“Ttanttoak” eta inflazioa (EHZ)

“Ttanttoak” eta inflazioa (EHZ)

Uztailaren 1, 2 eta 3an zehar Euskal Herria Zuzenean jaialdian egon nintzen, Lekornen, Lapurdin. Ederra izan zen. Sekulako zuzenekoak ikusi genituen (Willis Drummond ikaragarri aritu zen), tokiko elikagaiez osatutako oturuntza itzelak irentsi, hitzaldiekin formatu, antzerkiekin barrez lehertu… Antolatzaileek ongi egin zituzten sukaldeko lanak, eta laguntzaile sare itzelak beharrezkoa den sustengua eman.

Dena den, arazo txiki bat izan nuen. Askotan frogatu ahal izan duzuen bezala, Euskal Herriko jaialdi askotan dirua aldatzen da gune horretan bertan soilik balioa daukan ordezko txanpon baten truke. Deitu makuso, patata edo jaialdi bakoitzari dagokiona; EHZn “ttanttoak” ziren, plastikozko txanpon more txiki batzuk. inflazioaKontua da igandean, begizulo handiak izan arren, begiluze geundela oraino, eta badaezpada diru dezente aldatu genuen. Itxi zutenerako oraindik zerbait geratzen zitzaigun, ez ikaragarri, baina bai puska bat. Bapatean, 10-20€ izatetik salerosketarako baliorik ez zeukaten plastikozko zati batzuk izatera pasa nintzen.

Irudi hau aurkitu dut sarean. Ume alemaniarrak dira, eta urtea 1922; garai hartan errepublika germaniarra Versailleseko hitzarmenak sortutako egoera zailean itota zegoen, eta hiperinflazioa pairatu zuen markoak. Ikusten duzue ze balio zeukan bilete pila horrek.

Kantitate txikiagoan, noski, baina nik ere irudimena erabiltzen hasteko hautua egin dut nire “ttanttoekin”. Oraingoz frogatuko dut ea kondoiak lor ditzakedan tabernetako komunetan egon ohi diren makina horietan; eta iruditzen zait supermerkatuetako karroak deslotzeko ere primeran etorriko zaidala.

Ikusiko dut zer egin lehenik, txanpona airera bota eta zirt edo zart.

“Ttanttoak” eta inflazioa (EHZ)
dirua, EHZ, inflazioa, irudimena, ttanttoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude