This is the question: hemengo txinatarra ala hemengo tibetarra zara?

MTUyMA==

Hainbeste itxaroten zena etorri da, azkenean. Mundu guztiak zekien hemen —baita ETAko elastikoa jantzita bizi den nire lehengusuak ere—, lehenago edo beranduago kitto esan behar zitzaiola honi guztiari.

Ehuneko ehunean arrazoia edukitzea (autodeterminazio eskubidearen eskaera), ez da aski borroka armatuari eusteko. Ez bederen gizarteak ezetz esan eta beste bide batzuk ibili behar direla esaten badu. (Jarduera iraultzaileak beti izan ditu gutxieneko baldintzak, ez da hala Gramsci jauna?)

Kontua ez da mundu guztia traidore izendatu eta itsu eta entzungor egitea aurrera dena kontra edukita. Mundu guztia zen azkenaldi honetan traidore, baita euren biztzak ETAren alde eman eta urteetako  jokabide militantean pitzatu bakar bat erakutsi ez dutenak ere.

Ikusten zen bazetorrela, eta etorri da. Eta orain zer?

Ba, betikoa. Horixe. Iparreko eta Hegoko Unionistak euren errotara garia eramaten saiatuko direla. Ez da berria, ez horixe. Baina lur hauetako tibetarrok egoera hobean gaude lur hauetako txinatarrei aurre egiteko, duela egun batzuk baino. Zeren ez baitugu engainatu behar, kontua betiko lekuan dago, eta ez beste inon.

Alferrikakoak izan ziren tranbertsalitatearen kontzeptuaren inguruan esan ziren haiek guztiak. Eta gehiago. Txorrotxio etengabe eta alferrikakoak baino ez.

Gauzak nola diren.

Bi pitzadura handik gurutzatzen dute gure herria: ezker/eskuina da bat, eta euskal abertzale/nacionalista espainiar da bestea.

Bai, esango dute hori ez dela guztizko egia, manikeoa dela nik hemen planteatzen dudan zatiketa, eurak ez direla nacionalista espainiarrak. Unibertsalistak direla, internacionalistak eta kaka zahar hori guztia. Etc. etc.

Zeuk ikusi zer eta nori sinetsi, baina honez gero zaharregia den azeri honek, ikasita dauka, mozorroak ez direla on inauterietatik landa. Aukera ukan dutenean, ederki batu direla nacionalista espainiar ez omen diren horiek, baita eguraldiaren mapa aldatzeko ere. Pareta gaineko oilarra baino harroago jarriz, gainera.

Kontua da Ezker Abertzaleak argitaratutako agiriak, esaten duena esaten duela, eta ez besterik. Eta horren aurrean, lau jarrera erakutsi dutela gainerako guztiek.

1- PPk iruzurra dela esan du.

2- PSOEk ETA esplizitoki kondenatzea eskatu du.

3- Gainerako Hegoaldeko alderdi eta taldeak pozik agertu dira, ñabardurak ñabardura eta aldeak alde.

4- Frantzia eta Europako inork ez dio kasurik ere egin agiriari. (Oraingoz)

Gauzak horrela, sinplifikatzearen aldekoa da azeri hau. Areago, uste du, gure orain arteko desastrea, hain juxtu, ñabardurarekiko daukagun zaletasunak eragindakoa dela, batez ere,  eta hobe genukeela gauzak ikaragarri eskematiko eta xinple ikusten ikastea.

Beraz…

Bai, beraz, esan bezala, bi pitzatu edo arrakala daude gurean: ezkerretik ekuinera doana da bata, eta goitik behera doana da bestea. Horrelaxe izan da hori, Espainiako Gerra eta lehenagotik. Horren arabera norberak ikusi beharko du non dagoen eta zein den bere lehentasuna.

Esate baterako, PSOE eta PP non dauden badakigu: Goitik-beherako arrakalari dagokionean, bat egiten dute biek hala biek. Ostera, EAJ eta PP elkarrekin egon daitezke, bihar edo etzi, ezker-eskuin arrakalari dagokionean, Ezker Abertzalea eta PSOEK bat egin dezaketen bezala… eta horrela.

Badirudi globalizazioa nagusitu eta krisia bere bidetik doan honetan, estatuek ezer gutxi egin dezaketen tenorean, (mundu guztiak egiten baitu bankuen erabakitzen duten politika ekonomikoa), herri proiektu bat dutenen identifikazioa dela garrantzizkoagoa.

Kontu nagusia dirudi orain bi pitzaduretatik bakarra hautatu beharrak: zeinen arabera funtzionatu nahi duzu? Hara hor k0ska.

Sinplifikatzen jarrita, nik uste mundu guztiak daukala  argi hemengo txinatarra ala hemengo tibetarra den erabakitzea dela gaur lehen auzia. Eta bere kastakoekin konponbidean hastea. Zela edo hala.

Bistakoa da EAJ-PNVk tradizio handia daukala ezkontza interesatuetan —unean unekoarekin esposatzen   maisua dela erakutsita dauka—, baina nago 0rain bere antzeko tibetarren adiskidantza bilatzen saiatu behar lukeela, pixkaterako PSOE bazterrean utzita.  Bai behintzat, Diputazioak eusteaz gain, Lehendakaritzan norbait jartzera iritsi nahi badu. (Bide batez: erabakiko al du behingoz nor duen Lehendakaritarako zaldia: Bilbao, Erkoreka, Zenarruzabeitia, Bildarratz…?)

EAJk ez badu bera bezalako tibetarren artean konponketarik saiatzen, jai edukiko du, zeren laister baino lehen agertuko baitzaizkio PSOEri —beste pitzaduraren araberako  (ezker/eskuin)—, maiteagoak zaizkiokeen amoranteak (EA, Aralar, Batasuna, Ezker Batua, Alternatiba…). Orain gezurra lirudikeen diskurtsoa, denborak egingo du eder. Hori beti da horrela. Eta inork baino hobeto daki hori EAJk.

Pozik behar luke EAJk, beraz, pitzadurari bati edo besteari eman arren lehentasuna, bera  beti baita ezkontide beharrezkoa.  Azken agintaldiko salbuespenarekin, orain arte halaxe izan da eta apur batean ere hala izango da, gauzak oso txarto egiten ez baditu, barneko bere kalapitetan indarrak eta denborak xahutuz.

(Hau gozamena, Ezker Abertzalearen Zutik dokumentuaren ostetik, Realpolikaz ari naiz, euskaldunok ere beste edozein bezain normalak bagina bezala. Azkenean Egibarrek arrazoi: ezer ez da berdin izango.)

Irudia | Norberak ikusi beharko zein pitzatuk elkarrarazten duen | ActionDatsun | Creative Commons By SA
Batasuna, ETA, ezker abertzalea, politika

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

2 pentsamendu “This is the question: hemengo txinatarra ala hemengo tibetarra zara?”-ri buruz

  • munduko tibetar grafiteroak bildu gaitezen!!!!!

    ta hori esanda, nahiko ados orokorrean.

    ispilu bat izan da Batasunaren agiria,

    eta ispilu baten aurrean bezela,

    bakoitzak bere beldur, desira, amets eta haserreak

    atera ditu.

    azkenerako,

    Laboa

    hartuko dut gogoan,

    (“la boa y el sombrero” kantu bat zen, Saint Exupery gogoan hartuta ere bai)

    “bakoitzak urraturik berea

    denon artean geurea

    etengabe gabiltz zabaltzen

    gizatasunari bidea.”

  • Zer esan nahi duzu, PSOE ezkerreratu egingo dela ezker abertzalearen parean jartzeko? PSOE orain EAJrekin parekatuta dago ezker-eskuin ardatzean, eta EAJ eta PPren arteko aldea handia da.
    Esango nuke euskal espektroa (eta gizartea) estatukoa baino askoz ezkerrerago fokalizatua dagoela, horregatik ez dut uste ezker abertzalea eskuineratu egingo denik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude