Txondorraren ikasgaia.

images.jpg

Batzuetan garena izatea baino beste erremediorik ez zaigu geratzen. Nire kasuan: kalekumea. Beti baserritar girotik hurbil, baina beti kalekume. Oso gogoko dut, hala ere, ironiaz eta elipsiz betetako izaera menditar hori. Beti irteten naiz galtzen haien liturgietan muturra sartzen dudanean. Iruditzen zait aski ezagutzen dudala baserri jendea, etxetik bertatik datorkidala hori, baina, bai zera! Ez zait sekula burutik kenduko Txondorraren ikasgaia deitzen dudan gertaera bat. Oiartzun aldeko mendietan izan zen, duela hamabiren bat urte. Basagizon zahar batzuk ekarri zituen hango kultur elkarteak, azken txondorra izango zena egitera. Han joan nintzen ni, kamera eta guzti, operadorea eta kameraria lagun nituela. Halako gertaera antropologikoaren testigantza jaso nahi nuen telebistarako. Parajea, eguraldia eta giroa zoragarriak ziren. Eginkizunean ziharduten gizonen artean, gainera, denetik zen: burutsua, basurde pikaroa, mutua… Gure lana daukagunok berehala jabetzen gara nori atera behar zaion zein hitz mikrofonoa jarrita. Ederra izan zen eguna, baina kezka bat nuen nik. Txondorraren piztuera grabatua nuen, baina hura guztia noiz amaituko zen behar nuen jakin, ahal bazen kamerekin etortzeko ostera ere, ikatza grabatzera. Hala, ba, basurde pikaroarengana joan nintzen. Banekien erdi bertsolaria eta erdi berritsua zela herren potolo hura, lau korapilo egindako zapi izerditua buruan jarrita zeukan huraxe. Zahatoa gogoz estutzen zuen, limoi azala balitz bezala. Antzematen nion, bere neurri basokoetara makurtzen zekiela mundua. Hantxe zegoen, makila gainean bermatua, egun guztiko lan nekagarriaren ostean. Kosta ahala kosta txondorraren berri galdegin nahi nion:

– Noiz arte egongo da txondorra piztuta?

Irudikatzen nuen nire erreportai bikainak amaiera duina ukango zuela halako gauza bat jakin eta grabaketa ekipoekin berriro haraxe joatea lortu ezkero. Zirkulua itxita geratuko zen, egurretik ikatzera. Borobila oso nire asmoa. Deblauki erantzun zidan:

– Hau noiz arte piztuta? —eta arnasa gogoetatsu baterako astia hartu ondoren—, Itzali arte!

Algara gailendu zen basoan. Arbolek,  zakurrek, mutuak eta han ziren guztiek egin zuten barre kalekume honen kontura. Baita neronek ere.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)