C. Tanganaren kontzertua bertan behera uztearen alde eta kontra

Tanganaren kontzertua bertan behera uztearen alde eta kontra –

Zeinen gai korapilatsua den adierazpen askatasunarena, “zure askatasuna nirea hasten den tokian amaitzen da” baino katramilatsuagoa, ziurrenik. Txioerrian eztabaida piztu da: orain arte askok ezagutzen ez genuen musikari espainiar batek emanaldi bat dauka programatuta Bilboko jaietan, udalak antolatuta. Bere kantetako letrak sexistak dira; eta ez, kasu honetan ez dago interpretazioetarako margen handirik.

Azkenean Bilboko Udalak emanaldia bertan behera uztea erabaki du.

Tanganaren kontzertua bertan behera uztearen alde eta kontra

ALDE

Uste dut zezenketak debekatzea baino are hobea dela zezenketak bertan behera geratzea publiko faltagatik. Baina ez da kasua. Estilo honetako hamaika musikariren kontzertuak jendez mukuru izan ohi dira, duela gutxi Zarautzen gertatu zen bezala. Adostasun zabala dago puntu baten bueltan: erakunde publikoek ez lukete horrelako jendea kontratatu behar. Baina, behin paperak sinatuta, zer egin? Kontzertua mantendu ala bertan behera utzi?

Nik bertan behera uztea nahi nuen.

Kultur munduko hainbat lagunek zentsuratu pairatu izan dute urteetan zehar, eta eskatu dute haiei egin zietena ez egiteko tipo honi. Nire galdera da: zergatik ez? Estatu espainiarrean pentsamendu antikapitalista, ezkertiar eta independentista garbia zeukaten hamaika talderen aurka jo dute instituzioek eta kaleko mugimendu faxistek, kontzertu horiek haiek ordezkatzen duten guztiaren aurka doalako. Une honetan ez da Euskal Herrian izango mugimendu feministak haineko indarrik eta mobilizazio ahalmenik duen inor: osasuntsu dago, indartsu, erantzuten eta berea eraikitzen, geroz eta emakume (eta gizon) gehiago daude genero problematikaren inguruan kontzientziatuak…

Zergatik ez erabili indar hori etsaiaren aurka? Ez al da, horrela ere, hegemonia eraikitzen? Eta kontrako buelta datorrenean, hots, talde euskaltzale, independentista, feminista edota antikapitalista bat euskal lurretan zentsuratu nahi dutenean, kontzertu hau zentsuratzeko balio izan duen presio bera erabili bestea oholtza gainera igotzeko. Gatazkari beldurrik gabe.

“Ez egin besteari zuretzat nahi ez duzuna” esaldiari kristautasun usaina dario; eta bere horretan ez dago gaizki, baina munduak ez du horrela funtzionatzen. Lerro hauetan iritzi ezberdina trukatzen ari garen adiskideak gizonezkoak gara, eta ez dugu herri bateko jaietan bortxatuak izateko batere beldurrik; beraz, iritzia eman eta arduratu bai, baina ondorio gordinenak ez ditugu guk pairatuko. Kontu honetan mugimendu feministari dagokio hitza eta erabakia.

Agian, egunen batean euskalgintza mugimendu feminista bezain indartsu badago, berdina egin ahal izango du gure hizkuntza mespretxatzen dutenekin, eta merezi duten tokian jarri; akaso, noizbait independentismoak kaleko pultsua berreskuratzen badu, talde faxista eta inperialistei stopa emateko gaitasuna izanen luke; beharbada, etorkizun batean, mugimendu antikapitalista sasoiko bada, langileen lan baldintzak errespetatzen ez diren kontzertu guztiak boikotatu ahalko ditu.

Eta bitartean, egunero, lanean segi, zezenketa jai batzuekin gertatu den bezala, horrelako jendea ekartzeari uzten dieten arte. Publiko faltagatik. Edo erakunde publikoak gureak izango direlako.


.

KONTRA

Anton Alvarez Alfaro filosofian lizentziaduna ei da, baina ez ditu gazteak bere esanei adi izaten horregatik, goitizenarekin kantatzen dituen trap doinuengatik baino. C. Tangana du ezizena, RAEren arabera gazteleraz iskanbila edo eskandalu adiera duen hitza, edo are, baita ziria edo iruzurra ere, beste esanahi batean. Edonola ere, abuztuaren 24an Bilboko Aste Nagusian jotzekoa zen madrildarra, harik eta letra matxistak kantatzen dituela salatu den arte -eta eskerrak Bilboko Udala jabetu den, ez dezagula hiriko kultur politika ezbaian jarri!-. Laburtuz, C. Tanganak bilbotarren dirua kobratuko du zuzenean jo beharrik gabe -kontratua sinatzeak horixe dakar, lagun- eta zaleak haserre dira, aipatu kantuak dantzatu ezingo dituztelako.

Izan ere, eta hemen dago afera honetako konturik garrantzitsuena, egun musika entzuteko erabiltzen diren plataforma erabilienetan milioika entzunaldi ditu C. Tanganak -aditu al duzue bere kanturik sekula?-, eta milaka jarraitzaile, nerabeak asko, guri jada hain ulertezin eta arrotz egiten zaigun trap-a baitago boga-bogan. Izango ote du ezezagutza honek kalapita honetan zerikusirik?

Zergatik? Zer dela-eta daude milaka gazte, neska zein mutil, oholtzatik kantari batek etengabe “puta” oihukatzen duen bitartean ipurdia mugitzeko prest? Nola egin dute kantatzeko molde hori bere, zer eskaintzen die, zerk erakarri C. Tangana delakoaren jardunetik? Oraintxe genuen guzti honetaz eztabaidatzeko abagunea, adierazpen artistiko berriak ulertzen saiatu edo zalantzan jartzekoa, zeri egiten dioten mesede edo kalte kantatutako letrek, matxismoa betikotzen laguntzen ote duten itauntzekoa; oraintxe genuen abagunea, gustuko ez duen guztia mututzearen alde baino egiten ez duen gizarte ahula ez bagina, zentsura eskarietara baino mugatuko ez bagina -eta mesedez, ez etorri ezatera diru publikoaren erabilera dela hemen gakoa!-.

Nik emanaldiak aurrera egitea nahi nuen.

Hasteko, Igor Elortzak txio bidez hain modu pedagogikoan esan duenagatik: “Agerian utzi, kontra egin, arbuiatu bai. Boikotatu, bertan behera utzi, debekatu ez”. Gero, jakin-mina nuelako. Batetik ikusmin gaiztoa, abuztuaren 24an herritarrek kontzertuari zein erantzun emango zioten ikustekoa; eta bestetik zintzoagoa, artistak berak eta, batez ere, trap zaleek esateko zer duten jakitekoa -norbaitek hitz egin dezala C. Tanganaren jarraitzaileekin, otoi!-. Egia esatera, fokupean jarritako kantuak baino arriskutsuagoa iruditzen zait hitz ez hain gordinez maitasun erromantikoa betikotzen duen milaka eta milaka kantuetako edozein.

C. Tanganari gurutzea jarrita, Pedro Capók ordezkatuko du orain Bilboko Aste Nagusian. Puerto Ricoko artistak reggaeton hondartza zale eta buenrollista jotzen du, eta “Calma” du kanturik ezagunena. RAEren arabera, gazteleraz bakea eta lasaitasuna adierazten omen du hitzak. Baita atmosferaren egoera ere, haizerik ez dabilenean. Aburtoren Bilborentzako askoz aproposagoa, C. Tanganaren sexu fantasia zikinak baino.

Tanganaren kontzertua bertan behera Tanganaren kontzertua bertan behera  Tanganaren kontzertua bertan behera
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

14 pentsamendu “C. Tanganaren kontzertua bertan behera uztearen alde eta kontra”-ri buruz

  • Eztabaida konplexu bezain interesgarria, parrafada luzeetarako ematen duena, baina laburretik joz, adierazpen askatasunaren alde eta debekuaren kontra zergatik nagoen azalduko dut. 40 urte inguruko emakumea naiz, ez zaizkit gustatzen jaun horren kantak, ez eta antzeko beste askorenak ere, hala ere uste dut bere fantasia sexualak kantatzeko eskubide osoa duela nik erdaldunei buruzko txisteak egiteko edo gobernuaren aurka nire iritzia emateko dudan bezalaxe. Ez diegu beldurrik izan behar kantei, liburuei, txisteei, diskurtso politikoei, iritziei… astakeria galantak irudituta ere. Gizarte heldu, osasuntsu eta burujabe batean, argudioek, eztabaida eraikitzaileek, ideien elkartrukaketak, soluzio injeniosoek egiten dute jendea indartsu. Debekuak nire ustez, infantilizatu, eta ez gai beldurti gisa tratatzen ditu pertsonak; debekua ahalduntzearen kontrakoa da, eta, batzuetan berehalako konponbidea dirudien arren, izugarrizko arazoak sortzen dituen ekintza autoritarioa da. Nik ez beste inork ez du behar inor pulpitotik esaten zer den ona edo txarra gizartearentzat, berdin zait apaiza, feminista, edo iraultzailea den. Ez dut behar inork babestu nazan Tangana eta enparauengandik, gizon horrek halakoak plaza publiko batean kantatzeak ez nau iraintzen, ez du inolako botererik nigan, pentsatzen duen emakume indartsu eta librea naizelako.

  • euskaldun bat 2019-08-10 11:58

    Kontua da errua Bilboko udaletxeak duela hasieratik, horrelako pizti zikin bat ekartzea erabakitzeagatik. Eta orain atzera bueltatu ezinik, polemika, zentsura bai ala ez eta kaka guztia. Aburto jauna, abertzale de pakotilla! Kasu hau ez da zalantzazkoa: abestien letrak ikusita, tipo hau beste garai batean erreformatorioan egongo litzateke! Baina garai anormaletan bizi garenez, horrelakoak gertatzen dira. Gainera zertara dator aborto español hau kontratatzea?! Ez al dago euskal talderik hor zehar? Garai batean ez luke honek Euskal Herrira etortzen lanik izango, ez horixe! Baina ordezkoa zein ekarriko eta beste antzeko bat! Albistegian ikusi nuen ordezkoaren klip bat: hondartzan neska txiki ipurdi panpintxoak astinduz. Baina zer da hau! Kasu honetan feministekin guztiz bat denok! Tipo hau ez da hemen sartuko! Joan hadi borboi zaharrarekin popatik hartzera espainiako kloaketara!

  • Amonamantangorri 2019-08-10 17:59

    Tangana honen harira, jakin dut beste euskal udalerri batean antzeko polemika izan zutela, kasu hartan udalak Mojinos Escozíos taldea kontratatu zuelako. Izan ere, taldeak badu kanta bat, “Mucho gay, eso es lo que hay” izenekoa, homofobo eta matxistatzat seinalatua.

    Asuntoak ez zuen igual hainbesteko sona eduki, ni behintzat ez nintzen enteratu. Gertatua, bertan egondako militante feminista bati irakurrita dakit.

    Berrogeita hamar emakume inguru kontzertuan azaldu omen ziren, protesta egitera. Han bildutako ikusle zenbaitek sekulakoak esan omen zizkieten, baita bakarren batek ipurdia ukitu ere, en fin.

    Azkenean, udalak barkamena-edo eskatu omen zuen, kontratazio hartan berdintasun politikak ez betetzeagatik. Antza, kontratua egin aurretik taldearen errepertorio osoa ez zuten aztertu…

    Militante feminista hark ekinbide hura defendatzeko ematen dituen argudioek erabateko logika perfektoa dute: pribilegio maskulino heteropatriarkal batetik ezin da umorea egin kolektibo zapalduei buruz. Kanta hori (auto)parodia eta burla hutsa dela ulertuta ere (izan ere, argi eta garbi halaxe da, taldearen estiloa nolakoa den jakinda), horrelako kantak egitea gaizki dago. Kanta hori eraso bat da, zanpakuntza, bortxakeria, eta udal batek ezin du bere jaietako programan sartu.

    Esan dut argudio sorta horrek erabateko logika inplakabea duela. Kontua da, pentsaera hori hasieratik bukaeraraino erokeria hutsa iruditzen zaidala; moralina hutsa, bertsio progrean.

    Susmoa dut udaoro, herriko jaien garaia iristean, horrelako egoera polit gehiago ikusi ahalko dugula. Eztabaidatu beharko litzateke ea politika kultural neomaoista honek zenbat aberasten eta askatzen gaituen jendarte gisa. Betaurreko moredun militanteen konbentzimendua erabatekoa da, jakina, haientzat ez dago nabardurarik, ez kontzesioetarako tarterik.

  • Azken Portu 2019-08-10 18:53

    Amonamantagorri: abisatu behar duzu testu osoa irakurtzeko, lehengo paragrafoekin aho bete bete hortz gelditzen ari nintzen 😉
    Bizitzen ari garen giro kulturalari maoismoarekin baino, puritanismo nazional-katolikoarekin antz handiagoa bilatzen diot.

  • euskaldun bat 2019-08-10 23:28

    Eta zuei zer gertatzen zaizue? Maoista ote den bat eta beste eztabaidatzen… Abestiko letra alde batera utzita, normala iruditzen al zaizue hemengo festetan taldeak kanpotik ekartzea diru publikoz ordainduta, zer eta españolez abesteko, hau da, gure gaztetxoek erdal erreferentzia gehiago izan ditzaten? Zertan gabiltz orduan belarriprest eta antzekoekin? Mojinos eskozios?! Nola gabiltz gaztetxoen erdal akulturazioa bultzatzen? Lotsa ez al dizue ematen adierazpen askatasunaz eztabaidatzeak espainiar kloakatako jendaila hau aintzat hartuta?!

    Eta Bilboko udaletxeak proposatu duen bigarren abeslari hori? Hori ontzat ematen al dute feministek? Lehenengo horren berdina da eta! Hemen norbaitek ulertzen al du zerbait zer gertatzen den?!

  • euskaldun bat 2019-08-10 23:30

    Eta Fermin Muguruza personaje honen alde agertu dela Twitter-en?! Hori zer, hori nola hartu behar da? Bera ere berdina dela, ezta?

  • Ba hori hartu behar da honela: C Tangana ezagutu zuela eta izugarrizko zirrara eragin ziola. Zaharra sentitzen zen eta C Tangana ezagututa gazte sentitu zela. Eta gazte sentitzearen truke edozein prezio ordaintzeko prest dagoela.

    https://podcast.eus/fermin-muguruza-batzuetan-amodioarekin-bestetan-aldiz-gorrotoarekin/

    1:21:10 etik aurrera.

  • Azken Portu 2019-08-11 12:30

    Fermin Muguruzaren jarrera erabat koherentea da: faxismo gorri-horiaren zentsura hainbeste aldiz jasan eta gero, faxismo morearen zentsura salatu du. Ez dago espantuka aritzeko motiborik, euskaldun bat.

  • euskaldun bat 2019-08-11 13:14

    “Hago que tu puta se empache, hago que se calle y se agache…”. Azken Portu, euskal gazteen aurrera horrelakoak botaz datorren espainiar zaborra jasateko prest al zaude? Zuri zer gertatzen zaizu? Ez desbideratu eztabaida, hau ez da faxismo morea, hau zabor española da. Fermin Muguruza ez da artista bat, inoiz ez da izan. Beste artista deituriko askok bezala eskandalua eta probokazioa erabiltzen ditu ospea lortzeko eta herri txikia garenez, ezer askorik gabe ospea lortzeko gai da. Baina ez da artista. Eta afera honekin, maskara kendu eta bere benetako aupegia zein den erakutsi du: zaborra.

  • Peru_Gabiriko 2019-08-11 13:32

    Permin Mugurrusa. Aitortu beharko diogu hamaika mozorro desberdin erabiliz ezker abertzaleko gazteriaren energia kanalizatzeko trebezia izan duela gure brigadistak. Ni ere, nire belaunaldiko asko bezala, KORTATUren saltsa horretan dantzan ibilitakoa naiz. Taberna guztietan ipintzen ziguten eta gure inkonszientea harrapaturik zeukaten. Orain aldiz, hotz-hotzean atzera begiratuta, abesti haietako letra zoroek zer meritu zeukaten??
    Haiekin ere nahiko “tangana” ematen zigutela aitortu behar…

    Eta guk irentsi…

    Oraingo kasuan ados nago euskaldun batekin: mantxurriano hau joan dadila Ebrotik behera nahi dituen kontzertuak ematera, baina ez dadila gure kontura aberastu..

  • Sare sozialetan irakurritako iruzkinetatik ondorioztatzen dut gehiengo handi bat ados gaudela C tanganaren letrak arbuiagarriak direla. Gakoa da arbuio hori nola adierazi.
    Batzuen ustez kontzertua ematen utzi behar zaio eta arbuioa bertan adierazi. Honek suposatzen du boteregune bat eskaintzea bere zaborra zabaltzen jarrai dezan. Botere estatus batetik emakumeak gutxiestearekin nahikoa ez, eta gainera eskenatokiak ematen duen boterea eskainiko diogu diru publikoz ordainduta. Arbuioa adierazi nahi dutenak desabantaila egoera nabarmenean utziko lituzke hau egiteak.
    Beste aukera da arbuioa hasieratik adieraztea, hemen egin den bezala eta ateak ixtea. Letra faxista, arrazista eta homofoboak dituen talde bat onartuko ez genukeen bezala, letra misoginoak dituen gizontto harroxko bat ere ez onartzea. Kasu honetan feministak azkar ibili dira eta gauzak ongi argudiatuta egin dituzte.
    Azken Porturi: gizontto harroxko hori lasai asko aritzen da faxismo hori-gorriak agintzen duen lekuetan, bai herrietan, bai eta komunikabideetan ere.

  • Amonamantangorri 2019-08-11 16:16

    “Sare sozialetan irakurritako iruzkinetatik ondorioztatzen dut gehiengo handi bat ados gaudela C tanganaren letrak arbuiagarriak direla”.

    Nik lehen ere bai, baina orain ezin. Libertate hori ostu didazue.

    Los Chicos del Maizek C Tanganari kristoren egurra ematen diote kanta batean. Orain ez naiz hasiko horretan. Orain Pedro J.-ak zuzendutako hedabide batean argitaratutako artikulua defenditu beharrean nago, besteren faltan. https://www.elespanol.com/cultura/20190810/podemos-hacer-ridiculo-tangana-chulo-no-violador/420208860_0.amp.html

    Botere posizioak aipatuz… Zer egin botere esparru batzuren jabe zarenean? Zer egin udalbatzek zurekin kontatzen dutenean aholkulari-batzordeetan parte hartzeko? Zer egin alderdi politiko potente batek esplizituki esaten duenean “Mugimendu feministak eskatu digu hau egiteko”?

    Alegia, esan beharrean “Hauei bai, hauei espazioak eman, jaialdiko kartelean ez daitezela egon bakarrik gizonezko iletsuen punk-rock-metal taldeak, joder, nahikoa da, zabaldu panorama”,

    Horren ordez, zenbait jende, sanedrin moralista bat osaturik, badabil esaten “hau ez dator, beste hori ere ez; eta beste haiek badute-eta kanta halamoduzko bat, nahiko susmagarria, dudaren aurrean, ezta ere”.

  • Abeslari baten hitzei beldurra badiegu jai daukagu! Musikaren eragina hain indartsua balitz, hainbeste urtez Negu Gorriak, Rage Against The Machine, Silvio Rodriguez eta La Polla EHko txosna, taberna, irrati eta telebistetan entzun eta gero ez genuke EAJ eta PSNko gobernurik izan beharko ezta??
    ADIERAZPEN ASKATASUNA, gustuko ez dugun hori esaten dutenentzat ere (bestela ez da askatasuna!).

  • bi gauza:

    Onintza Enbeitak pankartak eta jasan behar izan zituenean, mundu guztiak defendatu zuen. Eta ondo iruditzen zait, izan ere halakoak ez dira egin behar ezta pertsonak erasotu. Eta hori Onintza Enbeitak botatakoak izugarrikeria bat izan zirela. Baina honek ez du esan nahi pankartak eta boikota egin behar zitzaionik. Kurioski, Tanganaren kontra gehen agertu direnak ere ados zeuden Enbeitaren adierazpen askatasunarekin. Eta bai, hori defendatu beharra zegoen, baina defentsa horren izenean, funtsean (izugarrikeria ote zen ala ez) ezin izan zen estabaidako “adierazpen askatasuna” bihurtu zelako gai zentrala.

    Izugarrikeria handiagoa izan zen Hasier Etxeberriaren heriotza ospatzea. Honek kritika bai sortu zuen. Boikotik ez zen egon, ezta beharrik ere, adeirazpen bat bakarrik zian baitzen. Baina hain zuzen, hau gehien justifikatu zutenak “adeirazpen askatasuna” erabili zuten. Orduan bai bazegoela hura defendatu beharra. Eta kontra zeudenak “matxistak” ziren, “ez dakizuelako emakume batek nola erantzun behar duena” eta blablabla.

    Aldiz orain alderantzizkoa da egoera. Galdera: Nork aukeratu ditu morezko pope hauek adierazpen askatasuna zer dene ta zer ez den esateko?

    Beste ohartxo bat: batzuk esan dute zer egin “taldefaxista edo arrazista” bat ekarriko bagenu. Gertatu zen, Pussy Riot eskuin muturreko talde ezagunak jo zuen Bilbon. Eta ezagunak ziren Maidanari emandako babesagatik. Nork zuritu du Pussy Riot euskal ezkerraren artean? Pope moreek.

    bestetik “zer egingo zenuke”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude