Trebiñuk ez du amore eman



Hamarkada luzez Trebiñuko herritarren borondatea ukatu du Burgosek. Frustrazioen gainetik, ordea, udalek nahiz herri ekimenek integraziorako bide berria urratu dute. Helburua betikoa da: Trebiñu behingoz Burgosen menpetik askatu eta Araban integratzea.

Arabako Hitzan azaroaren 23an argitaratutako erreportajea:

Trebiñuko auzia urtaro bat balitz, negua zatekeen. Nahi baino luzeagoa, pentsatu bezain iluna eta eguzki izpiak agertzen direnean ere hotza. «Baikor nahi nuke izan, baina ez dut horretarako arrazoirik. Txikitatik ez dut besterik bizi izan». Roberto Ortiz de Urbina Argantzuneko alkatearen hitzak dira. Trebiñu Burgosen (Espainia) menpetik askatu nahi duten herritar guztien aldarteak etsipenetik du asko. Nahia eta ezina, Gaztela eta Leongo Juntak baitu trebiñuarren borondatearen gainetik dagoen giltza. Baina neguko elurraren azpian mugimendu batzuk sumatzen dira azkenaldian Arabako zortzigarren alaban. Udaberria ote?

“Desarrazioak” bizitza zailtzen du

Bi mila lagun daude erroldatuta enklabean, nahiz eta bikoitza bizi den Trebiñun. «Gasteizen daude erroldatuta, oinarrizko zerbitzuak arazorik gabe erabiltzeko», azaldu du Trebiñu Konderria udalerriko zinegotzi jeltzale Roberto Bajasek. Trebiñu Araba eta Burgosen arteko gatazka politiko gisa ikusi ohi bada ere, funtsean «auzi administratiboa besterik ez luke izan behar», Roberto Gonzalez de Viñaspre trebiñar ikerlariak dioenez. Arabako lurretan dago Trebiñu, Burgosen irla balitz bezala. Horrek, identitate ezberdinen arteko lehiaz gain, eguneroko bizitzan trabak besterik ez dakartza. Argantzuneko alkateak erreskan esaten ditu azken hilabeteetan sortu diren arazo nagusiak: «Ikastolak ez du Gaztela eta Leongo diru laguntzarik jaso, farmazietan berrordaindu behar ditugu sendagaiak, gasolinari zerga berezia igo diote…».

Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako itunak itun, ziurgabetasun etengabean bizi dira trebiñar asko. Gonzalez de Viñasprek kontatu du sona izan duen azken kasua, martxokoa: «Iktus bat izan zuen emakume bat Gasteizen artatu zuten, eta gero etxetik 120 kilometroa eraman zuten, Burgosera». Horrelakoak ikusita, errolda Trebiñun izatea ez da batere erakargarria, gaixo jartzeko aukera gehien duten zaharrenentzat batez ere. Salbuespen egoera hain da nabarmena, Trebiñuko udalerriko alkateak, Inmaculada Ranedok, kanpaina bat abiatu behar izan du trebiñuarrei herrian erroldatzeko eskatuz.

Trikili-trokolo bada ere, Trebiñun bizitza normala daramate. Horrek ez du esan nahi aldarrikapenari eutsi ez diotenik, nahiz eta hamaika aldiz itxi dizkieten ateak. Azken ahalegina 1998an egin zuten. Herritarrei galdetu zitzaien Trebiñu Araban integratzeari buruzko galdeketaz , eta botoen %67k erreferendumaren alde egin zuten. Gaztela eta Leongo estatutuaren lege prozedurak jarraitu zituzten Trebiñuko bi udalek, urratsez urrats. Emaitzak begi bistan utzi zuen trebiñarren borondatea eta Gaztela eta Leonen «desarrazoia», Gonzalez de Viñasprek dioenez. Auzoen borondatea gorabehera, Gaztela eta Leongo estatutua eskuan, ezezko borobilarekin erantzun zieten agintari espainiarrek trebiñarrei.

Soluziorako bi bide: Madril eta Gasteiz

Azken hilabeteetan enklabeko bi udalerriek, Trebiñuk eta Argantzunek, beste bide bat hartu dute. Espainiako senatuan eta gorteetan onartu nahi dute, lege organiko bidez, Araban integratzeko eskubidea. «Gaztela eta Leonek ezingo luke hor esku hartu», dio Garbiñe Saezek, Eusko Legebiltzarrean Trebiñuri buruzko lantaldean aritu den ordezkari jeltzaleak. 2009an martxan jarri zen lantaldeak aurtengo udazkenean aurkeztu behar zuen behin betiko txostena. Hauteskundeen aurrerapenak bertan behera utzi du hiru urteko lana. «Trebiñuko elkarteak erreta daude, eta normala da», dio legebiltzarkideak. Gaur-gaurkoz, enklabeko udalek sustatuta, Iñaki Lasagabaster juristak osatu duen lotura nagusien txosten juridikoa ( I. zatia eta II. zatia PDFn) Madrilen lantzeko bidean da.

«Ez dugu Madrilgo bidearen aurka egiteko asmorik, baina Espainiako Gorteek ez dute trebiñarren hitza onartuko», uste du Uda Batuz elkarteko Iker Garcia de Eulatek. Zuzenbidean aditua den heinean, hauxe dio Eulatek: «Legearen barruko bideetatik joateak etsipena areagotu besterik ez du egingo, borondate politikorik gabe ez baita ezer lortuko». Uste hori oso zabaldua da. Elkarrizketatutako alkate, zinegotzi, legebiltzarkide, euskara elkarteetako kide eta bizilagun arruntek ere bat egiten dute. Susmoa baino gehiago da. Badakite ia ziurtasun osoz Madrilek ez diola Gaztela eta Leongo Juntari aurre egingo.

Oinarri gutxiko itxaropenak gorabehera, udal ordezkariek hasitako bideak antzua dirudi; alegia, Burgosetik pasa gabe Madrilera egin duten bidaiak. Aipatzekoa da auzian PPk duen jarrera. Araban, integrazioaren alde daude, Gaztela eta Leonen, aurka, eta Trebiñun, abstentziora jotzen dute.

Etsipenak gerarazi aurretik, Uda Batuz elkartearen inguruko lagunek proposamen bat abiatu nahi dute, lege organikoaren aldaketaren bidea baztertu gabe. «Egitateen bidea hartu behar dugu, de facto Araba izatea, Burgosekin harremanak hautsiz», azaldu du Garcia de Eulatek: «Hein handi batean integrazio administratiboa badugu, alor ezberdinetako hitzarmenei esker».

Zehazteko dago ibilbidea, eta herri ekimena Trebiñuko eragileekin bilerak egiten ari da denen iritziak aintzat hartzeko. Proposamenak Eusko Jaurlaritzan organo egonkor bat sortzea iradoki asmo du, Trebiñuko beharrak asetzeko arloz arloko plan bat gara dezaten. «Juridikoki bideragarri direnak egin behar dira, desobedientzia instituzionala baztertu gabe. Aurrez ere egin ditu horrelako urrats batzuk Jaurlaritzak». Uda Batuz-en proposamenak erakunde publikoen inplikazioa areagotzea eskatzen du, beste biderik ez dagoelakoan. Diotenez, Trebiñuri zerbitzu emateak Jaurlaritzari ekarriko lizkiokeen gastuak «kupoaren bidez negoziatu behar lirateke Madrilen». Enklabeko udalerriek ere «inposizio administratiboa gainditzeko» pausoak eman behar lituzkete. «Ez gara aurreko saioekin damutzen, borondatea argi gelditu da. Baina beste zerbait egiteko garaia da», azaldu du Eulatek.

Hala Bedi irratiko (@halabedi) Zebrabidea (@zebrabidea) saioan azaroaren 4an emititutako erreportajea:

Trebiñarrak betoen eta etsipenaren gainetik by Iñaki Larrañaga Aizpurua

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

7 pentsamendu “Trebiñuk ez du amore eman”-ri buruz

  • Eta zapalkuntzarik ez dagoela esatera ausartzen dira asko…

  • Ez al da garaia Trebiñu Euskal Herria da! aldarrikatzeko ere?

    • Aldarrika daiteke, baina kontuz horrekin ere: trebiñuar askok Trebiñu Araba izatea nahi dute, baina ez dute nahi Trebiñu Euskal Herria izatea.

    • Iñaki Larrañaga 2012-11-27 15:43

      Barkatu, Assar. Irudiak informazioa sartuta du, baina ez da ageri. Zuzenduko dugu. Bitartean, artikulu amaieran gehitu dut.

  • Izarpezelai 2012-11-28 19:50

    Espainolak kexu dira Gibraltarren lur eremu txiki bat kontrolatzen ez dutelako. Onartuko al lukete bere lurraldean Trebiñu bezalako lurralde handia (proportzioan) Espaniatik at? E.H-ko lurralde arazoa ez da bakarrik zazpi probintziak batzea, Trebiñu arazo handia da ere, oso mingarria, lehenbailehen konpondu behar dena.