Triangelu jotzailea (edo kritikariaren inbidia eta frustrazioa)

 

triangulo_banda_de_la_orquesta_sinfonica_pegatina-ree82d7d8205b4080995e46f23235f3de_v9wth_8byvr_512

Uste dut hau kontatua dudala noizbait, baina, tira, berriz erranen dut: haurra nintzelarik, hiru gauza izan nahi nuen handitan, ingelesa, eruditoa eta idazlea. Idazle ingeles eruditoa izanen zatekeen formularik borobilena, baina nik aski nukeen hiruretarik bat bete izan balitz; beraz, juntagailua aldatuko dut: ingelesa, eruditoa edo idazlea. Hiruretan porrot egin dut, baina biziak ironia maite du, bai eta gure desiraz irri egitea ere, eta segur aski horregatik nire porrota partziala izan da: ingelesez badakit –guti goiti-beheiti–, baina hiztegia ziztu bizian ari zait memoriatik lekutzen eta nire ahoskera gero eta kaskarragoa da; historia ikasi nuen, baina arrunt txarra naiz datak gogoratzen; eta zer edo zer idazten dut, egun baten buruan gaurkotasuna eta interesa galtzen dituzten testuak hain zuzen ere.

Dena den, berriki ohartu naiz bertze bat zela nire benetako bokazioa: triangelua jotzea. Ez musika ikastea, edo solfeoa jakitea, edo hainbat musika-tresna jotzen trebea izatea. Ez. Triangelu jotzailea izan nahi nuen orkestra batean. Ez nuen, halere, inoiz musika ikasi, nire gogoko tresna xume hori bidegabeki baztertua baitago: ikastekotan, uste dut perkusioa ikasi beharko nukeela, eta bertze anitz gauza gehiago, aintzat hartu gabe nik arrunt argi nuela nire nahia: triangelua. Niri den ogibiderik hoberena iduritzen zait: triangelu jotzaileak kolpe soil batez ginda paratzen dio musika pieza bati, eta, gainera, gainerako musikariak jo eta jo aritzen diren bitartean, badu denbora, kontzertu aretoan berean, aldizkari bat irakurtzen aritzeko, hitz gurutzatuak edo sudokuak egiteko edo whatsapp-ak igortzeko –nork bere zaletasuna–.

Triangelu jotzailea izan banintz, bertzalde, tokirik hoberenean nintzatekeen musika kritikaria izateko. Eta ez bakarrik denbora izanen nukeelako gainerako orkestrakideen jardueraren kritika egiteko. Et, et, et: batez ere, nire tresna hain xumea eta ezdeusa izanik, gainerako musikariek kritikari guziei leporatzen zaien akats klasikoa egotziko lidaketelako: inbidia. Tronpeta jotzen dutenak kexatuko lirateke ezpainak gaiztakeriak errateko baizik erabiltzen ez dakidalako; edo tinbal jotzaileek erranen lukete nire tresna txikia eta zarata gutikoa dela, eta berena bezain handia eta lodia izan nahiko nukeela. Kritika kritikatzeko tenorean, tamaina inportantea izaten baita: arrakastaren tamaina batez ere.

Literaturan, adibidez, maiz gertatzen den fenomenoa da: kritika txar bat egiten duenari berehala aurpegiratzen zaio kritikaturiko idazleak adina irakurle (edo, are makurrago, idazle horrek bezainbertze sari) izan nahiko lituzkeela, eta inbidiak jota ausartu dela iruzkin negatibo bat idaztera. Eta bai, arrakasta polita da –neroni ere, Zuzeu-n zerbait argitaratu ondoan, erne egoten naiz testua ea zenbati gustatu zaion ikusteko–, baina nire barneko esnobak errana dakit publikoaren onespena ez dela inportanteena. Are gehiago, batzuetan edo batzuekin hobe arrakastarik batere ez izatea. Tesia egiten ari nintzelarik, gogoan dut Diario de Navarran Victor Manuel Arbeloak gustuko zituen historia liburuei propaganda egiten ziela (Arbeloa nor den ez dakienendako oharra: politikari sozialista –PSN bide foral eta espainoletik eramateaz arduratu zirenetarik–, eta historialaria eta poeta –Errenazimenduko gizona erranen luke berak naski, bere apalean–; nik Asterix komikietako Asuranceturix bardoarekin konparatuko nuke; harekin gertatzen den bezala, Arbeloaren inguruko iritziak banatuta daude: berak jeniala dela uste du, eta gainerako guziek, kalaka gogaikarri samarra); garai hartan, beldur nintzen niri ere ez ote zidan kritika on bat eginen, zeren, hala izan balitz, nik idatzitakoa gustatu izan balitzaio alegia, gaizki ari nintzen seinale argia izanen zatekeen. Zorionez, ez ninduen inoiz aipatu.

Nolanahi den ere, bistan da ez nuela triangelua jotzen ikasi, eta ez naizela orkestra batean aritzen. Kasik hobe. Izan ere, arrunt belarri gogorra naiz. Egunen batean, liburuxka bat prestatu behar dut nire ahotik ateratzen den musikak eragiten dituen komentarioekin: “Aita, arrunt gaizki kantatzen duzu, isildu zaitez faborez” (semeak maitekiro errana); “abesten duzularik, letrari esker ezagun da zer ari zaren abesten” (emaztearen komentario amultsua); “hara!, irratiko kantaren letra bereko bertze zerbait abesten duzu” (adixkide [??] baten iruzkin ironiko-sarkastikoa). Inbidia didate naski –artean erran dezadan– ulergaitza baita bertzenaz hainbertzeko herra. Kontua da triangelua inoiz ikasi ez izanak ere kritikari bihurtzeko bigarren ezaugarria ematen didala: frustrazioa. Idazle, artista, musikari edota zinema-zuzendari frustratua izaten baita kritikaria, betiere arrakasta handiko baina kritika eskaseko idazle, artista eta abarren arabera. Saiatuko balitz ere, ez luke jakinen kritikatzen ari den obra hori egiten. Tira, Bilboko biztanle gehienek segur aski ez dakite zubi bat egiten, baina Zubizuriren kontura kexaka hasi zirenean, inori ez zitzaion bururatu erratea Calatravari inbidia zioten arkitekto frustratuak zirela. Kritika egunero egiten dugun ariketa baita –zappina egiten dugunean; lagun bati halako film ona den galdegiten diogunean; edo, izandako esperientzia aintzat hartuta, jatetxe bat baztertu eta bertze bat hautatzen dugunean–, eta kritikariek horixe bera egiten dute, baina fundamentu handixeagoarekin.

Halere, egia da, ni tipo bekaiztia naiz, eta aitortu behar dut inbidia diedala kritikariei inbidia leporatzen dieten idazleei: benetan uste baldin badute haien lana gustuko ez izateko arrazoi posible bakarrak bekaitza eta frustrazioa direla, orduan bai, aitortu behar dut inbidia diedala. Hau da, inbidia diot, batez ere, duten autoestimu handi eta sendo horri.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

 

Triangelu
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

3 pentsamendu “Triangelu jotzailea (edo kritikariaren inbidia eta frustrazioa)”-ri buruz

  • Ui, Santi, triangelua jotzea irakurri dudanean bertze zerbait etorri zait burura. Oi, primaderako liliak loratzen ari!

  • Aupa, Santi:
    Non duzu, bada, zure ikasleok oparitutako triangelua? Jotzen ikasteko, gutxienez, baliagarria izango da.
    Agurrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude