Txitxirioen alde

Bi Euskal Herrietan apur bat ibiltzen garenok ohartuta gaude gure hizkuntza mendebaletik ekialdera pitzatzen duen urratua gero eta dela handiagoa. Bai, euskarak izanen ditu arazoak trumilka, baina diodan hau ere itzela du, ez balitz eta ez balego bezala jokatzen ohitu bagara ere: itsuak ez ikusteak ez du sasia desagertarazten.

Txitxirioen alde

Hain dira handiak gaztelania eta frantsesa eta euretatik eratorritako kulturak, irensteaz gain, kutsatu ere egiten dutela euskara, bestela izan ez zitekeen eran. Eta kutsatzen du bakoitzak bere modura, bakoitzak bere aldera eginez tira, egunetik egunera areagotuz arrakala, nola zabaleran, hala sakoneran.

Pitzadura horrek, arroztu egiten gaitu geure hizkuntzaren baitan. Hegoaldeko nor ez da sentitu atzerritar Iparraldeko zenbait lekutan? Eta bestekora, Iparraldeko nor ez da arraro sentitzen Hegoaldean? Niri, behintzat, hamaikatxotan zait gertatua, euskaldunok elkar ulertu ezin eta auzoaren hizkuntzara joan beharra. Domaia da, gero!

Oso polita da Sarriren poema hori non etsaiak euskararik ikas ez dezan, atzekoz aurrera esaten diren gauzak, dena ulertezin bilkatuz, baina gauzak ez daude puntu horretan, kamarada. Eguneroko bizitzak isurtzen dizkigun ikatza bezalako labe-zomorroetan dago koska.

Ibon Sarasolak ere aipatzen zuen halakorik, EUSKARAREN AJEAK izeneko liburuan. Dozenaka adibide ematen ditu, baina eskura ALTUERA daukat:

Altuera– Gaur Hegoaldean boladan dagoen hitz hau ez du tradizioan Uriartek baizik erabiltzen. Bestalde, ulertezina da Iparraldekoentzat. Nik konponbide gisa, garaiera erabili dut hiztegian. Garaiera honek ere ez du tradizio handirik, baina euskaldun guztientzat balio duen bakarra dirudi. Eta ez da hori gutxi.

Horixe ez dela gutxi, euskaldun ororentzat izan daitekeen hitza lehenenstea auzoko kulturek eragindako tartea handi ez dadin, ezen hori ere hala baita, tartea gero eta da handiagoa: pitzadura zenak, amildegi bihurtzeko tankera dauka.

Iparraldeko jende askorengan ikusten da bertakoan bertakotu nahi defentsazko bat, muzin eginez euskara batuari edo euskal komunikabide nagusietatik isurtzen diren hizkuntza ereduei. Hegoaldean, ostera, oso maiz aurkituko duzu gaztelaniak eragindako zabarkeria, ustezko modernitate batekin nahasten duenik, pentsatuz haize guztiak dituela alde…

Eta bien bitartean, denok elkarrengandik urrunago, batzuk motxila eta beste batzuk sakadoa, kamiseta eta tixorta, kortina eta erridaua…

Ez naiz ni garbizale, Jainkoak libra nazala halakotatik!, eta txitxirio hitza erabiltzen ez dut oraino ikasi. Baina ikasiko dut, bai horixe: garbantzu edo puaxixen artean hautatu behar badut, nik txitxirioen alde eginen dut. Badaezpada ere.

Txitxirioen alde

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)