“Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” jardunaldia

Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak –

Euskal Herrian energia komunitateen sorrera sustatzeko gakoak eta erronka nagusiak azaleratuko dituzte hainbat adituk eta hautetsik Udalbiltzak antolatuko dituen mintegietan

  • Euskal Herriko udalerriak burujabetzaren bidean jartzeko helburuarekin, “Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” jardunaldia antolatuko du Partzuergoak, azaroaren 13an, Orona Fundazioan.
  • Hitzorduan dagoeneko Euskal Herrian abian diren hainbat proiektu ezagutzeko aukera egongo da. Antzeko ekimenak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridiko, ekonomiko eta sozialak mahaigaineratuko dira bertan.
  • Ekitaldian energia komunitateak sustatzen aitzindariak diren Greziako hainbat proiektu aurkeztuko dituzte Electra Energy kooperatibako ordezkariek.

HERNANI: Euskal Herriko udalerrietan Energia burujabetza proiektuak sustatzeko helburuarekin, Udalbiltza Partzuergoak “Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” mintegia antolatu du azaroaren 13an, Hernaniko Orona Fundazioaren eraikinean. Hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta dauden jardunaldietan, energia proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren gako juridikoak eta burokratikoak landuko dira.

Mintegiak dagoeneko abian diren zenbait proiekturen erakusleihoak izango dira, hala nola Hernaniko (Gipuzkoa) eta Urarteko (Araba) Energia komunitateak, Irurtzungo (Nafarroa) energia lanketa eta Hergaraiko (Nafarroa Beherea) Sugarai biomasa kooperatiba. Hitzorduko hitzaldi nagusiak Greziako esperientzia aztertuko du, Electra Energy Renewables kooperatibaren eskutik. Izan ere, herrialde heleniarra aitzindaria izan da Europa mailan, energia komunitateak arautzen lehenak izan baitziren 2018an, besteak beste, autokontsumoa sustatzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko.

Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea”. Horrez gain, “energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa” dela adierazi du. “Esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko” balioko du mintegi honek, bere hitzetan.

Egitarau aberatsa

Mintegiak lau hitzaldi eta bi mahai-inguru izango ditu, eta bertan Euskal Herriko zein nazioarteko adituek, ekimen zein proiektu energetikoetako kideek, irakasle zein politikariek hartuko dute hitza. Hernaniko alkate Xabier Lertxundik harrera-hitz batzuk eskaini ostean, Asurmendik mintegi hau antolatzearen arrazoiak eta Udalbiltzak energia burujabetzaren alorrean dituen erronkak azalduko ditu. Ostera, ingeniari eta energia berriztagarrietan aditu Xabier Zubialdek energia komunitateen inguruko kontzeptu nagusiak argituko ditu hasierako hitzaldian.

Aurkezpenaren ostean, lehenengo mahai-inguruari egingo zaio lekua. Energia Berriztagarrien proiektuak. Erronkak eta gakoak izeneko jarduerak, energiaren alorreko proiektu ezberdinetako kideen ahotik esperientzia horiek ezagutu eta bakoitzaren indarguneak eta bidean topatutako zailtasunak azaleratzeko balioko du. Bertan izango dira Urarte Kontzejuaren energia komunitateko lehendakari Iñaki Vallés; Hernaniko hautetsi Mattin Aldaia, bertako energia komunitatearen ordezkari gisa; Irurtzungo alkate Aitor Larraza, udalerrian egindako energia lanketari buruz hitz egiteko; eta Sugarai kooperatibako lehendakarikide Peio Harlouchet, euren biomasa ekimena aurkezteko. Moderatzaile lanetan Mirari Antxustegi kimika- eta ingurumen-ingeniaria egongo da.

Kafea hartzeko atsedenaldia egin aurretik, aparteko interesa duen azken jarduera bat egingo da. Grezian kokatutako Electra Energy Renewables kooperatibako bi kide gonbidatu ditu Udalbiltzak euren proiektuari buruz hitz egiteko. Miriam Rodriguezek eta Ignacio Navarrok, kooperatibako lehendakariak eta proiektu-buruak hurrenez hurren, Greziako Energia Komunitateen Legea azaldu eta horrek euren jardunean izan dituen ondorioak plazaratuko dituzte. Greziako energia politiketarako izan den aurrerapausoa eta eramangarriak izan daitezkeen hainbat ekimen azalduko dituzte.

12:00etatik 12:40era atsedenaldia egingo da, mintegia amaitu aurretik falta diren beste hiru jarduerak indarrez hartzeko. Ostean, Alazne Arrutik eta Iban Lizarraldek, GoiEner eta I-Ener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumorako kooperatibetako kideek hartuko dute hitza. Euren hitzaldiaren helburua udal energia proiektu komunitario eta burujabe bat eraikitzerakoan aurki daitezkeen erronka burokratikoak argitzea izango da, baita Euskal Herriak frantziar eta espainiar Estatuen baitan duen testuinguru juridikoa aztertzea ere. Azken aurreko hitzaldian, GoiEner eta I-Enerreko kide berberek energia proiektuak finantzatzeko EAEn, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta Europan aurki daitezkeen aukera ezberdinak azalduko dituzte.

Jardunaldiari bigarren mahai inguru batek emango dio amaiera. Etorkizunari begira, zer? Galderatik abiatuta, energia komunitateen erronka nagusiak (juridikoak, ekologikoak eta sozialak) aztertuko dituzte hainbat gonbidatu berezik: Aitor Urresti, EHUko irakaslea; Maitane Arri, Ekologistak Martxan elkarteko kidea; eta Idoia Zulet, Arankoa Abokatuak bulego juridikoko abokatua.

Izen-emateak gaurtik aurrera egongo dira zabalik, edukiera bete arte. Horretarako, interesa duen hautetsi, udaleko teknikari, proiekturen bateko kide edo norbanako orok esteka honetan eta Udalbiltzaren webgunean topatuko duen inprimakia bete beharko du.

“Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak” jardunaldia

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra