Telebistaren alde

Telebistarekin gozatzen dut. Oso une onak pasatzen ditut kaxa tontoaren aurrean nire bizitza bestelakoa litzatekeela amestuz. Ezeri ekin baino lehen, badakit fikzioak errealitatea gainditzeko abaguneak irekitzen dizkigula, beraz, oso tentagarri izan daitekeela fikzioa eta errealitatearen arteko muga haustea inguruko arazoak desagertarazteko. Jakinaren gainean nago.

Arestian aipatutakoa kontuan hartuta ere, telebista ikusten dut egunero errealitatetik alde egin nahian. Batzuetan, Homer Simpsonek bizitzak eskeintzen dizkion aukerei heltzeko daukan erraztasuna nireganatu nahiko nuke. BesteetanĀ Modern Familyn azaltzen den Phil Dunphilen bizipoza kutsa liezadakeela ere gustuko nuke. Izan ere, telebistaren aurrean bestelako balizko mundu horretara bidaiatzen dut, non bizitzak ezartzen dizkidan mugak ez baitira existitzen. Hitz gutxitan, arnasa hartzeko parada eskeintzen dit telebistak, ez gehiago; ez gutxiago.

Askotan telebista alienatzeko tresna bat dela entzuten dut. Ez dut kontrakoa esango, baina ulertzen ditut lanegun gogor baten ostean telebista pizten dituzten guztiak, errealitate gordina gainditzeko entretenimenduzko telesaioak ikustea normala delako. Bizitza ez da batere xamurra, hortaz, ez zaizkit batere gustatzen moralistarena eginez telebista ikusten dutenak kritikatzen dituztenak. Batzuk ez dira konturatzen errealitateak itota ere hil daitekeela.

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.