Txapela buruan, espainola ahoan

Txapela buruan, espainola ahoan –

Dani Goñik Irutxuluko Hitzan.


Horrela gabiltza munduan!

Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenaren harira, Gatazken eraldaketa demokratikoa mahai-ingurua antolatu zuen Foro Sozialak Kursaal jauregian. Hizlariak: Juan Jose Ibarretxe, Quim Torra, Amalur Alvarez eta Jordi Cuixart. Gidaria: Stephen Gethins, eskoziarra.

Txapela buruan, espainola ahoan
Arg: Berria

Esateko zutena entzuteko prest, lehen lerroan, atzerriko gonbidatuak eta euskal erakundeetako eta alderdietako ordezkariak. Horien atzean, gizarte zibileko jende mordoxka, dela gizarte mugimenduetako edo eragileetako kideak, edo gizabanakoak. Guztiok jakin-minez adi. Esango nuke, oker handirik gabe, %80tik gora euskaldunak ginela, sartu irteeretan eta aretoan bertan entzuten zen hizkuntzagatik.

Foro Sozialeko kideen aurkezpen elebidun laburraren ondotik, gidariak ingelesez ekin zion mahai-ingurua eta hizlariak aurkezteari. Lau hizlariek ingelesez duten maila bikaina erakutsi zuten, eta, hori oso ondo dago. Beharrezkoa gure munduan. Baina…

Txapela buruan agertu zen Ibarretxe; oholtzara igotzean erantzi zuen. Sarrerako sei edo zortzi hitz egin zituen euskaraz. Gainontzekoa erdara/espainol garbian. Berak jakingo du zergatik. Baina eta hemen, euskaraz jakin arren… gogoratu Bitoriano Gandiagaren olerkia.

Horrelaxe aritu ziren Torra eta Cuixart ere. Kortesiazko euskarazko hitzak irakurri ondoren, katalanak dira, ez euskal herritarrak, gaztelaniaz egin zuten. Zergatik, ordea? Gustura entzungo genituen euren hizkuntzan, katalanez mintzatzen. Seguru nago asko ginela euren hitzaldia katalanez ulertzeko gai ginen entzuleak. Eta bestela, zertarako ziren itzulpen zerbitzuko entzungailuak? Ulertzen ez zuenak aukeran zeukan euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez entzutea.

Amalur Alvarez izan zen euskaraz mintzatu zitzaiguna euskaldunoi, geure hizkuntzan. Eta honek ere, giroak eramanda (inposatuta?), erdaraz egin zuen une batzuetan. Azken hitzartzea euskaraz egingo zuela adierazi zuen; berak jakingo du aldarrikapen edo baimen eske gisa egin zuen.

Jordi Cuixartek une batean adierazi zuen politikariekin exijenteagoak izan behar dugula, estuago hartu behar ditugula gizarte zibiletik. Politikariekin, eta baita geure buruarekin diot nik. Horrexek eraman nau gutun hau idaztera.

Txapela buruan eta ibili munduan dio esaera zaharrak. Ez du azalpenik behar. Txapelarekin edo gabe, hala ibiliko bagina munduan, eta Kursaal jauregian, bertakoek zein atzerritik etorritako gonbidatuek, askoz hobeto ulertuko lukete gure Gatazken eraldaketa demokratikoa-ren beharra.

Txapela buruan, espainola ahoan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude