Telebistako eztabaidan jokoan dagoena

Adituek diotenez, hautes-kanpainaren azken astean gutxi gorabeheratzen da boto emailearen erabakia. Salbuespenak salbu (Jospin-Chiracek jokatu zutena, esaterako), hautesleriak hauteskundeen aurreko astebururako erabakitzen du bere botoa. Ez da zientzia zehatza, jakina, eta egoera bakoitzean ikusi behar.

Gurean, inkestek datu kontraesankorrak ematen dizkigute bai parte hartzearen inguruan, baita boto-emaile dudatien inguruan ere. Horietatik ezin ondorio zehatzegirik atera. Nire ustez, zalantzatienak norabide hauetan mugitzen dira:

PSE-PNV artean. Balizko boto trasbase horrek erabakiko du balantza: PSE asko jaisten bada, EAJk erraz irabaziko du. Aldiz, PSEk bere duintasun elektorala nolabait mantentzen badu (demagun, 16-17-18 eserlekurekin), orduan EH Bilduk aukerak izango ditu EAJrekin berdindu edo berau gainditzeko.

Abstenzioa-PSE artean. Zenbaterainoko boto “ezkutua” izan dezake PSEk? Horra estimazio bat kozinatzeko formularen gakoa. Orain artean, PP izan da boto ezkutu hori izan duena, alegia, inkesta bateko galderari ez esan arren, gero botoa ematen diona. Fenomeno hau PSEn eta hauteskunde hauetan gertatzen ari da? Ezin jakin. PSEko boto emaileak abstentziora joango dira asko. Hainbeste? Ikusiko dugu, baina bere emaitzan eragin handia izan lezake.

PP-EAJ artean. Nire zalantzak ditut 2009tik 2012ra zenbateko pisu elektorala izan dezakeen trasbase honek. Zabaldu diren datuak (%25 eta abar) 2011ko Orokorretako datuetan oinarritzen dira. Halare, izango da ariketa hori egingo duenik. Klabea hor egongo den dudak ditut, ordea. Hala gertatuko balitz (eta jakinda PPtik UPyD eta abstentziora ere joango direla), PPren danbatekoa monumentala litzateke, 2009ko emaitzak jada 1994tik izan zituen txarrenak zirela kontuan izanda.

Abstentzioa-EAJ artean. Jelkideen mamu nagusietakoa. Joseba Egibar eta Urkulllu bera kezkatuta daude inkestek beren boto-emailea desaktiba dezaketela-eta. Ez zaie arrazoirik falta: ez badute beren hautesle periferikoa motibatzen, sustoren bat izan dezakete. EAJ ez da “aldaketa”-ren ikur, garai bateko politika “arrakastatsuen” ikur baino. PPk halaxe irabazi zuen azaroaren 20an Espainian. Irabazi, ez bere boto-emaileak igo zirelako, PSOErenak jaitsi zirelako baizik. Mariano Raxoik, ordea, ez zuen hegemonia lehiatuko zion EH Bildurik parean, katastrofetik gertu zebilen PSOE ahula baizik.

EH Bildu-EAJ artean. Trasbase hori, bi norabidetan, txikia izango da, nahiz eta inkestek dudak bi horien artean jarri, boto leialena dutenak ere bai baitira. Nago EH Bilduk eta EAJk beste nonbait dituztela euren hazteko espazioak.

Ezkerra oro har – EH Bildu. Abstentzionista aktiboak, ezkertiar ez-abertzaleak, aldaketaren aldeko segmentu sozialak, politikarekiko desenkantatuak… zaku oso bat dago bere botoaz dudan ari dena.Eta, hauek bai, azken unera arte pentsa dezakete erabakia. Kuantitatiboki neurtzea zaila egiten bada ere, boto-emaile berriak lirateke EH Bildurentzat, eta boto-emaile berri bakoitzak, kontestu honetan, triple balio du, gutxienez.

PP-UPyD artean. Ojo UPyDk PPri kendu ahal dionarekin. Ez da broma. Orain arte “Si tu no vas ellos ganan” estiloko kanpaina batean Basagoitik ez luke konpetentziarik. Baina Rosa Diez, Gorka Maneiro eta konpainiak marka guztiak hausten dituzte. Espainiako joera elektorala ikusi besterik ez dago.

Gauzak honela, Telebistako eztabaidan, estrategiak honokoak izan daitezke: Urkullu boto-emaile periferikoak aktibatzera, PSEren segementuak disputatzera; Laura Mintegi boto ezkertiarra eta aldaketaren aldekoa bereganatzera; Patxi Lopez PNVrekin disputan duena, PPtik 2009an etorri zitzaiona eta abstentziora joan dakiokeena erretenitzera; Basagoiti motzean enrokatzera, alegia, egurra banatzera, hazteko esperantzarik gabe, bere boto-emaileak UPyDra eta beste lekuetara joan ez daitezen.

Ion Ansa cc by sa

Jatorrizkoa Toliati blogean

Zer duzu buruan “Telebistako eztabaidan jokoan dagoena”-ri buruz

  • Gipuzkoako artikuluan jarri dudan bezala:

    EH Bildu – 27
    PNV – 25
    PSOE – 12
    PP – 9
    Ezker Anitza – 1
    UPyD – 1

    Eta Urkullu lehendakari, espainolismo guztiaren aldeko botoekin.