Txertoen zirkotik haraindi

Txertoen zirkotik haraindi –

Koronabirusaren txertoen inguruan zirko ederra antolatu dute azken asteotan: kontraesanak, norabide aldaketa etengabeak, erabaki ulergaitzak… Konfiantza hartzeko moduko giroa, aizu! Horrekin distraitu eta nahastu nahi bagintuzten, benetan lortu dute. Ez dakit hori zen asmoa, baina, egia esan, badira beste eztabaida interesgarriak txertoen kontu honetan eta ulertezina da hauek plazan hain leku gutxi izatea.

Txertoen zirkotik haraindi

Adibidez, zergatik ez dira produzitzen txerto gehiago? Europan (eta beste herrialdeetan) badago ahalmen teknikoa askoz txerto gehiago sortzeko eta banatzeko. Jende askorentzako hil ala biziko arazo honetan lehentasunezkoa izan beharko luke txertoak ahal bezain azkar sortzea, horretan denok ados egon gaitezke. Kontua da farmazia-enpresa jakin batzuek daukatela patentea, txertoa garatu dutelako, eta horiexek ari dira beren kontrolpean txertoak sortzen.

Badakigu txertoa lortzeko Europar Batasunak laguntza ekonomikoak bideratu zituela, txerto horien hornidura jasoko zelako enpresen konpromisoarekin, adostutako prezio eta epe jakin batzuetan. Baina, ikusi dugunez, enpresa horietako batzuk ez daude hartutako konpromiso hori bete, eta txertoa espero baino atzerapen handiagoz ari da heltzen.

2020ko urrian ehun herrialdek baino gehiagok, Indiak eta Hegoafrikak besteak beste, COVID19rekin lotutako patenteak askatzeko eskatu zuten, pandemiari mundu mailan aurre egin ahal izateko. Merkataritza Mundu Erakundean aurkeztu zuten eskaera. AEBek, Europak, Japoniak eta beste batzuek ez zuten proposamena onartu. Beste estrategia bat zuten, enpresekin adostea.

Bitartean, jende gehienari, denbora luzean eta modu askotan, izugarrizko esfortzua eskatzen ari zaigu gaixotasunari aurre egiteko (askatasun murrizketa handiak, galera ekonomikoak askorentzat, krisi larria hainbat sektoretan…). Besteak beste, askok bakardade larrian bizi izan dituzte beren azken egunak, familiakoei laguntzea debekatu zaielako; ez dira kontu txikiak! Eta, jakina, birusak jendea hiltzen jarraitzen du, egunero-egunero.

Aparteko neurri larriak jasan ditugu denok. Ez dago motibo nahikorik neurri larri horiek ere txertoaren produkzioan eta patenteetan ezartzeko? Enpresa-interesak guztiaren gainean daude? Beti? Izan ere, bai Espainiar Estatuko legeek bai Europako legeek patenteak askatzeko aukera zabaltzen dute egoera larrietan. Hau ez al da egoera horietako bat?

Ezin dut ulertu nola honen inguruko eztabaida ez dagoen egunero kalean, komunikabideetan eta abarretan. Gehienon interesekoa da. Zergatik ez dabiltza partiduak, sindikatuak, iritzi-emaileak, intelektualak eta abar jo eta ke patenteak askatzeko eskaera aldarrikatzen? Uler dezaket oso ondo batzuen nahia eztabaida hau itzaltzeko, ez zaielako interesatzen. Egoera honetan ezin dut ulertu, aldiz, beste askoren isiltasuna eta epelkeria.

Txertoen zirkotik haraindi

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.

Zer duzu buruan “Txertoen zirkotik haraindi”-ri buruz

  • Ea… “zergatik ez dira txerto gehiago ekoizten?” galdetzen duzu… Bai, ume batek ere galdera bera egingo luke. Hilabete batean 14.000 milioi dosi ekoiztu eta listo, hurrengo hilabeterako mundu guztia txertatuta. Begira… Bartzelonako Robi enpresak, farmazia munduko enpresa, uste dut Janssen txertoa ekoizteko hitzarmena egin zuela Johnson&Johnson konpainiarekin 2020ko udan. Geroztik ekoizpen linea prestatzen ari omen dira: lehenengo 6 hilabeteak transferentzia teknologikoa egiten eta beste 6 hilabete ekoizpen linea prestatzen. Aurtengo udan hasiko omen dira ekoizten. Eta urtebete behar izan dute 24 ordutan lan eginaz. Europako komisarioak esaten zuen elkarrizketa batean, “jendeak uste du hau amazonen bezala dela, klik egin eta txertoa erosi” esaten zuen. Noski industria erreakzionatzen ari dela, baina zer uste duzu, hau aste batean egiten dela ala? Industriak trakzionatuko du eta ziur egon aurki txertoak nahi beste egongo direla eta zeuk aukeratu ahalko duzula zein nahi duzun. Musukoekin antzekoa gertatu zen eta begira orain! Musukoak soberan daude. Ba konparatu orain musukoa ekoiztea eta txertoak ekoiztea… Pfizer eta Moderna txertoetan nanoteknologia erabiltzen dute. Horrelako txerto bat ekoiztea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta txertoa berme guztiekin ekoitzi behar da. Patenteen asuntoa… zer iste duzu, patentea askatu ondoren, errezeta moduko bat dela edonork fabrikatzeko modukoa ala? Behin entzun nuen, patentea askatu edo ez, ez litzatekeela ezer aldatuko. Txertoak ekoizten ziren lehen, baina ekoizpen lineak behar jakin bati erantzuteko zeuden dimentsionatuta eta ez mundu guztia txertatzeko. “Ekoizpen linea gehiago jarri!” esango du norbaitek… bai, noski ariko direla prestatzen, baina zer uste duzue, hori bi hilabetetan egiten dela? Linea askoz sinpleagoak egiten gorriak ikusten ditut nire lanean, pentsa zer izan daitekeen txertoak.ekoiztea. Niri dena abiadura bizian egiten ari direla iruditzen zait, sinestezina. Pfizer txertoa adibidez, orain dela 10 urte ez omen ekoiztea posible izango, teknologia nahikorik ez zegoelako. Eta begira orain! Inoiz historian gertatu ez den abiadan egin da dena baina kaleko jendea, amazon eta dena saguaren klik batekin egitera ohitutako jendea, kexu da. Nabaritzen zaizu nai irakaslea zarela. Ondoegi bizi zarela nabari zaizu!