Txanpon berberaren aurpegiak

Txanpon berberaren aurpegiak

Amatiñok, Euskadi Irratiko albiste Faktoriarako.

Euskararen inguruan azken egunotan sumatu diren salaketek eta adierazpenek, batetik, eta espainiar politikagintzan gertatutako hainbat mugimenduk, bestetik, kinka larrian jarri ditzakete, euskal gizartearen gehiengoak zeharo normaltzat jotzen dituen oinarri nagusietako bi; euskara eta foru-tradizioa.

Euskaltzale ugari dira, euskararen garrantzia azpimarratu arren, foruei darien paktismoa gutxiesten dutenak. Euskaltzale askorentzat, euskara hil-ala-bizikoa da baina foru-sistema, ostera, beste edozein formula modernoago batez erraz ordezkatu zitekeen gobernamendua.

Txanpon berberaren aurpegiakAlderantziz, nahiz euskararen garrantzia ez ukatu, badira lege-aditu eta politikari dezente uste dutenak, Euskal Herriaren berezitasunik handiena, apartekoena, zaindu beharrekorik zaindu beharrekoena, euskal sistema foralaren oinordekotza dela.

Batzuei eta besteei erantzute aldera-edo, aipatzekoa da Koldo Mitxelena gudari, irakasle, salamankari, hizkuntzalari eta eruditoa izan zela, euskararen eta foru-paktismoaren garrantzia aldi berean azpimarratzeaz gainera, bi arloen arteko bateragarritasuna beste inork baino hobeto nabarmendu zuena.

Gogoratu dezagun Koldo Mitxelenaren iritziz, euskararen meriturik handienetakoa ez dela jatorri ezagunik ez izatea edo beste hizkuntzengandik zeharo bereiztea, gaur egun bizirik iraun izana baizik, mende luze guztien azpitik eta hizkuntza nagusi guztien presioen gainetik.

Eta, ildo beretik, Koldo Mitxelena euskaltzainaren iritziz, foru-paktismoaren alderdirik baliotsuena ere, ez da beste inon parekorik ez aurkitzea, XXI. mende arte indarrean iraun duen bakarra izatea baino, Erdi Aroko gainerako lege-araudiak eskuizkribu zaharretako hautsetan suntsitu diren artean.

Nago, kontua ez dela bata ala bestea, biak baino. Nago, euskal hizkuntza eta euskal paktismoa txanpon berberaren aurpegiak baino ez direla. Eta… edo biak aldi berean kontserbatzeko gauza gara, edo ez dugu bietatik bat bera ere gorde ahal izango.

Txanpon berberaren aurpegiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.