Txillardegi, sasiak eta txaloak

Txillardegi, sasiak eta txaloak

Txillardegiren heriotza aspalditik espero genuen albistea izanagatik, zurztasun sentipena nagusitu zaigu euskaldun asko eta askori. Hainbeste dira harekiko ditugun zorrak, ezen eskas geratuko baita orain eman diezaiokegun aitortza eta esker ona. Pertsona bezala, euskaldun bezala eta irakurle bezala, zorretan gaude harekin. Ni bai, behintzat.

Heriotzaren albistea iritsitakoan, Euskal Telebistak beste zerbait egin nahi izan zuen albistegietan Txillardegiren soslaia eskaintzeaz gain. Elixabete Garmendia arduratu zen albistegietakoez eta profil biografiko bikain bezain hunkigarria eskaini zion gure telebista nazional bakarrak. Esan bezala, ordea, hori baino gehiago merezi zuen Txillardegik baina, igandea izaki, librantza zuten egun horretan ETBko artxiboetako langile gehienek,  eta ezin aurkitu inon Txillardegirekin eginiko azken saioak, Sautrela literatura saioak, bereziki. Izan ere, bai baitaude bat edo bi osorik berari eskainirik ez oso aspaldi.

Hala bada, duela 20 urte eginiko Ispiluan saio bat zegoen digitalizaturik eta emititzeko prest. Arratseko GaurEgun albistegiaren ondoren huraxe emititzea erabaki zuten, beraz, ETBko arduradunek. Eta ni dardarrez.

Txillardegi, sasiak eta txaloakTxillardegiri asko gustatu zitzaion nola geratu zen ordu erdiko erreportaje biografiko hura, eta topo egiten genuen ia guztietan aipatzen zidan. Izan ere, hustu egin zen Txillardegi erreportaje hartan eta, esan liteke, bere pentsamendu eta jokaera poliedrikoa, argi eta garbi geratzen zela bertan. Baina, esan bezala, ni dardarrez nengoen emisioaren aurretik, ez baita erraza duela 20 urteko baliabideekin egindakoa gaur egunean jasatea. Eta orduko inorantziarekin.

Izanak izan, aski ongi pasa zela esango nuke, eta irudia eta errealizazioa apartak ez baziren ere, Txillardegiren erretrato on bat ageri zen, baina ez bakarrik. Izan ere ahazturik dauzkagun errepresio eta jazarpen irudiak ageri dira bertan: kartzela, polizia nazionalaren ankerkeria, Muguruzaren atentatua, Monzon, Francoren heriotza, herri mugimenduak, Yugoslaviaren zatiketa, euskal industrializazioa eta inmigrazioa… Hitz bitan esanda, garai oso bat eta Txillardegiren biografia konprometituaren argazkia.

Muguruzaren atentatua ere gordinki aipatzen du Txillardegik. Muguruzaren figura emergentea goratu ostean dio, kolore guztietako politikariak agertu zitzaizkiela Herri Batasunako ordezkariei doluminak ematera, PNVkoen salbuespenarekin…

Erreportajea 1992garren urtekoa zen, EAJko Iñaki Zarraoa zen Zuzendari Nagusi EITBn eta, oker ez banago, Amatiño Zuzendari eta, Terminator Jauna deituko duguna, Programetako Zuzendari zirela.

Egongo dira okerragoak agian, baina Terminator Jauna izan da nik euskal hedabideetan ezagutu dudan gizonik kaltegarriena, eta ez bakarrik EAJko  ugazaben zerbitzari fidel izan eta zentsura eta zigorrerako joera berezkoa zeukalako, baizik eta ematen zuen pauso bakoitzean mediokretate itzelaren arrastoa uzten zuelako bazter guztietan, bareek lerdea bezala. Bere ugazaben beldurrez bizi zen gizona eta batere begirunerik gabe erabiltzen gintuen menpekoak.

Bera agintzen zela egin zen eta emititu zen Txillardegiri eskainitako Ispiluan hau.

Ispiluan saioa, biografiak kontatzeko tresna zen eta Itziar Azpeitiak egin zituen gehienak. Baina izan ginen beste batzuk ere lan hartara “bota” gintuztenak. Nik hiru atal egiteko aukera izan nuen: Luis Irizar sukaldari handiari eskainitakoa, Paul Dutournier Sarako Alkate Zaharrarena  eta Txillardegiren hau.

Hortxe amaitu ziren guztiak. Txillardegirena izan zen azkena. Besterik ez egiteko agindu ziguten.

Askotan gertatzen da telebistako zuzendariek ikusi gabe emititzen direla gauzak, eta nik uste, Txillardegiren biografia hau pantailan ikusi zutenean, bazterrak sutan jarri zirela, nonbait. Txillardegik erreportaje horretan dio, bera ezkertiarra dela, langileen aldekoa; Euskaltzaindia ez dela berarekin eroso izanen; herri askeak odoletan jaiotzen direla; inmigrazio planifikatua egin zuela Francok gurean; bide instituzionaletatik ezin etor daitekeela konponbidea…

Hainbat eta hainbat gauza dio bertan Txillardegik, eta denak bildu eta argitaratzen ditu erreportajeak. Baina nola ez ditu, bada, bildu eta argitaratuko erreportajeak bere xedea Txillardegiren soslaia egitea badu? Okina irinik gabe erakustea modukoa litzateke Txillardegi bere pentsaera irmoa gabe agertzea.

Kontua da ez zela Ispiluan gehiagorik izan eta ni albistegietara zigortu ninduela Terminator Jaunak. Berak egin ninduen nolabaiteko kazetari, ordura arte, ezer izatekotan, gidoilari edo halako zerbait izandakoa bainintzen. Gerora han ibili nintzen hamarkada oso batean, albistegietan neuri ez zegokidan lana egiten, sekula hartarako prestatu gabekoa izaki eta nire bokazioaz kanpoko zereginak egiten. Lotsatuta ere bai, lankide kazetarien artean…

Inork gutxi zekien hori gaur arte, baina Txillardegik bai bazekien. Ohartua zen nire zorigaitzaz eta galdetu egiten zidan  lanbideaz. Esango nuke harrotu ere egiten zela apur bat, bere kausaz halako gertaerak izaten zirenean, gustatu egiten baitzitzaioan bidean sasiak non zeuden erakustea. Eta ederki zekien Terminator Jauna, besteak beste,  sasi handia zela.

Eta hala, bart erreportajea ikusi dudanean, hori guztia eta gehiago berritu zait, ustekabean.

Orain jende guztiaren ahotan baitabil ETBren auzia, nostalgiarik duenik ere bada bazterretan, baina sekula ez da dena izan urre. Politikariek agintzen duteino, izan bateko ala besteko, ez dugu ganorazko telebistarik sekula izango. Batzuk besteak baino gehiago ala gutxiago, beti ibiliko baikara nagusiaren arrabitaren araberako dantzan hango langileak. Telebista gizarteko arduradun zibilen agintepean utzi artean, jai dago.

Badakit bati baino gehiagori gaizki irudituko zaiola hau guztia esatea, baina blogak honelako gauzetarako ere badira, norberaren minak kitatzeko, batez ere bati irakiten zaionean barrena twitterreko txio bat iristen zaionean, juxtu Txillardegiren erreportajea ikusi berritan: “EAJ-PNVren Batzar Nagusiak txalo zaparrada eskaini dio zendu berri den Txillardegi jaunari, euskararen alde eginiko lanagatik #eajpnv”.

Irudikatzen dut Terminator Jauna ere eskuak gorrituta txaloka. Txillardegi zein handia izan den esaten, eta bera Programetako Zuzendari zenean emititu zela hari buruzko erreportaje biografikoa.

(AluaMundua blogetik)

Txillardegi, sasiak eta txaloak

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

8 pentsamendu “Txillardegi, sasiak eta txaloak”-ri buruz

  • Ederki idatzia, Hasier, eta beharrezkoa.

  • Asko gustatu zitzaidan atzoko erreportajea, indartsua eta egiazkoa. Naturaltasun osoz ikusi nuen bertan Txillardegi, “egiazko pertsona”, euskaltzale eta abertzale nekaezina, eta gure historiaren lekuko eta protagonista handia. Gogorra ere izan zen.
    Orain, 20 urte dituela jakinda, benetan pentsatzen dut dokumentu historikoa dela bideoa, gure Herria ulertzeko eta gure Historia idazteko oso baliotsua izango zaiguna. Mila esker, Hasier.

  • Txillardegi joan zaigu eta bere joanean zuri Pandoraren kutxatik oroitzapen hauek ekarri dizkizu, bizitzako hainbat urte baldintzatu dizkizutenak… gaitzerdi!
    Helduko da eguna gure haurrek ikastolaetan Txillardegiren izena ikasiko dutena… terminator soilik Hollywoodeko pertsonaje bat izango da eta baten batek ‘ez, ez… kultur sailburua zen hura’ esaten duenean, besteak esango dio… ‘ba horixe ba! terminator!’

  • Eta nor da Terminator hura? Inork ba al daki?

  • Atsegin handiz ikusi nuen Txillardegiri buruzko erreportajetxoa, eta atsegin handiz irakurri ditut zure hitzak orain. Erreportajean Txillardegiren bizitza islatzen zen, bere testuinguruan. Blogeko sarrera hau, erreportajearen beraren testuingurua dugu.

  • Nor ote terminator? Mikel Lejarza izan liteke? Pello Sarasola ote? Bi horiek zeuden ETBren programazio ardura postuetan garai horretan, ez?

  • Amonamantangorri 2012-01-16 13:21

    Eskerrik asko, Hasier. Zuen belaunaldikook gehixeago hitz eginen bazenute, alde batekoak nahiz bestekoak ederki lotsatuko lirateke.

  • A. Osinalde 2012-01-16 17:17

    Ikusgai jarri dute saioa Nahieranen: http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/1394712952001