Ume gehiago

Ume gehiago –

Haizea Barcenillak Berria egunkarian.

Ume gehiagoOrain egun batzuk berriz insistitu ziguten Teleberrian: ume gutxiegi dauzkagu. Komisariotzan modu independentean diharduten eta haurdun dauden bi lagunekin izandako elkarrizketez oroitu nintzen, biek espero baitute umea izateak laneko erritmoa jaitsi eta bizitza lanaren aurretik jartzen lagunduko diela. Orain arte lortu ez duten hori, alegia. Biek dute feminismoa hurbil, biek landu dituzte haien proiektuetan zaintzaren kontzeptuak, eta biek dakite ez dutela inola ere lortzen euren ideia teoriko horiek praktikan betetzea. Biak ezegonkor daude, erritmo jaitsiera horrek alaitu eta beldurtu egiten dituelako aldi berean.

Izan ere, kulturan lan egiten duten beste askok bezala, mugan daude nire bi lagunak. Dirulaguntzak justifikatzen, proiektuak prestatzen, aurrera ez doazen proposamenetarako ikertzen ematen dute bizitza, eta nekeak jota daude. Beste modu batera lan egin nahi lukete: proiektu gutxiago, baina kontu handiagoarekin; egunean zortzi ordu lan eginez, eta ez hamabi; maite dituztenekin egoteko denbora hartuz, eta antsietate ataketik hurbil egon gabe. Artearen sistemaren dinamikak ez die orain arte aukera hori eskaini, eta uste dute arlo pribatuko aldaketa erradikal batek agian lan esparruan modu onean eragin dezakeela.

Aldi berean, nire lagunek ondo dakite, artearen munduari ez zaiola askorik inportako haiek ume bat edo bost dortoka dauzkaten. Esperantza dute zaintzaren inguruan landutako teoria horiek guztiak lekua hartuko dutela gutxika, eta haiek ere horretan lagunduko dutela, euren amatasun-profesionaltasun esperientzia berriarekin. Esperantza da, ordea. Ez diote beren buruari onartu nahi, nabaritzen diet, haurdun egoteaz pozik daudelako eta umea sakonki desiratzen dutelako, baina biek dute ikaragarrizko beldurra. Badakite gurpilak aurrera egingo duela, eta haiek nola edo hala heldu beharko diotela, atzean geratu nahi ez badute. Atsedenarekin amesten duten arren, lanean emango dituzten gaupasa guztien kontzientziak ikaraturik ditu.

Egoera honetan bi gauza iruditzen zaizkit oso tristeak. Lehena, nire lagunek ez dutela amatasuna merezi duten bezala gozatuko. Eta ziurrenik ez dute ume gehiago izango, bi edo agian hiru nahi lituzketen arren. Eta bigarrena, nire lagunek, eta haiekin batera nik neuk eta beste askok, aitzakia bila ibili behar dugula gainditu egiten gaituen lana murrizteko, geure baliabideekin ezinezkoa baitzaigu sistemaren abiadura gelditzea. Umeak izateak ez luke baliabidea izan beharko lan antolaketa duin eta jasangarria lortzen saiatzeko; kontrakoa, halako lan antolaketa bagenu, sistemak kondizioak eskainiko balitu, ez genuke aitzakia bila ibili beharko. Eta desira aitzakia bihurtzen denean, lanean zein bizitza arloan bataila bat galtzen dugu.

Ume gehiago

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ume gehiago”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude