TXOMIN aurrera bolie!

TXOMIN aurrera bolie! –

TXOMIN aurrera bolie!
Jokin Urain Larrañaga. Gara. 2021.

Liburu mardula da; nik hemen ohartxo batzuk bakarrik komentatuko ditut. Hau irakurtzen dutenen artean, seguru askok badakitela Txillardegik Txomin Iturbe Abasolo miresten zuela; Telesforo Monzonek Jose Miguel Beñaran Ordeñana “Argala”; eta Piarres Larzabalek Jose Manuel Pagoaga Gallastegi “Peixoto”. Gagozkion liburuak jasotzen du Txillardegik nola erretratatu zuen Arrasateko Etxazuri baserriko semea zen Txomin: 

Iparraldeko urteetan apur bat tratatu orduko berehala erreparatu nuen berezko buruzagi horietakoa zela Txomin. Oso hitz gutxikoa, bere iritzietan arrunt irmoa, dotorekeria guztien etsai amorratua, ahoa ireki ere gabe biltzen zituen denak beregana. Euskalduna errotik, baserriko semea bera ere, euskaltzalea osoki, ideia bakar batzuetan gidari eta eragile: Euskal Herriaren askatasuna. Eta horretan egon da hil arte.

Desbideraketa ideologikoen garaian ETAra sarturik, sekulako mesfidantza gordetzen zuen teoria ederregiekiko. Pragmatiko hutsa, euskara ikusten zuen gure herriaren habe nagusitzat. Euskararik gabe ez dago soberaniarik eta ez kristorik, esaten zuen (357or.).

Hil baino hiru bat hilabete lehenago (1986ko azaroa) Luis Nuñez Egin-eko erredakzioburua joan zitzaion Aljeriara elkarrizketa egitera –artean ez zegoen “euskaldunon egunkaririk”–, eta Luis Nuñezek honela galdeturik euskararen egoerari buruz: “Gaur egun euskara zertan dagoela uste duzu? Hegoaldeko autonomi estatutuek, Baskongadetakoak eta Nafarroakoak alegia, euskarari irtenbiderik eskaintzen diotela uste al duzu, bere normalizapena eta berreskurapenerako urrats bat direla edo?“, honela erantzun zion:

Euskara ataka txarrean dago, bai kalean, bai komunikabide gehienetan, bai irakaskuntzan oro har, eta jeneralean. Estatutuekin josi duten adabakia ez da irtenbide nahikoa, euskara berreskuratu ahal izateko askoz ahalegin handiagoa behar luke, eta horretarako beste oinarri politiko batzuk, gaurkoetatik zeharo ezberdinak.

Euskararena, beste gauza askoren gisan, arazo politiko global baten barnean ikusi behar da. Benetako Estatutu bat behar luke, berreuskalduntze plangintza zabal bat. 

Hori hementxe konprobatu ahal izan dut, Aljerian. Hemendik frantsesek aldegin zutenean, frantsesa gelditu zen hizkuntza nagusia, diferentziarekin ere, eta orain arabiartze prozesu bat dago, logikoa denez. (…)

Beren etxean nagusi egin direnean, hizkuntzaren arazoari buelta eman diote; nekez eta zailtasunez baina buelta eman diote. (…) Ez badugu subiranotasun politikorik lortzen, euskarak behar duen maila ezin iritsiko du, sekulan. Hori garbi dago. Horretarako geure buruaren jabe izan behar dugu, euskara bere mailan jartzearren. (317or.)

Adierazgarria da euskaraz egin zen elkarrizketa hori lehenbizi erdaraz argitaratu izana (1986-11-26an); eta euskarazko jatorrizkoa, Txomin Iturbe hil 1987ko otsailaren 27an eta handik hiru egunera, martxoaren 2an.

Heriotza horren berri zabaldu zenean, Eusko Jaurlaritzak ohar batean honako hau adierazi zuen: 

oraindik ezagutzen ez diren zirkunstantziatan gertatu den Txomin Iturbe Abasoloren heriotza, edozein balorazio pertsonaletik harago, garrantzi politiko handiko gertaera da –eta honela jarraitzen zuen aurrerago–: Frankismoaren garai beltzenetako batean erakutsi duen borrokalari grina eta eskuzabaltasuna onartzen dio Eusko Jaurlaritzak Iturberi. Era berean, esan beharra dago, zinezko irtenbide negoziatu batera iristeko Txomin Iturbek zuen borondatea egiaztatzeko aukera izan du Gobernu honek. (361-362orr.)

Seguru nago burura etorri zaizuela honezkero niri etorri zaidana: egungo Eusko Jaurlaritzak ez zuen inondik ere horrelakorik adieraziko “frankismoaren garai beltzenetako batean erakutsi duen borrokalari grina eta eskuzabaltasuna”. Badakizue: “ez zuen gertatu behar”!

2011ko urtarrilean ETAk su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra iragarri ondotik, urte hartako maiatzean “Gara”-rentzat elkarrizketa egin zion Fermin Munarrizek Xabier Arzallusi. Elkarrizketa hartan esan zuen Arzallusek estimazio pertsonala izan ziola Txomini: “Argi ikusi nuelako abertzalea zela, historiarik gabe, ez marxismo-leninismo eta ez ezer, bera abertzalea zen; hori jada antzekotasun handi bat zen niretzat. Eta komunikazio erraza izan genuen” (267or.).

Behin Biarritzeko Jai Alai frontoian egin zuten bat Txominek, ETAren ordezkari gisa, eta Arzallusek, EAJren ordezkari. Bilera amaitzean, Arzallusek galdetu omen zion noiz elkartuko ziren berriz, eta honela erantzun omen zion Txominek:

– Ni baserritarra naiz, eta “artaburista” naiz; baina gauza bat esaten dizut: zergatik denok ez dugu egiten independentziaren alde? Zuek daukazue irabazteko gehien. Zuek zarete gaur egun gehiengoa. Zergatik ez dugu egiten hori? Beldurra daukazue independentziari? Egin apustu hori!

– Errespetatuko duzue hori, ala? -Arzallusek atzera.

– Zuek zarete gehiengoa, goazen independentziara eta zuek izango zarete boterean. Irabazleak izango zarete, eta gu orain bezala egongo gara. Goazen denok! (268or.)

Bestera etorriz, entzuna izango duzue Yoyes Txominen oniritzia lortzen saiatu zela Ordizira itzuli baino lehen, eta hark oniritzia eman omen ziola. Horretaz honela dio Txomini buruzko liburua idatzi duen Jokin Urainek:

Txominen oniritzia eta horren bitartez erakundearena lortzen saiatu zen Yoyes, baina Txominek erakundeko zuzendaritzaren iritzia eman zion, erakundearen iritzia bere iritzia zela azpimarratuz. Milafrankako ostatu batetik egin zuen Txominek Yoyesekin azken dei eta saiakeretako bat. Beste kide batekin afaltzera joanda, ostatutik telefonoz deitu zion Yoyesi, artean Parisen zegoenean.

– Ez egin hori –diotsa Txominek–; itxaron ezazu, hartu denbora… baina ez pasa bestaldera, ez egin hori. (310or.)

Ez dakit dei hori noiz egingo zion Txominek Yoyesi, baina Yoyes 1986ko irailaren 10ean hil zuten etakideek eta Txominek Luis Nuñezi urte hartako azaroan honako hau esan zion: 

Era berean gauza jakina da, gure borrokan edozeinek parte hartu dezakeen bezala, uzteko erabakia ere, norberak hartu dezakeela, nahi duen momentuan gainera. Inor ez dago behartua honenbeste edo horrenbeste emateko borrokari, alegia bakoitzak ahal duela uste duena ematen du eta bale (320or.).

Irizpide hori ez zioten Yoyesi aplikatu.

Txikia, Argala, eta beste batzuk giltzarri izan dira ETAn, eta Jokin Urainen liburu honetan asko ikas daiteke Txominez, ETAren historiarekin batean –erakundearen historiaz jabetuak direnek jakingo dute historia horretan Txomini dagokiona bereizten–; besteak beste, benetan nola hil zen, ez baitzen auto-istripuz hil! 

TXOMIN aurrera bolie! TXOMIN aurrera bolie!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Zer duzu buruan “TXOMIN aurrera bolie!”-ri buruz

  • Zoritxarrez, abertzaleak desagertu egin dira euskal politikan, eta jende asko erreferentziarik gabe geratu da. Poltroneroak, proletarioak, txotxoloak, funtzionarioak,…. euskal klase politikoa nazkagarria da, benetan