Torturaren aldeko espainol horiei

Torturaren aldeko espainol horiei –

Hispanitatearen Egunaren bezperan torturaren aurkako horma irudi bati berriz ere eraso zioten Berriozarren. Ez da kasualitatea tortura salatzeko horma irudia kaltetzea data berean, bi urteko tartearekin, Espainiak inposatutako urriaren 12ko festaren bezperan. Gauez eta azpikeriaz egindako erasoan Espainiako banderak ere erantsi dituzte ondoko bide-seinaleetan, sinadura gisa, denok argi ez bagenu bezala egileak espainolak izan direla. 

Torturaren aldeko espainol horiei

Probokazio hutsa izateaz gain, hori da Hispanitatea ospatzeko espainolek duten modu narrasa, Guardia Zibilaren patroia den “Pilarica Eguna” ospatzeko modu zikina, eta, orobat, bada ere Estatu espainolean dagoen inboluzioaren adierazgarri bat. Izan ere, tortura salatzen duen horma irudia zikinduz, torturaren aldeko apologia hutsa egin dute.

Alemanez bada hitz konposatu bat, die Vergangenheitsbewältigung; die Vergangenheit, “iragana” eta die Bewältigung, “gainditzea”, “menderatzea”, “jakitea”. Javier Cercas idazleak diosku hitz hori alemaniarrek erabiltzen dutela adierazteko “etengabeko errebisio iraunkorra [iragan historiko latz bat] gainditzeko”, eta 60ko hamarkadan martxan jarritako prozesua dela, euren iragan naziari aurre egin eta berau gainditzeko prozesua.

Manuel Pastrana guardia zibil ohiak duela gutxi aitortu du telebistaren kameren aurrean tortura Euskal Herriko arerio politikoen aurka erabili dutela: «No voy a invitar a café a un detenido; hay que sacárselo como se pueda. Tanto la Policía, como la Guardia Civil, como todos los servicios [de inteligencia]. Porque en España se ha castigado, sí se ha castigado». Eta TV3ko kazetari katalanak galdetu zionean ea torturei buruz ari zen, erantzuna ezin argiago eman zuen Guardia Zibilaren agintari ohiak: «Obviamente». Bistan da.

1975etik orain arteko tartea kontuan hartuta, Berriozarko hogei lagunek jasan dituzte torturak. Jaime Iribarrenen kasua –1994an bortizki torturatua, libre utzia eta gero ere beste lau aldiz atxilotua– herriko kasurik sonatuena izanik ere, ez da tortura kasu bakarra izan. Espainolek ere noizbait egin beharko dute euren iragan iluna menderatzeko eta gainditzeko prozesua. Bistan da.

Torturaren aldeko espainol horiei
errepresioa, historia, polizia, tortura, Torturaren aldeko espainol horiei
Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude