The winter is coming (again)

Game of Thrones telesail arrakastatsuan errespetu handia zor diote neguari. Telesaila negua datorrenaren mehatxuarekin hasten da: The winter is coming, errepikatzen dute etengabe bertako pertsonaiek, idorreriaz jota dagoenaren aurpegieraz.  Negua ez bait da euria, hotza, izotza eta elurra biltzen dituen urtaroa bakarrik, kutsu apokaliptikoa dario neguari, eta besotik helduta dakartza iluntasun amaigabea, orotariko arriskuak, gerrak, eta mendetan lozorroan egon diren izaki fantasmagorikoen biziberritzea. Bere ezaugarririk beldurgarriena, hala ere, beste bat da: denek dakite, gutxi gora behera, negua noiz hasten den, baina inork gutxik aurreikusi dezake zenbat iraungo duen. Neguak aro baten hasiera eta amaiera finkatzen du, eta G.G Martinek asmatutako pertsonaietako asko neguan jaio eta hiltzen dira.

Eskerrak fikzioa den, eta gurean ezin dela horrelakorik gertatu.Hemen negua etorri, eta Zea Maysek bere kantan abesten duen bezala, negua joan egiten da. Azken aldian behin eta berriz entzuten ari naizen kanta da. Sinestearren edo, dagoeneko duda egingo nukeen arren:  Euria ari du gaur ere, atzo bezala, eta bihar antzera ariko da. Ekainaren bueltan, eta neguko arropa linbotik berreskuratu beharrean gabiltza, jaka eta bufandaz kalera irteteko lotsaz. Kanpotik blai eginda, eta barrutik umel antzean, deseroso, hotza hezurretara itsatsi zaigularik. Eguzkia ez da apenas agertzen, agertzen denean ez du berotzen, eta, zer diren gauzak, hala ere, gehienok erreta gaude. Saltsa honekin zaila da jakitea bagoazen edo bagatozen. Kontua da neguak bizi gaituela, eta luze joko duela dirudi. Eskerrak fikzioa garen.

MARTITZENA 13