Ume euskaldunen asimilazioa!

Ume euskaldunen asimilazioa! – 

"Aniztasunaren ikurra", hegemonia agerian.
“Aniztasunaren ikurra”, hegemonia agerian. Indautxuko Eskola, 2017ko udazkenean.

Orain dela urte batzuk Joan Mari Torrealdairi egindako elkarrizketa baten pasarte batek hau ekarri zuen hizpide: “ez dago hizkuntz politikarik”. Hizkuntz politikaren ardatzak hizkuntza propioa, integrazioa eta identitate tresna ere direla. Egia da.

Eskola publiko gehienetan zein ikastoletan ere gauza bera gertatuko da era batera edo bestera, alderrai, hizkuntz politikarik gabe. Hau da, integraziotik euskal munduan ikasleek euren burua ikusten dute murgilduta? Ze erreferentzia mota izaten dute hemengo kulturari dagokionez? Berezko hizkuntzatzat daukate euskara ala ikasgunekin lotzen duten hizkuntza da, eta kitto? Euskara etxetik jasotakoek lehenetsi egiten dute ala burumakur gainerako ikasleen aurrean egoeraz jabetu eta espainierara moldatuta berez baztertua ez izateko beldurrez? Zer dakite euskararen jazarpenaz, euskalkiez edota noraino berba egin zen bere momentuan? Eta zergatik egin zuen atzera? Beraz, euskara eurena da? Identitate bat landu dute ala ez, den-dena azalekoa eta folklorikoa izaten zaiela?

Hona beste adibide bat gurean bizi izandakoa. Lehenengo semeak HHa zein LH osoa Indautxuko Eskolan egin du. 9 urte bete arte beti euskaraz egiten zuen. Lar zintzoa eta isila izan da, berez, lehenengo ikasturte bi eta erdi eman zituen berba egin barik, eskolan hasi zeneko urte bi betetzekotan zegoela. Etxean geurekin hilabete bat eman zuen berba erdirik ere esan gabe. Dena lotu genuen gure etxe lekualdatzearekin eta arrebaren jaiotzarekin. Denborak aurrera egiten zuen eta umeak ez zuen berba egiten eskolan. Bigarren ikasturte amaierarako deitu ziguten batzar baterako, ez zekiten zelan ebaluatu. Aholkularia, medikua, udalaren bitartez, eta tutorea han zeuden. Medikuak esan zien beste biei zergatik ez zuten ordura arte ezer egin egoeraz jakitun. Eskolako udal medikuak bideratu zuen osakidetzara txostena han egiteko, berehala umeentzako psikologo batenera joan zedin. Diagnostikoa: “mututasun selektiboa”. 8 urterekin edo, eskolako jolastokian zegoela, gelakide batzuekin futbolean jokatzen saiatu zen. Batek zakar erantzun zion jokatu ahalko zuela beti euskaraz berba egiteari uzten bazion. 9 urtetik 11 urtera, Lhko 5. eta 6. mailetara espainieraz egiten zuen, euskara horrezkero ez zen lehetasunezkoa. Euskara mordoilo urardotua eta joskera galdua.

Eskola publikoak ume euskaldunak beste umeen aurrean eredu ipintzen ei ditu “zorioneko aniztasunaren ikur”, ume erdaldunen gehiengoarekin nahastuta. Aberastasuna orduko eta gaurko guraso elkartearen esanetan. Bai, zera! “Etxe bitako txakurra goseak hil!” Euskara, frantsesa, espainiera eta lekutako edozein hizkuntzarekin parekatuta, non eta bere sorterrian, ziria beste bati sartzea, gero!

Dagoeneko nagusia Urretxindorran dago gainerako neba-arrebak aurton sartu direla. Nagusiak espainieraz entzuten du ikaskideen artean, ez da euskara lehenesten. Giroa saioetatik kanpo espainieraz.

Alabak giro hobea topatu du ez gelan bertan, bera bezalakoekin elkartuz. Esan, esan behar da txiki-txikiak umeak zirenetik guraso talde euskaltzale bat sortu zela, euskara sustatzen duena, berariaz eurek trinkotzen dute barruan egiten ez den sare euskalduna. Eskertzekoa noiz eta pandemia garaian. Umeek euskaraz eta gurasoek ere bai. Hala ere, egiari zor guraso gehiagori euskaraz entzuten zaio. Baina,”askoren mina, tontuen atsegina”, hots, gauza batek ez du bestea zuritzen.

Aitzitik, ume euskaldunak berehala bereganatzen du zein den balio duen hizkuntza. Berdin da herri erdi euskaldun batean bizi den ala hiriburu erdaldun batean. Dendetako izenak, iragarkiak, streaming plataformak, bideo-jokoak, filmak, aspertzeko beste telebista kate espainiar, internet, egunkariak, solasaldi garrantzitsuak eta abar. Boteredun hizkuntza argi geratzen zaio. Euskarak ez du balio.

Bestalde, ume euskaldunak bananduko ez balituzte, are gehiago inongo espainierarik ez dakiten etorkinen seme-alabekin elkartuz gero, eskola zein ikastola bakoitzean gela bat gutxienez ziurtatzeko, esaterako, euskarari ardatza emanez, maisu-maistren arreta pedagogiko gainbegirale batez zein euskararen adierazkortasuna landuz bi urteko adinetik DBHa amaitu arte, baita hor sartuta jolasaldien eta jantoki orduena ere. Zein izango litzateke euskararen erabileraren ehunekoa euren artean?

Tarte horretan bai ume euskaldunei bai D ereduko besteenei ezertan ere gutxietsi gabe behar beste baliabide emango baliete, hau da, mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena ere lantze aldera, orain baino hobeto geundeke? Zer esanik ez lurraldetasunaz, hizkuntzaz, historiaz eta kulturaz zerbait balekite, nortasuna garatuko lukete? Euskararekiko hurbiltzea, alegia? Australian bertakoen seme-alabak bahitu eta banatzen zituzten hizkuntza eta izaera lapurtze aldera. Asimilazioa.

Kontrako noranzkoan euskararen denboraren erlojua aurrera doa. Bada garaia, gauzak agerian eta bere gordinean ipintzeko, beltza zuriaren gainean. Euskararekiko diskriminazio positiboa. Zutuntzeko, saretzeko eta ume euskaldunen hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko, bazterketari eta gutxiespenari agur esateko, harro egoteko eta ahalduntzeko ordua. Hizkuntz komunitate euskaldunak sortzeko herrietan nahiz hirietan, batu gaitezen!

Aurrera, ba, “Arnas dezagun” ekimena!

Ume euskaldunen asimilazioa!

7 pentsamendu “Ume euskaldunen asimilazioa!”-ri buruz

  • Pentsatu nahi dut guraso euskaltzaleek egindako eskari hauei modurik egokienean erantzuteko lanean arituko direla dagoeneko Hezkuntzako eta ikastetxeetako arduradunak.
    Eskolak euskaldundu behar du!

  • Zure haurrek jasandakoak milaka eta milaka haur euskaldunek pairatutako traumaren isla dira.
    Tamalez euskaldunok jasandako bazterketari ez zaio erreparatzen, eta are gutxiago sendabiderik jartzen. Kolonizatzaileen irizpideakaplikatzen dizkiegu gure buruei, eta zapaltzaile garela sinistu dugu, zapalduenak geu izan arren.
    Kolonizatzaileen irizpideen arabera kudeatzen ditugu ikastetxeak eta hezten ditugu gure haurrak menpekotasunean, txikitatik jakin dezaten HEHn espainiarrak direla nagusi eta gu geu azken putz.

  • Tarte horretan bai ume euskaldunei bai D ereduko besteenei ezertan ere gutxietsi gabe behar beste baliabide emango baliete, hau da, mintzamena, entzumena, irakurmena eta idazmena ere lantze aldera, orain baino hobeto geundeke? Ba akaso bai, eta nola egiten da hau? Euskeraz ikasteko eskubide berdina izango dute ba, euskera daukatenak eta ez daukatenak ez?

    Tamalez, gurean, asimilazioa, kolonizazioa eta baita pelotazoak. Auzitegiek berretsitakoa, naiz plaza publikoak egon, auzoko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan ( ze denak dira funts publikoekin finantzatutak doako ikaspostuak), tratuzko faborea emanez, ondoren istalazioak handitzeko; 2 lerrokoa izatetik 3 ra pasatuz. En fin, batzuk beti behatzari begira, norbere behatzari.

    http://ieepanaiz.blogspot.com/2017/02/auzitegiek-mercadona-eta-urretxindorra.html?m=1

  • Semenogorri 2021-08-17 15:10

    Ea ondo ulertzen dudan, Xuru, espainiar auzitegiez zabiltza, ezta?
    Estatu espainiarreko justizia kolonizatzaileaz, euskara ikasi nahi ez dituzten epaileez, bakanen bat kenduta, “Euskaldunon egunkaria” eta “Egin” egunkaria itxi zituen justizia berberaz, ezta? Katalaneraren eta euskararen kontra behin eta berriro egiten duen justizia berberaz, ezta?
    Pandemia dela-eta nahi duena ebazten duen berberaz, ezta? Bere legeekin, “chapeau”!
    Zelan egiten den hori? Horri erantzunez. Hona hemen, adibide batzuk:
    1.Ikasleen eta irakasleen arteko solasaldiak euskara hutsez egitea; oraingo leku askotan betetzen ez dutena, hau da, solasaldi asimetrikoak onartzen dituzte. “Euskara borondate onez”.
    2.multimedia baliabideak euskaraz izatea: filmak, liburuak eta abar; gaur erosotasunagatik ez dute egiten irakasle eta maisu-maistra gehienek.
    3. “Urteko Ikastetxe Plan” bakoitzeko euskara irakasgaiari dagozkion irakurketa liburuak 2 izaten dira ikaskurteko, kasurik onenean ikasgunearen arabera 3; horren bikoitza behar zuenean eta internetetik iruzkinik ez dutela kopiatzen egiaztatuta.
    4. azterketei begira irakatsi euskaraz pentsatzen. Orain ikasle askok eta askok, guraso erdaldunenek espainierara itzuli, ikasi eta euskarara itzultzen dute, bi puntuen arteko distantziarik laburrena marra zuzena denean; irakasle gehienak horretaz ere jabetzen dira, baina, ez dute ezer esaten, soldata hile amaieran ederto jasota, bikain!
    5. maisu-maistra eta iraskale askoren euskara maila hutsaren hurrengoa da, akats ortografikoz josita eta erdarkadaz beteta, esaldiren bat espainieraz sartzen ez dutenean, gero! ” Ecuación de 2 miembros”, esaterako, “bi ataleko ekuazioa”. Zertarako burua estutu!
    6. euskararekiko diskriminazio posiborik ez dago, ume euskaldunak ur tanta bat erdaldunen itsaso zabalean. Aniztasun espainiarra hor jaun eta jabe!
    Amaitzeko, PPk beste “jator” batzuekin batera salatu zuen Urretxindorrak Mercadonarekin egindako hitzarmena. Nahiz eta egiatik zerbait izan edo deabruarekin adostu, nazio mailako proiektu bat da, euskararentzakoa.
    Beste kontu bat da betiko gauzak gertatzea.
    Zer den gaur egun publikoa?
    Espainiak eta Frantziak inposaturiko publikotasuna, bere legeekin, ez da gurea. Berria, AEK, Argia eta abar pribatuak dira, baina, nazio mailakoak. Publikotasuna espainiar eta frantses parametrotan bizi da. Estatu frantsesean ez dago “sistema publikoan” euskarazko murgilketa eredurik, txo! Hala ere, irakasten den apurra begi zoliz eta zorrotzez gainbegiratuta dago, batez ere, espainiar autonomia erkidegoetako “zorioneko sare publikoan”. Nik ere nahi dut sare publiko trinko bat, baina, gure estatu subiranoan.

  • Xuru bere hatzamarrari begira etorri da, bere liburua saltzera.
    Hmn aurkrztutako auzia beste bat da: zer egin haurren erdalduntze sistematikoa iraularazteko?

  • Adibide moduan jartzen duzunaren moduko beste pasadizo bat ezagutzen dut; kasu honetan, Berangon. Ezagun baten semeari gelakide batek esan zion ez zuela lagunik izango jarraitzen bazuen beti euskara egiten.
    Gai hau hil ala bizikoa da. Euskara etxean izango duten haurrak gero eta gehiago izango dira, baina Bizkaian, esaterako, Lea Artibain, Busturialdean (eta ez eskualde osoan) eta barnealdearen parte batean (Arratia eta Durangaldeko zenbait herri) baino ez dira gehiengo izango. Bilbo Handiko eskola eta ikastoletan ezinbestekoa da arnasguneak sortzea haur euskaldunentzat. Euskal Herriko hizkuntza politikak duen gai garrantzitsuenteako bat da.
    Eskola publikoak ez badu pauso hau ematen ikastola batzuek eman beharko lukete. Eta ondo legoke jakitea zeintzuk diren ikastola horiek. Une honetan, ikastolaren batek egiten al du?
    Zure iruzkina irakurri arte uste nuen Urretxindorrak egiten zuela. Karmelo Ikastolak egiten al du?

  • Semenogorri 2021-08-18 23:40

    Ondo legoke jakitea, Larrabek adierazi bezala, zeintzuk diren Karmelo ikastola publikoaren moduko irizpidea ume euskaldunei begira, batez ere, zelanbaiteko sarea indartze aldera. Antza, Gazteizen bi daude, ildo berberarekin: Errekabarri eta Ikasbidea.
    Nik hau bezalako foroetan edo antzekoetan aditzera ipiniko nuke.
    Ea ba, beste batzuen berrirrik izango dugun!