Txiki eta Otaegi hil zituzten egunaren urteurrenean Ahaztuak elkarteak frankismoaren biktimak omenduko ditu

Irailaren 27an Oroimenezko Ekitaldiak

ETAko Angel Otaegi eta Jon Paredes “Txiki” eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Ramón Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo hil zituzten gaur 37 urte. Azkenetan zegoen diktadore Francisco Francok agindu zituen exekuzioak eta Gerrako Batzordeak onartu zituen 1975eko irailaren 26an; biharamunean, irailak 27, tiroz hil zituzten, Txiki Bartzelonako Cerdanyola del Valles herrian eta Otaegi Burgosko espetxean.

Ahaztuak elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu Angel Otaegi (Azpeitia 1954) eta Juan Paredes Txikiren (1954 Caceres) eta Francoren diktadurako biktima guztiak gogoan hartzeko. Eguerdian, Zarautzen, Txikiren hilobian lore eskaintza egingo dute. Derioko hilerrian (Bizkaia) gerran ehunka tiroketa egin ziren lekuan burutuko dute ekitaldia, 19:00etan. Gasteizen 1936ko gerran exekuzioetarako horma izan zen Santa Isabel hilerrian egingo du omenaldia arratsaldeko seietan. Iruñeko Udaletxe plazan 19:30etan izango da ekitaldia, Nafarroan hil zituzten milaka abertzale eta errepublikarrak gogoan izateko.

Bilboko Kafe Antzokian 20:00etatik aurrera musika kontzertuak eskainiko dituzte Frankismoaren biktimen omenez: Salvador Amor eta Gabriel Ortegak Somos Pueblo lana aurkeztuko dute. Hutsa eta Doblea taldea ere bertan izango da.