Trapaila garaiak

Arreta harrapatu zidan Orreaga talde politikoari buruz sarean irakurri nituen pare bat gauzak. Batek zioen talde hori totalitarioa zela, eta beste batek, predemokratikoa zela.  Arraioa, pentsatu nuen, hemen ere hasita gaudek Europako gainerako herriak bezain normalak izaten, geure ultraeskuin xenofobo eta guzti —Le Pen eta konpainia gogoan—, baina ez, kontua ez zihoan erreka horretan behera.

Eta orain egia txiki bat aitortuko dut, beste ezer baino lehen: urteak dira Orreaga taldekoak jirabueltaka ibiliak zitzaizkigula ZuZeun, baina kasu handiegirik egin gabe pasatu zen dena niretzat. Oh, ez, ñabarduraren batean katramilatutako beste taldexka bat!, esan nion neure buruari, eta ia irakurri ere egin gabe pasatu zitzaizkidan haien kontu guztiak, Pako Aristirenak izan ezean, bistan denez, lagunak horretarako izaten dira eta, lagun.

Kontua da, totalitario eta predemokratiko terminoen erabilera zehatzaren arrazoia ulertu nahian, Orreaga taldearen idatzietara eta bideoetara jo nuela argipide eske, eta Youtuben aurkitu nituen nahi beste hitzaldi eta kontu, batez ere, Ane Ablanedo eta Mikel Erauskinen ahoetatik. Batzuk bikainak iruditu zitzaizkidan, bereziki Mikel Erauskinek Algortan gaztelaniaz emanikoa. Interesgarria, argia, zehatza, ongi antolatutako berbaldia… iruditu zitzaidan.

Egia, asko interesatzen zait subjektu politikoa definitzen nola saiatzen diren eta, ez badut dena oker ulertu, totalitario eta predemokratiko deitzen badiete —okerragoak ere esan omen dira—, izango da erabakitzeko eskubidea ez diotelako aitortzen gure herri honi, izan ere, eurentzat, erabakitze eskubidea herri kolonizatuek bakarrik onartzen duten terminoa baita. Zapaldutakoen terminologia, nolabait ere. Eta esaten dute, independentzia eta autodeteminazioa gauza beretsuak direla euren ustez, eta egiazko herri denak, derrigorrez behar duela independente eta burujabe, herri izango bada, ezen dependiente bada, galdu egingo baita historiaren denboraren baitan. Hori ez dela gehiengoaren bozka sasidemokratikoarekin erabakitzen den kontu bat. Etc.

Trapaila garaiak
Trapailaren eragina, itsasoan (egizu klik)

Ez beldurtu, nire gaurko zutabe hau ez da Orreagaren ildo politikoa mikroskopioz aztertzeko, gehiago da kontzeptuak eta pausoak garbi edukitzeari buruzkoa, urak hain nahasita dabiltzan garaiotan ez mareatzeko balioko duen formularen baten bila saiatzea, alegia. Eta ur nahasiak diot, trapaila idatzi beharko nukeen tokian.  (Trapaila esaten zaio txalupa barnean bakean uzten ez zaituzten olatuak altxatzen dituen haize deserosoari. Horrelakoetan zaila izaten da arrantza, aparejoak katramilatu egiten baitira sarri eta, gainera, oso marinel trebea ez dena, gaixotu egiten da eta botaka hasi).

Alegia, zerbait esaten denean denok gauza berari buruz ari ote garen beharko litzatekeela lehenik erabaki. Gogoratzen naiz, gaztetan, zein lagungarri gertatu zitzaigun Leninen idatzietara joan eta han herria, nazioa, estatua eta horrelakoak herrenkadan definituta aurkitzea. Oso erabilgarria egin zitzaigun hura guztia gerora etorriko ziren gauzen eta gertaeren konprenitzeko, baina ordukoak jada ez digu fitsik balio, alde batetik, politikaren kontuak korapilatuagoak dabiltzalako gaur eta, bestetik, geu ere ez garelako orduan bezain fede oneko.( Ikusi besterik ez dago gaur bertan Espainian darabilten buruhaustea nazio hitza bidefinitzeko).

Lapiko kritikoko pentsalariak  hor ibiltzen dira kolonialismoa, feminismoa eta abarrekoak gora eta behera, hitz eta kontzeptuen garbiketan tematuta. Zer esanik ez Joxe Azurmendi miresgarria  azken liburuan nazionalismo zibikoa eta etnikoa bereizten, Ibarretxe Lehendakaria ahots lokala kultura propialetik eraiki beharra aldarrikatzen, Ezker Abertzalea eraberritze estrategikorako metodologia ezartzen, Gure Esku Dago herri dinamikak ernatzen, Ernaiko gazteak Espainiatik badoazela esaten, Urkullu Lehendakaria dena legerik urratu gabeko hitzarmen bidez behar dela lortu esaten… Eta euren aberria beste nonbaiten duten horiek, Kataluniakoa nola zapuztu erabakitzen,  Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kentzeko ahaleginak egiten, etc., etc.

Esan liteke, beraz,  betikoan gaudela: zenbat buru, hainbat aburu

Baina lehengo kontuarekin segituz, denok gauza bera ote diogu zerbait aipatzen dugun bakoitzean?

Independentzia, burujabetasuna, foralismoa, autonomismoa, federalismoa, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, hizkuntz eskubideak, identitatea, eskubide kolektiboak, abertzaletasuna, nazionalismoa, kolonialismoa, deskonexioa, hegemonia… aipatzen ditugunean, denok ulertzen al ditugu berdin hitz hauek guztiak?

Iruditzen zait Katalunian lortu den gauzarik handiena horixe dela, hain zuzen ere,  bideorriko ibilarri bakoitza zein den identifikatu eta adostea eta, bat pasatu eta gero, ondoren zein datorren erabakita edukitzea. Edo arbola gaineko tximuekin hobeto uler litekeen adibide bat emanez, adar batetik zintzilik egon ondoren, hurrengo zeini heldu behar zaion jakitea, han goitik erori eta kaskezurra lurraren kontra ez apurtzeko.

Agian, geuk ere, elkarri mokoka aritu beharrean,  kontzeptuak finkatu eta adostetik hasi beharko genuke bidea, izatekotan. Alegia, Hondarribin esaten duten bezala, lemixi, lemixikua. Eta gero gerokoak. Trapaila garaiotan arrantzuan ibiltzeko haina gogorik biltzen badugu, bederen.

.

Trapaila garaiak

Trapaila garaiak

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Trapaila garaiak”-ri buruz

  • Orreagakoa izanik predemokratikoa naizela argi daukat: Demokrazia askatasunarekin bakarrik hasi ahal delako Herri batentzat. Beraz, totalitarioa baino totalitarismoa pairatzen dut, inperialismoaren semea delako. Artikulua gustatu zait, aspaldikoz!