Udalbiltzaren birfundazioaren beharra

Udalbiltzaren birfundazioaren beharra –

Irailaren 18an, Udalbiltzaren jaiotzaren 19. urteurrena beteko da. Otsailean, Iruñean 600 bat hautetsik lehenengo bilera egin zuten arren, elkartea ofizialki Bilbon egindako ekitaldi batean eratu zen. 1.778 udal hautetsik parte hartu zuten eta Euskal Herri osoan ordezkaritza duen erakundea abian jarri zen.

Lizarra-Garaziko Akordioa eta Udalbiltza garai politiko jakin berean jaio ziren bi erreferente nagusiak izan ziren. Biak ala biak benetako hitoak izan ziren gure hurbileko historioan eta egun bizi dugun fase politiko berria zabaldu zuten bi tresna nagusietarikoak.

Udalbiltzaren birfundazioaren beharraLizarra-Garaziko Akordiorik gabe Udalbiltza ulertzerik ez badago ere, Udalerrien erakundea ibilbide autonomoa izan duen elkartea da. Udalbide/Udalbiltza zatiketa ematean baldintzak erabat aldatu arren, hasierako Udalbiltzaren erreferentziak indarra izan du aurrerantzean.

Urte hartako hauteskundeen emaitzen arabera, 1999ko Udalbiltzak 710.000 bat boto emaileren ordezkaritza zuzena zeukan, EAJreak, EHrenak, EArenak, ABrenak eta zinegotzi independiente askok parte hartu baitzuten. Hortaz, 1999ko Udalbiltza izan da orain arte Euskal Herriko erakundeetan herritar gehien ordezkatu duena, beste osagarri garrantzitsu bat zuelarik, eskualde guztietako ordezkariek osatuta. Datu horiekin, askok Euskal Herriko erakunde gorena gisa ikusten genuen. Teorian eskumen juridikorik gabe, baina borondate politikoa edukiz gero, zenbait arlotan gainontzeko erakundeen gainetik irizpideak ezar zezakeena.

Jakina da, garai hartan, eta egun, EAJk Gasteizko Legebiltzarra duela bere erakunderik kuttunena. Badirudi ere, duela 17 urte ezberdin pentsatzen zuten batzuk antzeko aitortza emateko bidean daudela. Halere, nire ustez, legebiltzar horrek duen ordezkaritza zabala onartuta ere, nazio egituraketak, askapen prozesuak eta egikuraketa juridikoak Euskal Herriko eskualde guztietako herritarren ordezkaritza duen erakunde baten beharra eskatzen dute, erakunde hori Udalbiltza da.

Trump bozka eskubidea duten herritarren %24ri esker presidentea da; Macronen portzentaia ez da askoz handiagoa; Urkulluk 397.000 bozka eskuratu zituen; Uxue Barkosek 53.000. EAJrekin ala EAJ gabe osaturiko Udalbiltzak ezin izango luke maila bereko ordezkaritza lortu? Ez litzateke zilegi erakunde horretatik zenbait arlotako eskumena eskatzea? Ez litzateke eraldatzaileagoa izango gure ordezkari prestuenak eta prestatuenak Udalbiltzako lehendakaritza kolegiatu batean aritzen ikustea jorratutako bide zaharretan ibiltzen ikustea baino?

.

Munizipalismoa

Udalbiltzaren birfundazioak bi betebehar nagusi eduki ahal dituela uste dut. Lehenegoa, 1999ko xedearekin bat datozenak, hau da, naziogintza; bigarrena munizipalismoa sustatzea.

Hiru administatziotan sakabanatua dagoen herriarentzat eta azkeneko urteetan hiriburuen inguruan populazioa pilatu duen herriaren onerako, udalei garrantzia ematea beharrezkoa da. Udalerriek eskumen gutxi dituzte, baliabide eskaxak, zerbitzuetara iristeko muga larriak. Hori dela eta, egungo lurralde antolaketa zeharo aldatu behar delakoan nago. Aldaketak, batik bat, Hegoaldeko Foru Aldundien eskumenetan eman behar dira. Foru Aldundien eratsi-prozesu bati ekin beharko genioke, udal eta nazio erakundeen mesedetan.

Euskal Herri konfederala gure izaerari eta gure beharrei egokien erantzuten dien eredua da. Baina, “lurralde historiko” ala “probintzien” konfederazioa baino, udalerrien gaitasun soziopolitikoan oinarria duen eskualdeen arteko konfederazioa interesgarriagoa litzatekeela uste dut.

Bestalde, sistema politikoak behar duen bersorkuntzarako, hots, benetako demokrazia ukan dezagun herritarrengandik hurbilen dauden erakudeek baliabide ekonomiko, juridiko eta politiko gehiago izan behar dituzte. Herritarrok erabakietan zuzen parte hartu ahal izan dezagun, udalek botere politiko gehiago eduki behar dute. Behar sozialei hobeto erantzuteko eta ekonomiaren kontrol sozial eta demokratikoa bermatzeko, udalak eta herritarrok ahaldundu behar ditugu. Ez da aski ordezkaritza sistema hobetzea. Herritarrok eragile aktibo bilkatu ezean, balizko aldaketak azalekoak baino ez dira izango. Aktibo izan gaitezen leku erosoena, eskuragarriena eta naturalena udala-auzoa dugu. Prozesu partehartzaileen sorburua tokian tokiko erakundeetan koka ohi dira. Oinarritik abiatutako prozesu partehartzaile horiek eremu handiagoetara zabal daitezke eta aldaketa estrukturalak lortu.

Katalunia eta gu

Bere gazi-gozo guztiekin, inbidia handiz ikusten ari gara Kataluniako prozesu demokratiko eta askatzailea. Han, herri ekimenek hasi zuten eraldaketa. Euskal Herrian, berriz, egun, osagarriak bestelakoak dira. Haatik, ez gaude inondik inora Katalunia duela 6 urte zegoen baino baldintza okerragotan.

Euskal Bideari ekiteko moduan gaude. Han herri ekimenek baldintzatu zuten agenda. Egindako lanaz Parlamentuak berak ardura hartu behar izan du, politikarien asmoak gaindituz. Hemen, oraingoz , herri-ekimenak apalak dira. Aldiz, sindikatu sendoak eta ondo errotutako talde politikoak baditugu.

Gidari, buru anitz eduki behar dituen koordinakunde baten beharra dugu. Eraldaketa sozialak eta nazio askapen prozesuak erakunde batzuen laguntzaren premia ere badute. Udalbiltza birsortua eta berrindartua izan daiteke Euskal Bideak behar duen gidari nagusietako bat.

Udalbiltzaren birfundazioaren beharra Udalbiltzaren birfundazioaren beharra

Donostiarra Pasaiaratua.

3 pentsamendu “Udalbiltzaren birfundazioaren beharra”-ri buruz

  • Arrazoi handiak testu honetan. Gakoa, Udalbiltzak instituzio ofiziala ez den heinean zein funtzio bete eta hortik abiatuta zer egin dezakeen ezartzea da. Nire ustez erakundeek kolonialak izanagatik ipar-hego harremanak indartzeko asko balio baitezakete.

    Ekonomikoak dira gehien interesatzen zaizkidanak (diruak mugitzen du mundua, azkenean), hegotik iparrera turismo euskaltzaleak aukera asko eman baititzazke, tokiko elikagaiak kontsumituz laborariei lagundu, euskarazko kultura bultzatu, landetxeen formularen bidez etxaldeen salmenta gelditu… eta denborarekin hegoalde eta iparraldeko gazteak elkar ezagutzearen poderioz abizenak berriz nahastu, herri normalizatu baten moduan. Nazio eraikuntzarako aukera bikaina ikusten dut nik hortan. Jarduera ekonomikotik aparte, alabaina, ikasleen egonaldiak, kultur trukaketak…aukera mordoa dago ustiatzeko. Pirinioetarako garapen plana adibide polita da gauzak nola ongi egin daitezkeen erakusteko.

    Finantziazioa dugu arazoa halabaina. Hautetsi abertzaleek, oinarritik hasita gorengo mailaraino, beren soldata ofizialaren zati handi bat nazio eraikuntza proiektu honentzat bideratzea proposatzen dut. Beraiek eta kide diren alderdi edo koalizioak egiazki abertzaleak badira neurri hau hartzeko prest egon beharko lukete, are gehiago herri hau dagoen egoera larrian egonda. Ongi izan

    • Kaixo Mikelats:
      Kopurua ez dut ondo gogoratzen , baina Udalbiltzaren hasierako urteetan udaletako eta Aldundietako aurrekontuetatik portzentai jakin bat nazio erakundearenzat ziren. Bideetako bat hori da. hala ere, diru iturri handiena aipatutako Aldundien “eraitsi_prozesu”tik izan liteke. Bestalde, egungo hautetsien soldatetatik ekarpen bat ez legoke gaizki (herri txikietan gehienek ez dute ezer kobratzen, eta herritarron hileroko kuota ez da baztertzeko beste aukera bat.

      Udalek kudeatzen dituzten zergak “apurrak” besterik ez dira. Zerga garrantzitsuenak Aldundietatik kobratzen dira. Gainera Aldundiek egiten duten banaketa oso eztabaidagarria da. Ezagutzen ditudan bi adibide:

      1- Pasaia, Donostiako batez besteko errenta, erdia. Biztanle bakoitzeko Aldundiak ematen duena: 500 euro

      2- Donostia; esan bezala, errenta bikotza eta Aldundiak biztanleko 1.000na euro urtean.