Talde arrunta bihurtu gaitu Martínez-ek?

Javi Martínez joan zaigu. Bai, ez genuen sinetsi nahi, baina Martínez Munichera joan da. 40 milloi laga ditu kutxan, baina aitor dezagun ez dakigula diru guzti horrekin zer egin. Nor ekarri? Izen asko entzun ditugu, baina argi ezer ez. Dena den, izen guztiek ez lukete geure harrotasunak sofritu duen mina arinduko. Jokalari batek beste taldera batera joatea deliberatu du, Athletic alboratuz, geuretzat ezinbestekoa dena gauzatuz. Talde arrunta bihurtu gaitu.

Aitor dezagun: ez gara munduko talderik onena. Kirol arloan ez behintzat. Gure artean bai, eta munduko afizio onena ere gu-geu gara; gu gara nagusiak, alegia. Baina Javi Martínez-ek eman digun kolpeak geure harrotasuna astindu du. Ezin dugu ukatu. Izan ere, Bilbon klausulak ordaintzera ohituratuta gaude. Javi Martínez horrelaxe etorri zen. Horregatik, maite gaituzte hainbeste Donostian eta Iruñean. Orain, errealzale eta osasunazaleak bezala sentitu gara. Hori da atera behar dugun lezioa: guk ere berdina egin dugu eta orain pairatzea suertatu zaigu, besterik ez.

Dena den, Athletic-zaleok ez diogu Bayern-i errua bota; Iruña eta Donostian gurekin egin ohi duten bezala. Egia esan, Martinez joatea baino, joateko moduagatik haserretu gara zurigorriok. Taldeari abixatu gabe Alemaniara abiatzea ez da talde bat uzteko era onena. Afizio eta beste jokalariekiko errespetu falta ikaragarria izan da hori, eta uste dut, hori izan dela gehien mindu gaituen alderdia. Gainera, eskerrak eman barik joan da. Okerrago ezin. Bilbon ondo tratatu eta pagatu diogu, esker diezagula behintzat.

Baina oraindik kontuak argitzeke ditugu Bilbon. Llorente eta Amorebieta sinatu gabe ditugu oraindik. Llorentena “ulergarriago” izan liteke. Bilbon ez gara berarekin ondo portatu, aitor dezagun behingoz. Ez dakit zenbat marabilla egin behar izan dituen errixoarrak txalo artean zelaia uzteko. Gainera, “espainol”-tzat dute askok. Hori ezin dut ulertu, ze ez da Espainarekin aritu den bakarra. Amorebietarenak sumintzen nau, aitzitik. Ez dakit zenbat tontekeria aguantatu diogun diru eske ibiltzeko. Joan dadila nahi baldin badu, baina bueltatu barik mesedez.

Hauexek dira futbol “posmodernoaren” ondorioak. Profesionalak elikatu ditugu, baina “diruaren morroiak” ere bai. Martínez Bilbotik era onean joan ezkero, ez geniokeen ezer aurpegiratuko. Berak egin ditu gauzak txarto, Llorentek eta Amorebietak bezala. Profesionalki hazi nahi izatea uler dezaket, baina afizioa eta taldekideak izorratu barik. Mesedez eta arren. Lio asko du jende apalak pellokeri hauek aguantatzeko. Llorente bako Athletic egon da eta egongo da. Gera dadila, baina ez dezala pentsa bera joan ezkero taldea desegingo denik. Oker legoke hori pentsatuko balu.

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.