Txoriak

Txoriak –

Txoriak aditu ditut hirian. Txoriak baizik ez. Isiltasuna sigi-saga barreiatu da hiriburuan. Ikusi ezin dugun birus ñimiño batek eragin ikusgarria izan du. Ez da inor kalean. Ia inor ez.

Txoriak
Arg: James Lee, Flickr

Ospitalean ez da txoririk aditzen. Ospitalean erien eta osasun langileen joan-etorri urduriak aditzen dira, beldur zirimola batean.

Autobus hutsek zeharkatzen dituzte errepideak. Fabrika askotan ere ez dira txoriak_aditzen. Makinen harrabotsa da nagusi, eta langileak pilatzen dira babes neurriz gabeturik.

Mundua hein handi batean gelditu da, baina ez dira gelditu zaintzaileak. Gelditu litezke mila jarduera ekonomiko, baina bizitza gelditzen ez den bitartean, ezinen dira zaintzak gelditu.

Polizia harrotu egin da eta militarrek karrikak okupatu dituzte beste behin ere. Indarkeriaren monopolioa inposatu digute. Gerra dabil politikari nazionalisten ahotan.

Birus ñimiño batek hankaz gora jarri du gure bizitza eta txoriak aditu ditut hirian. Txoriak baizik ez.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2020ko martxoaren 27koa]

BARDO GORRI NAFARRA