Tradizioaren Kilteak

Sarritan ikusi ditugu eskoziarrek beren naziotasuna ospatzeko elkartzen direnean janzten dituzten gonak, Kilt izenekoak. Haren kolore ezberdinek “klan” ezberdin batekiko partaidetza erakusten dute.

Tradizio hau, haien hitzetan antzinatasun handikoa dena, ematen duena baino modernoagoa da, duela urte batzuk historialari britaniar batzuek plazaratu moduan. Hala egin zuten Eric Hobsbawm eta Trevor Roper-rek The Invention of  Tradition lanean.

Bi historialarien hitzetan nazioen tradizioak askotan aro garaikideagoan sortuak izan dira, eta ez dute lehenaldiko denborarekin zerikusirik. Ezagutzen dugun Kilt-a ez omen zen erabiltzen XVIII mendea baino lehen, ingelesekiko batasunaren kontrako sinbolo bihurtu zen arte. 1707an batu zen Eskozia Erresuma Batuko koroaren barnean.

Gerora ingelesekiko ezberdintasun elementu bihurtu zen gona hark ez zuen ordurarte esanahi berdina. Lehendik eskoziako barbaro arpilatzaileek Highlandetan erabiltzen zuten gona, eta orokorrean oso gaizki ikusia zegoen jantzia zen. Ez zen klan batekiko lotura azaltzen zuen janzkera zahar-dohaitsua, eta minoria batek janzten zuen.

Eskoziako ezberdintasun kulturala, beraz, atzera begirako asmaketa da. Berez, herri eskoziarra V. mendean iritsi zen Eskozia mendebaldera ipar Irlandatik. Bertan bizi ziren eskotoak, eta kultura irlandarrekoak ziren. Adibide modura, ez zuten gaita jotzen, baizik eta harpa. Gaita asmatutako beste tradizioetako bat dugu ere. Pentsatzekoa da aipatutako gona irlandarrek erabiltzen zutena zela, baina hau luzeagoa eta ezberdina zen, gaelikoan leine izenekoa. Dirudienez, Highlandetan XVIII mendea baino lehen erabiltzen zen jantzia alkandora luze bat zen.

XVIII. mende bukaeran eta XIX.aren hasieran sortu zen Highlandetako tradizio berria, alde batetik irlandar kultura bereganatuz eta eskoziar kulturatzat bataiatuz, eta bestalde, kultura hura aintzinakoa zela eta irlandarra bigarren mailako kultura zela defendatuz. Mugimendu honen barruan kokatzen da Kilt-aren garatzea Highlandetako sinbolo bezala.

Eskoziako jantzi tradizionala izatetik urruti, ingeles hiritar batek sortu zuen 1707ko elkartzearen ondotik. 1727an agertzen omen da lehenengoz Kilt izena, Thomas Rawlinson industriagile ingelesak sortua eta eskoziarrei denboran zehar saldua.

1745ean matxinada izan zen Eskozian eta Ingalaterrako gobernuak legez erabaki zuen Highlandetako kultura ezberdindua debekatzea 1746an, eta harekin batera gona. Momentu hartan bihurtu zen Kilt-a tradizio eta nazio defentsa elementu. Ordurarte barbaro arpilatzaileen janzkera zenari ikuspegi romantiko eta primitiboa eman zitzaion.

Ez da arraroa nazioek haien tradizioei antzinakotasun handia ematea. Ba al dugu euskaldunok asmatutako tradiziorik?

 

 

Eskozia, historia, kilt, tradizioa

Historialaria

3 pentsamendu “Tradizioaren Kilteak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude