Otsoa ardi bihurtzera dator VOX

voxVOX, bai hala izena du Santiago Abascal, Ortega Lara eta enparauek, Maria San Gil anderearekin eta beste hainbat izen ezagunekin sortu duten alderdiak. Ultraeskuina eskuin bihurtzera datoz, otsoa ardi egitera. Ikusteko dago ea noraino iritsiko diren Espainiako panorama politikoan, baina, hedabideek serioski hartu dituzte eta haien orrialdeetan modu berean anplifikatu dute muturreko eskuindarren boza. Baina arrazoiz ala arrazoirik gabe?

Nor dira?

Alderdi berriaren plantelean ageri diren izen gehienak aski ezagunak ditugu. Berriak izanagatik ez dira hasiberriak beraz, eta ederki dakite politikaren itsaso harroan igerian. Saioa Alkaizak Argia.com atarian ondo disekzionatu bezala hauetxek dira parte hartzen dutenetarik batzuk.

Ortega Lara

ETAk 1996tik 1997ra bahituta eduki zuen kartzeletako funtzionarioa. 1987an PPko kide egin eta 10 urte geroago Burgoseko PPko zerrendetan sartu zen “mehatxatutakoekin elkartasunez”. 2008an utzi zuen alderdia, argitu gabeko arrazoiengatik eta orain palestra mediatikora irten da berriz VOX alderdiaren bultzatzaile gisa

Santiago Abascal

Politikari bilbotarra da sortzaileetakko bat. PPko kide izana 1994tik 2013ra, “desadostasunengatik” alderdia utzi arte. Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ‘Parot Doktrina’ baliogabetu eta PPk epaia onartzea izan da “tentsioaren lehergarria”, Abascalen hitzetan.

Alejo Vidal Quadras

PPko kide ohia izan daiteke formazio berriaren zerrenda-burua zenbait hedabideren arabera, baina oraindik ez dute ofizialki argitu. Oraindik ez dago formazioaren zerrendatan, nahiz eta zurrumurruek hala dioten. “Ongi etorria” litzatekeela ziurtatu dute Vox-eko buruek. Vidal Quadras aski ezaguna da TDT party-a osatzen duten telebista kate eskuin muturrekoetan.

Ignacio Camuñas

“Trantsizioan” UCDko sortzaileetako bat izan zen PDP (Partido Democrata Popular) alderdiarekin. Alderdi hau izan zen Europako Alderdi Liberalen Kongresuan bozeramailea izan zuen alderdi bakarra 1976an. UCDrekin ministro izan zen.

Klabe batzuk

  • Europa mailan, krisi testuinguruan, hazitako beste mugimendu ultraeskuinen homologo gisa uler liteke espainiar alderdi berria ere. Baina ez ginateke ziurrenik oso zuzen ibiliko, bertako partaideak korronte liberal  eta Europeistatik datozela kontutan izanik, Greziako Amanecer Doradoren korronte faxista ez bezala esaterako.
  • ETAren su eten definitiboaren ostean sortutako testuinguruan Rajoyk, eta PPk orohar, hartutako jarrerak zer ikusi handia izan du ultraeskuinaren desmarkean. Gehien eta hoberen antolatutako biktimak dira AVTkoak, eta “berauen alderdi” bezala izendatua izan da VOX.
  • Konpetentzia handia zegoen VOXek ordezkatu nahi duen gizarte zatiarentzat, eta orain are gehiago. PPk monopolizatutako gazta zatia, gerora UPyDk baita nahi izan duena, da Vidal Quadrasen taldeak desira duena. Ikusi beharko hurrengo hauteskundeetan nola banatzen duten. Ea PP gai den bereari eusteko, hala batetik edo bestetik (edo bietatik) higadura jasaten duen.
  • Informazioa boterea da eta ikusteko dago ea hedabideek jaramon egiten dioten mugimenduari. Zehatzago izanik, ea sorrerako boomaz gain, komunikabide talde bateren batek auspoa ematen dion alderdi berriari.

Eta Euskal Herrian?

Hasiera batean badirudi kanpoko kontua dela hau, baina, ezin dugu ahantzi alderdi honek, nolabait esateko, bere izate arrazoia Euskal Herrian bertan duela. Ezin dela ulertu biktimen kolektiboaren babesik gabe, ezin dela ulertu gatazka bera kontutan izan gabe.
Demagun hauteskundeetan; Maria San Gil dela medio, emaitza onak lortuko balitu, ikaragarri txikitu lezake lehendik txikia zen espainiar eskuina ordezkaritza.

Balizkoak dira aipatu guztiok, baina tira, sindudarik gabe kontutan izateko mugimendua izanen da VOX, baldin eta biktimen zein hedabide talderen baten babesa lortzen badute.

Alderdi Popularra, eskuina, maria san gil, ortega lara, PP, vox
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude