Udalbiltza eta Egunkaria, antzeko prozesuak, amaiera berdina?

Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurkako polizia-operazioa agindu, 13 lagun atxilotu eta egoitza publikoak itxi zituenetik zazpi urte eta erdi igaro dira.  Ahozko epaiketa orain dela bi hilabete amaitu zen eta bihar jakinaraziko du Gomez Bermudez epaileak epaia, auzipetuek ez dute Madrilera joan beharrik izango horren berri izateko.  

Denboran, moduetan, akusazioetan… Egunkaria auziak eta Udalbiltzarenak antz handia dute. Egunkariaren epaiak, gainera, Udabiltzako auzipetuak absolbitzeko arrazoiak ematen ditu.  

Egunkariaren sententziako punturik esanguratsuena hau da Udalbiltzari dagokionez: Egunkariaren auzian Guardia Zibilak indizio hutsak zituela eta frogak falta zirela demostratu zuen defentsak auzipetuak aske gelditzeko, eta hala dio sententziak: “abiapuntuan aurrez pentsaturiko sumo bat zegoen –ETArekiko lotura” eta horrek ekarri zuen “aztarnak, frogak eta seinaleak bilatzea, eta azkenik, ondorioa babesten ez duten edozelako zentzu edo esplikazio baztertuz”. Hori berau Udalbiltzari lotu dakioke.

Bigarrenik, ez Egunkariaren kasuan ezta Udalbiltzarenean ere ez zaie delitu-ekintzarik egozten. Gomez Bermudezen epaiak zioen Guardia Zibilak zituen iritzi eta aurriritziak ez zirela aski auzipetuak zigortzeko, Egunkariaren ekintzetan ez baitzegoen deliturik: “Edukietan ez zitzaion inori mehatxu edo koakziorik egiten, ez zen deliturako deirik egiten, ezta ekintza terroristen edo horien egileen apologiarik egiten, eta ez zen kalumniatzen ezta injuriatzen ere”. Eta Udalbiltzaren ekintzetan ere ez da deliturik inputatzen.

Egunkariaren kasuan eta Udalbiltzaren kasuan Guardia Zibilek froga gisa erabili zuten bai egunkaria eta baita instituzioa ere ETAren hausnarketen agertzen zela. Gomez Bermudez epaileak, alabaina, ETAk Egunkariaz gogoeta egitea “transimisio eta informazio” oharrak direla dio, eta ez loturarik frogatzeko baliagarri.

Egunkaria eta Udalbiltza loturik agertzen dira, baita ere, 2001eko Zutabe batean Bixente Lizarazuri ETAk “laguntza eskatzen” dionean “euskal komunikabideentzat, Udalbiltzarentzat…” Baina Auzitegi Nazionalak datu hori ere ez zuen aintzakotzat hartu Egunkaria auzian.

Egunkariaren sententziak dioen hau ere esanguratsua da Udalbiltzari begira: “ETAren ubikuitatea defendatzea euskal kulturan, engainu interesatua da”

Eta azkenean bai, amaiera era berdina: Absoluzioa. Gomez Bermudez epaileak jakinarazi du ez duela deliturik ikusten Udalbiltzako auzipetuen lanean, eta absolbitu egin ditu.

Berriak eman du albistea.

Udalbiltzari babesa erakusteko manifestazioa

Irudia | Udalbiltzari babesa erakusteko manifestazioa | ezezaguna | LGPL

5 pentsamendu “Udalbiltza eta Egunkaria, antzeko prozesuak, amaiera berdina?”-ri buruz