Txillardegi gogoratu dugu 10. urteurrenean 

Txillardegi gogoratu dugu 10. urteurrenean –

Txillardegi gogoratu dugu 10. urteurrenean Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zeneko 10. urteurrenean, hura gogoratzeko eta omentzeko bildu gara gaur eguerdian hainbat lagun Antiguako Txillardegi Plazan. Bildutakoen artean, senideak eta kulturgile asko, tartean, oharkabean pasatu ezinean, Joseba Sarrionandia idazlea.

Ekitaldia herri-ekimenez margotutako Txillardegiren horma-irudi zaharberrituaren aurrean egin da eta Marije Manterolak gidatu du. Bertan txalaparta-soinua, aurreskua eta lore-eskaintza ez dira falta, ezta Unai eta Beñat Gaztelumendiren bertsoak ere. Lau txillar-landare ere landatu dira plazan.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenaren izenean, Fito Rodriguezek hartu du hitza:

  1. Gogoratu du ekimenaren helburua Txillardegik bere jaioterrian merezi duen aitortza ofiziala jasotzea dela, eta, horretarako, gaur egun izenik ez duen Udal Liburutegiari Txillardegi izena ematea proposatu zela, bere garaian hainbat idazlek eskatu zuten bezala. Hamar urteotan helburua ez da lortu, baina aurten, 10. urteurrenaren anparoan, ekimen berri bat sortu da helburu berarekin, eta dagoeneko 1.500 sinadura bildu dira, gehienak kultura alorreko pertsonenak. Ekimen berria Udaletxean dagoen blokeoa gainditzeko gauza izango den esperantza erakutsi du Rodriguezek.
  2. Txillardegik jaioterrian merezi duen aitortza ofizialik oraindik jaso ez badu ere, hainbat herritan aurrerapausoak eman direla ere nabarmendu du. Horren lekuko da Oñati, non Udalak, aho batez erabakita, xafla bat ipini duen Arantzazun, Txillardegik euskara batuari egin zion ekarpenaren aitortza gisa. Gaurko ekitaldira ere Oñatiko hiru zinegotzi etorri dira eta Fito Rodriguezek espresuki eskerrak eman nahi izan dizkie.
  3. Eta, azkenik, esan du aitortza ofizialik gabe ere Txillardegik herri-aitortza baduela, Txillardegi aitzindaria izan zela alor askotan eta haren ideiek gaurkotasun handia dutela, egunotan San Telmon egin diren jardunaldietan berriz ere agerian geratu den bezala.

Ekitaldia amaitu da, lehenik, bildutako guztien artean Euskal Herrian euskaraz kantatzen. Aurten beteko ditu 40 urte, Xabier Amurizaren hitzekin Oskorrik egindako kantu eder honek. Gero, abestia bukatuta, Janitz Enparantza txistulariak Zazpi jauzi jo du. Beraz, kantuan eta dantzan bukatu da ekitaldia.

Txillardegi gogoratu dugu 10. urteurrenean