Txori kontuak

images.jpg
Edo Pájaro kontuak, ez nekien oso xuxen zein titulu aukeratu gaurko zutaberako. Kontua da, inbidia ematen didatela informazio pribilejiatua eduki eta maneiatzen duten kazetari horietako batzuek. Zerbait aireratzen denean, edo gertatzen denean, batez ere politikaren mundukoa bada, nik banekien hori lehenagotik, esan ohi dute. Agenda potolo-potoloa edukitzen dute eta ez zaie batere gustatzen inor alboan edukitzea telefonoz ari direnean. Ni ez naiz horien kastakoa, bistakoa da hori. Baina aitortuko dut, hala ere, bizpahiru aldiz eduki izan dudala nire bizitzan, beste edozein kazetarik baino lehen, garrantzizko albiste baten notizia. Sanson sentitzen zara halakoetan, eta grazia egiten dizu hedabideetan ikusten duzunak: hauek denek ez dakite fitsik, esaten diozu zeure buruari.
Horietako bat gertatu zait aste honetan. Txori txiki batek esanda nekien Imazek ez zuela bere burua aurkeztuko EBBko presidentetzara. Areago, erabaki hori ez zela egun hauetakoa ere banekien, duela hilabete asko zegoela hartua. Horregatik, PNVaren ponentzia argitaratu bezain azkar, komentarista eta ilustre guztiek Imazen presidentetza erraza zegoela esan eta idatzi zutenean, irribarreak baino, algara zantar batek egin zidan ihes ezpainetatik. Hauek ez dakite ezer, pentsatu nuen zikinki, eta nik bai. Kazetari ia guztiek, orojakilearen eskuarekin idatzi zituzten asteazkeneko euren lanak letra handitan: Imaz izango da txapeldun.
Larunbateko zutabe honetan erabili asmo nuen nekien apurra. Esan behar nuen, ezetz Imazek bere burua aurkeztu EBBra, baina aurreratu egin dira gertakizunak. Orain litekeena da zuk, irakurle, pentsatzea neu ere listoarena egiten nabilela eta diodan guztia itxurakeria baizik ez dela. Zin dagit ezetz, ordea, atera bainion fruitua nekien apurtxoari. PNVko lagun Egibar-zale batekin nintzen bazkaltzen, eta hari esan nion, egunkariek bestela bazioten ere, Imaz ez zela aurkeztuko presidentetzara. Hobe bai hala balitz!, erantzun zidan deblauki, oso kezkatua baitabil nire lagun hori bere alderdiaren ibilera errariarekin, eta orduan bota nion apustua: bazkari bat jokatzen diat, jatetxe honetan bertan. Eta eskua eman genion elkarri apustua itxiz. Bingo, beraz.
Kontuak kontu, beste apustu bat botako diot bazkari horretan, baldin eta zorra ordaintzen badit. Gaur denek diote Urkullu izango dela aukera. Nik ezetz. Eta ez da oraingoan ere informazio pribilejiatua daukadalako, bai zera, baizik eta usain garratz bat sumatzen hasia naizelako bazterretan. Neuk galtzeko asmotan botatakoa izan daiteke, agian, baina horrela bizi gara, batzuetan galdu eta beste batzuetan irabaziz: baietz hemendik Abendura bitartean Urkulluren aukera zapuztu, eta beste bat jarri haren aurretik. Ezetz esango dit lagunak, hori guztia paktatuta dutela alderdi barruan honez gero, eta onartu egingo dit trabesa, baina, ai, ai, ai, ez da kontua oso urruti ibiliko!

Hasier Etxeberria. El Mundo. 070915
Hemen eta hemen Imazi buruz lehenago blog honetan idatzitakoak.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)