Txus Congilek Ezker Abertzalearekiko 1983an zituen iritziak eztabaida batetarako

L. Bastida eta I. Zubiondok eginako elkarrizketan, 1983ko udal hauteskundeetan Ezker Abertzaleak izandako beherakada dute abiapuntu. Congilek, Ezker Abertzalearen baitan dituzten eztabaidak haizatzen ditu, porroterako arrazoiak zerrendatzearekin batera.

Sarreran, Congilen irizpide batzuek egun ere balio dezaketela esan dut, eta horrelako esaldiengatik esan dut: “Bere izenak dioen bezala H B “Herri Batasuna”, da, erdaraz esaten den “Unidad Popular”, eta eritzi askotako jendea biltzen du.” Congilek, bere horretan, Herri Batasuna herri mugimenduaren ordezkaritza gisara ikusten zuen, baina ez 1983an, ez azken urtetan, ez orain, funtzio hori ez duela gauzatu dirudi. Congilek, 1983an, jada, ikusten zuen Ezker Abertzalearen itxiera, nola barne faktoreengatik hala kanpo faktoreengatik: “batetik HB itxi egin dela egia da, ez dugu lortu gero eta sektore gehiagotara zabaltzerik… Baina radikalizazioa pentsa ezazue ez dela gure aldetik eman, gertatu dena besteen eskuineratzea izan da. Abortoaz, burruka harmatuaz,… orain dela urtetako postuladu beretan gabiltza. Beraz, besteen eskuineratzea eman da gehiago. Irudi arazoa izango da gehiago, behar bada, eta horrek badu bere garrantzia hauteskunde batzuetan.”

Noiz hasi zuen ordea Ezker Abertzaleak herri ordezkaritza politikoa izatetik, alderdi politiko “arruntagoa” izaterako aldaketa? Congilek barne faktore horiek aipatzen dituenean, zeri buruz ari da? Orduko antolamenduaren ahultasunaz bakarrik? Kanpo faktoreak, egia da, asko aldatu dira azken urtetan, nabarmen gogortuz prentsaren, justiziaren eta gainerako alderdien aldetik Ezker Abertzaleari zuzentzen zitzaizkion kritikak.

Ezker Abertzalearen irudia

Kazetariek egindako galdera interesgarrien artean Ezker Abertzalearen irudiarena dago. Ze irudi zuen orduan eta zein orain? Hauteskundeetan lortutako emaitzak termometrotzat har baditzakegu behintzat, nabarmen aldatu da denboretan, itxaropen piztaile eta aldaketarako giltza izan baita zenbaitetan, eta testuinguru politiko/historiko zailen “errudun” beste batzuetan. Bere baloreei lotua agertu da ia beti ordea, nahiz eta, Congilek, arrazoiz, gainerako indar politikoen mugimendua ere ikusten zuen: “Ez da ordea HBren arazoa bakarrik, bere erizpide independentista eta sozialistak mantentzea. Zergatik planteatu du bestela PNVk holako irudi nazionalista ia independentzia zalea, bere benetako praktikatik hain urrundua? Zergatik, hegemonia lortzeko baino? Izan ere, joko honetan karta batzuk jokatzen ditugu guk, baina baita besteek ere berenak. Orain, arazo bat aitortu behar dugu: organizazioaren ahultasuna. Ez dugula lortzen laguntza juntetara gero eta jende gehiago inguratzeko zabaltasun dinamika bat, askotan militanteen ingurura mugatuak geratzen garela.”

Marjinazioaren arriskua

Ilegalizaziorik aurreikusi ez zitekeen garaia zen 1983a. Hala eta guztiz ere, kazetariek Ezker Abertzalearen marginalizazio posible batetaz galdetzen zioten Congili. Ezinezkotzat zuen hark hori, masari eta jendeari lotzen bazitzaion bederen Ezker Abertzalea. Bistan denez, masa hori desegin egin da, barne fenomeno eta kanpo fenomenoak (jendartearen aldaketa, kultur politikoaren iraultza) aldatu direnean: “Marjinalizazioa ez da posible dinamika masei begira eta masetatik antolatzen baduzu. HB eta KAS ezin dituzte neutralizatu (borroka guztiak, harmatua ere bai) bakarrik erakundeak, botoak, errepresioa, erabiliz. Bide bakarra, marjinatzeko bide bakarra, masetatik apartatzea da.”

Bestelako hutsuneak

Congilek hala ere, bestelako faktore batzuetan ere sartzen zuen hatza elkarrizketa hartan. Hala nola, gazteak bozka ematera erakartzeko eta etorkinen eta haien ondorengoekin harremanak izateko zailtasunean, edota Ezker Abertzale beraren burokratizazioan.

Ez dut esango Congil bisionarioa zenik, baina Ezker Abertzaleari egiten zizkion kritika (autokritika) batzuetan asmatu egin zuen. Bere aldetik, Herri Batasuna asmotik urrundu ez zedin, mugimendu asanblearioari indarra ematea eta kalean iniziatiba berreskuratzea proposatzen zituen egoera hori aldatzeko. Kalearen garrantzia globala desagertuta (politika jada ez da kalean egiten) eta Ezker Abertzaleak bertan duen oihartzuna ere nabarmen gutxiagotuta, ze bide geratzen zaio Ezker Abertzaleari, mugimendu gisara, bere baloreetan birsortzeko?

Txus Congilek 1983ko elkarrizketa batean

Irudia | Txus Congilek 1983ko elkarrizketa batean | Ezezaguna | LGPL

Zer duzu buruan “Txus Congilek Ezker Abertzalearekiko 1983an zituen iritziak eztabaida batetarako”-ri buruz