Txosnak nora?

Gurekin Jai batzordea da sanpelaioetan eta Euskal Jaietan Zarautzen txosna gunea antolatzeaz arduratzen den elkartea. Sorreratik udalarekin harremanak zailak izan dira, baina, egoerak okerrera egin du urtez-urte, eta iaz, zailtasunek arriskuan jarri zituzten txosnak.

Lehenik diru laguntzak kendu zizkieten, txosnetan politika egiten dela argudiatuz. Hainbat alditan, fidantzak ez dizkiete itzuli, ordutegiak errespetatu ez dituztela edota aldarrikapen politikoak egin dituztela esanez. Iaz, baldintza gogorrak sinatzera behartu nahi izan zituzten, negoziaketarik gabe, nahiz eta azkenean udalak Gurekin Jairekin elkartzea onartu zuen eta baldintzak zertxobait leundu zituen.

Hondartza alboko Munoa plaza, sanpelaioetan txosnen ohiko kokagunea izan dena ere ukatu zitzaien iaz eta erdigunetik urrundu nahi izan zituzten gazteak.

Urte osoan zehar bertan ekitaldi asko antolatzen direla eta bizilagunak ez nekatzeko hartu zuen udalak erabaki hori. Horixe izan zen behinik behin erabili zuen argudioa. Udalak antolatutako ekitaldi guztiak, ordea, bertan ospatu zituzten, bizilagunen nekea, eta kexuak kontutan hartu gabe.

Negoziaketen ostean, bi urtetik behin txosnak munoan jartzeko baimena izango zutela agindu zuten orduan udaleko ordezkariek. Aurten ordea, udalak, beste behin, Munoa plaza ukatu nahi die txosnei. Eta txosnak jartzeko baldintza ezarri dute: “Aldarrikapen politikoak kentzea”.

Gurekin Jaikoek “Txosnak noa? Txosnak Munoa!!” kanpaina abiarazi dute euren kokagune mitikoa berreskuratu asmoz. Iragan igandean aldarrikapen hori zabaltzeko bideoklip herrikoia grabatzeko deialdia egin zuten eta deialdiak sekulako arrakasta izan zuen. 500 bat lagun elkartu ziren herriko kaleetan txosnen alde. Hona hemen bideokliparen aurrerapen bat:

http://www.youtube.com/watch?v=6NkCkJt00bk

Txosnak nora?

Irudia | Bideoklip herrikoia | zz | Creative Commons By SA