Txiolarria

Horrenbeste urte igaro ondoren, azkenean esan dezakegu Abraham Maslow-ren Beharren Teoria (giza beharrak  mailakatzen dituena piramide batean) aldatzeko unea iritsi dela. Dagoeneko gizabanakoaren beharrak ez dira asetzen bizitzak aurrera egin ahala, baizik eta Twitterren gure erabiltzaile-kontua finkatzen doan heinean. Txiolarria dugunez gero, txiokatzeko beharrak eta Twitterrekiko maitasun-gorroto harreman horrek piramidea goitik behera aldatu dute.

Gizakiok ez dugu norbait izan nahi bizitzan edo gure inguruan, Twitterren baizik. Gure beharrak horretara mugatzen dira: Txiolandian murgiltzera eta honek ekartzen dizkigun hutsuneak betetzen saiatzera, gure burua osatzeko eta bizimodu duina izateko.

Oinarrizko beharretan, fisiologikoetan alegia, Twitterreko erabiltzaile-kontua izatea eta txiokatzea daude. Edozer gauza idatz daiteke, gure burmuinak gure behatzei idazteko agintzen dionetik gorputzak erantzun behar diolako. Bertan egon eta txiokatzea da gauza, bai ala bai. Arrautzaren abatarretik sex symbola dirudigun argazkira pasatzea dago behar hauen artean; biografia eta izen barrokoenak edukitzea; eta jakina, segundoro gertatzen zaiguna esatea (“Pixagura dut, komunera noa”).

Segurtasun-beharra gutxiengo jarraitzaile kopurua izatean datza. 50 inguru edukitzean, erabiltzaile bezala babesturik sentitzen gara, azkenean norbaitek ezagutzen gaituelako. Etapa honetan badakigu 50 pertsona horiei interesatzen zaiela komunera joan garela eta gu bezala, seguruenik haiek ere antzeko-parecido daudelako. Horrela, ikusten dugu ez gaudela bakarrik trollez beteriko munduan.

Adiskidetza-beharretan erantzunak jasotzea dago. Alegia, txiokatutako horretan zalantza edo galderaren bat ageri denean (“Pixagura dut, komunera joan beharko nuke?”) baten batek erantzuten baldin badigu lagunak ditugula sentitzen dugu. Konturatzen gara besteak larritzen direla pixagura dugulako, eta haien iritzia ematera ausartzen direla, gure onura bilatzen baitute (“Bai, joan zaitez komunera, bestela maskuria lehertuko zaizu”).

Onespena eta esker ona izateko beharrei dagokienez, bertxiotan dago gakoa. Guk idatzitako txioak behin baino gehiagotan bertxiotzen dituztenean, izaten ari garen arrakastaz jabetzen gara. Gure txioak gero eta erabiltzaile gehiagok ikusten dituzte, eta gutxinaka, famatuak bilakatzen goaz. Jendeak badaki pixagura dugula, eta horregatik egingo gara ospetsu. Alderdi jakin batekin identifikatu ahal izango gaituzte, eta jakina, onartu Txiolandian.

Piramidearen maila gorenean norberaren errealizazioa dago. Etapa honetan erabiltzaile bezala guztiz finkaturik gaude, famatuak gara eta iritzi-lidertzat jotzen gaituzte. Beste erabiltzaileentzat garrantzitsuak gara, beti irakurtzen dituzte gure txioak, adituak garela uste baitute. Horregatik, gure iritzia ezagutu nahiko dute gai ororen inguruan (“Pixaguraz asko dakizunez gero, iruditzen zaizu joan beharko nintzatekeela?”), gure txio guztiak bertxiotzen dituzte eta haien informazio-iturri nagusien artean egongo gara. Berriak helarazten dizkiegu eta miresmenez begiratzen gaituzte.

Txiolandiako beharren piramidean gora egiten dugun heinean, gu etengabe galdetzen eta bertxiotzen egotetik, besteek guri galdetu eta gure txioak bertxiotzera pasatzen gara. Txiolarria dugu, obsesionaturik gaude, piramidearen ertzera iristea da gure helburua bizitzan. Gaur egun bizirik balego, zer esango luke Maslow-ek?

Twitter

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

19 pentsamendu “Txiolarria”-ri buruz