Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian

Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian

Martxoaren 11n (larunbata), 21:00etan, emakumeek zientzian duten egoerari buruzko saio berezia emango dut Teknopolisek, ETB1ean.

Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian

Munduko ikertzaileen herena baino gutxiago dira emakumeak; % 28, UNESCOren arabera. EAEn, % 35 dira, baina, ardura-eskalan zenbat eta gorago jo, orduan eta txikiagoa da ehuneko hori.

Berdintasun falta ez da zientzia-arloaren berezitasun bat, baina kontu batzuk zientziari dagozkio berariaz. Adibidez, medikuntzan, botika berriak probatzeko edo gaixotasunak ikertzeko, ia sistematikoki baztertu izan dira emakumeak. Ondorio zuzen bat: emakumeetan hilgarriagoa da infartua, gutxiagotan diagnostikatzen delako garaiz. Eta Estatu Batuetan, esaterako, merkatutik kentzen diren botiken % 80ren atzean emakumeetan agertu diren albo-ondorioak daude, ikerketa-fasean aztertu ez zirenak.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, saio monografiko bat eskainiko diogu emakumeek zientzian duten egoerari. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizon baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa? Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?

Hori guztia aztertuko dute, mahai-inguruan, hiru aditu hauek:

  • Teresa Nuño Angos, Kimikan doktorea eta EHUko berdintasunerako zuzendari ohia.
  • Arantxa Gonzalez de Heredia Lopez de Sabando, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ikertzailea, berdintasun-planaren koordinatzailea.
  • Elena Aldasoro Unamuno, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko medikua, medikuntzan eta berdintasunean aditua.

Mahai-inguruaren osagarri, beste lekukotza batzuk ere azalduko dira:

  • Ainhoa Madariaga Martinez, Ikerbasque Fundazioko proiektu-kudeatzailea.
  • Estibaliz Capetillo Zarate, Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzailea.
  • Marta Macho Stadler, UPV/EHUko matematikaria, Mujeres con Ciencia blogaren sortzailea eta 2016ko Berdintasunerako Emakunde saria.
  • Ana Galarraga Aiestaran, Elhuyarreko Zientzia Unitatearen komunikazio-arduraduna.
Teknopolis-en saio berezia: Emakumeak zientzian

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.