Udan, ardiminez; udazkenean, katagorria

Udan, ardiminez; udazkenean, katagorria –

Udan, ardiminez; udazkenean, katagorria

San Fermin egunaren ondorengoak izan ziren azkenak, azkenak ardiekin. Egunerokoan gero eta itzalagoak ziren ardiok, zintzarrik hots bilakatu arte, eta une batetik aurrera mamu bihurtu. Antzutze garai horretan, jetzaldi bakoitzean, ardiei errapeak husten zitzaien bezala, niri arima, ardiz hustu ere… eta malenkoniak bat egin zuen udako astuntasunarekin, erremediorik gabe. Jeztea ez da faltan dudana, esnea ere ez. Bestelakoak ditut faltan.

Ardi-usaina, adibidez; eskuetan eta arropetan itsasten zaidan hori. Zaila egiten zait azaltzea nolakoa den usain berezi hori –onena, probatzea–… Bizitzaren alde goxora eramaten nau, xamurtasunera. Bakea arnasten dut ardiak usaintzean, eta lurrin fin hori zabaltzen da gorputz osoan, libre, eta badoa, aske, berriz ere kanpora hasperen luze batez. Prozesu horren aztarna bakarra topatuko luke lekukoak nire aurpegian: irriño bat.

Udan, ardiminez; udazkenean, katagorriaArdi-musika isildu egiten da udan, etxean isildu ere; ez mendian, ordea, han gero eta ozenago. Gero eta urriagoak diren jetzaldi horietako melodiak urruntzen doaz, poliki-poliki, eta bat-batean horien ausentziak gortzen zaitu. Desagertu egin dira, konturatu gabe, zintzarri hotsak; desagertu egin dira, oharkabean, beekak. Fini.

Aurrean jartzen zaidan basamortu horrek gabeziez hitz egiten dit, presentziak sortzen duen ausentziaz, eta ausentziak sortutako presentziaz. Desertu horren erdian nago ni, bakarrik, ardien ausentziak harrapatuta; Xarpa, nire laguna, ondoan, nondik azalduko diren zain, adi; belarriak tente eta sudurra airean.

Ni banaiz, Xarpa bada, gara ardiak daudelako. Ez da artzainik ardi-usainik gabe, ardi-musikarik gabe; eta basamortu horretan artzain izatekotan, izango gara ausentzia baten baitan, umezurtz, infinitura begira, artzain egiten gaituzten horien peskizan.

Hasi gara Xarpa eta biok udazkenak aurrera egiten duen heinean, hasi gara, bai, ardien arrastoa hartzen, etxekotzen, amesten. Eguraldia dugu horren aliatu, eta badatoz bueltan ardi-usainak eta musikak. Konturatu orduko, belar ondua, plazenta, odol, oritz eta esne usainak hemen dira; baita ardien beekak eta arkumeek doinu finak. Orduan bai, orduan itzuliko gara berriz ere gu geu izatera, oso osorik; eurekin batera, ezinbestean.

Udazkenak bestelako alaitasuna du, zalantzarik gabe. Izan ere, sukalde bueltan ari gara negurako prestatzen, katagorriak gara. Hasi ginen intxaurrak biltzen, eta hementxe daude, sukaldean, kanpoko hezetasunetik ihesi. Sagarrek markatu egin dute aurtengo udazkena, poteak bete marmelada pilatu egin ditugu; orain kanelarekin, orain jengibrerekin. Sagar-dultzeak lan handiagoa eskatzen du, baina hain ezkontzen da ongi gaztarekin… Su-egurrak, sagarra ez bezala, urtero ematen du lana, hiru aldiz berotzen duen altxorra da: moztean, pilatzean eta erretzean. Sasoi honetan, gure sukaldean, azukre eta su usaina dago sukaldean, tartean, kanela ere bai.

Artegia urduri dago, pozez. Badaki eta badatozela ardiak, badatorrela bizia. Garoa ez oso aspaldian bukatu genuen biltzen, eta dagoeneko, zabalduta. Artegiko beste lantxo batzuk gerorako utzi ditugu, ardiak datozenerako; adibidez, armiarmek ehundutako azken amaraunak kendu, askak garbitu… Bitartean, jarraituko dugu desbrozatzen, itxiturak konpontzen… –zeruak hala erabakitzen duenean–.

Urtez urte errepikatzen den segizioa da kontatutakoa, iaz halaxe izan zen, eta datorren urtean halaxe izango da. Etxera itzuliko den bizia ari gara usaintzen, entzuten eta desiratzen geure baitan; eta ordurako dena prest izateko ilusioa bizi da bihotzean. Ardi-usainak jantziko nau eta ardi-musikak dantzan jarriko, Xarpa xaharra alboan dudala.

Udan, ardiminez; udazkenean, katagorria

Udan, ardiminez; udazkenean, katagorria
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude