Tren oso bat baizik

Parisko metro zahar batean, Fresneseko espetxea helburu. Orain arte erreparatu gabe nengoen, baina bada eserleku sorta bat anciens combattants-entzat erreserbatua. Betaurrekoak sudurretik herrestatzen zaizkion txinatar logaletu bat eta azafataz jantzitako gazte bat eseri dira bertan.

***

Guk ere gudara bidali genituen. Lepotik helduz inoiz esandako gauzarik ederrenak xuxurlatu. Begiak bete zitzaizkigun eta hainbesteko hunkidura sentitzeko gai ginelako hunkitu ginen. Elkarri begiratu genion, esandakoak baino oraindik eta ederragoak ziren gauzak gordeko genizkiela iradoki.
Egunak joan ziren, graziarik gabe, haien adorea fagotizatuz egin genion aurre geure bizitzari. Etsaiaren irrati-telebistak bilakatu genituen lagun, egunerokotasun ergel hartan gerla bat libratzen ari zela gogorarazten ziguten, lagunak joan zirela, esku-zartaka agurtu genituela, harrotasunez puztuta oheratzen ginela.
Hilabeteak eta urteak ere joan ziren eta lagunak argazki bilakatu zitzaizkigun. Hemengo eta hango iraultzak kantatu genituen afaloste koipetsuetan, negar egin genuen, negar egiteko mozkortu ginen, eta irrati-telebistak pizten jarraitu genuen gutunik ezean. Bat-batean, haien izen-abizenak entzutera ohitu ginen. Hasieran, zirrara, ezin sinetsia, geure baitatik ateratzeko beharra. Baina berehala bilakatu zen ohitura, mozkortuta ere ezin genuen negarrik egin. Argazkiak oroitzapen eta oroitzapenak ahaztura bilakatu zitzaizkigun berehala. Kantu zaharren letrak trabatu zitzaizkigun, benetakoegia zen gerra bati buruzkoak zirela ohartu ginenean. Hildakoak lurperatu genituen eta bizirik iraundakoei tokitxo bat egin genien geure asteburuetan.
Orain, guda bat libratu zenik ere ez dugu kasik akorduan eta hemerotekara jo behar dugu sentimendu bila, esku-zarta haien zarataren bila. Orain, gudara bidali genituenik ere ezin dugu sinetsi.

***

Parisko metroan, Fresneseko espetxetik bueltan. Anciens combattants-ei erreserbaturiko eserleku sortaren bila ibili naiz, haien lekua nork bete dituen jakiteko gogo idiota batekin. Alferrik. Metro hau berria da eta bestelako arkaismoekin batera kenduko zituzten.
Guk ere eserlekuak beharko genituzke, tren zahar eta berrietan, eta ez bat edo bi, ez sorta bat, ez hogei edo ehun.

(Zazpika-n argitaratua)

ALDAPEKO