osoa konfinatuko badute.

Guraso batzuk agian iaz lasaiago zeuden, “libratzen ziren” haien haurrak HHn zeudelako, baina orain (irailak 8an) zikloz aldatuko direnean…

Pentsatu dezagun gure inguruko umeengan. Beldurra zilegitzat hartuta eta nork bere neurriak hartzeko eskubideak zalantzan jarri gabe; besteon zoriontasun eta askatasun eskubideak ere bermatu behar dira.

Irakasleak kexatu zaitezte ados ez zaudetenaz eta gela barruan libre izaten utzi. Patioan animatu haurrak musukoak jeistera, askatasunak legea gaindi dezala! Gurasoak eman zuen iritzia profesionalei eta intsumisioa gauzatu, zuen haurrak dira, ez beste inorenak. Hezkuntza Departamantuak egin dezala hidrogela eta ordenagailuak banatzeaz aparte zerbait zentzuduna, eta, azkar. Irakasleok eta gurasook baimentzen ari garena izugarria da. Atera gaitezen lozorrotik, gu hartzak izatekotan ikastetxeak kobazulo….

Animo eta besarkada handia umeen inguruan zabiltzaten guztioi! Haiek merezi baitute!

Amaia Zibiriain Mugeta

Nafarroako guraso eta irakasle talde baten izenean

Umeentzako kurtso hasiera bertan da eta dardarka gaude… Umeentzako kurtso hasiera bertan da eta dardarka gaude…

Nafarroa