Tafallak topa egiten badu…

Tafallak topa egiten badu…

Brindisa desio onenak opa direla adierazteko modua da hainbat kulturetan; hitzaren jatorria alemanieratik dator, bring dir’s, eta “eskaintzen dizut” esan nahi du. Hizkuntza askotan ikasten dugun lehen hitzetakoa da: irlandar gaelikoz “slontxa” (grafia zaindu gabe), errusieraz “nazderrobia“, “salute-salud-salut” eta abar hizkuntza latino ugaritan, “prozit” alemanieraz, “skol” danieraz, “lexain” hebreeraz…

Tafallak topa egiten badu...
Arg: La Voz de la Merindad

Guk “topa” egiten dugu, eta “osasuna” eskaini; eta euskaraz, Euskal Herria buruan eta preso eta iheslariei elkartasuna “eskaintzen zaienean” topa eginez, batzuk basoak eta besteak epaitegietako mailuak altxatzen dituzte. Euskal Herrian topa egiteak Estatuarekin topo egitera eraman zaitzake. 

Bina urteko kartzela zigor eskaerei egin beharko diete aurre bihar Tafallako hiru lagunek, herriko jaietan presoen alde topa egiteagatik. Bi urteko espetxe zigorra, hiru urte zaintzapeko “askatasunean”, eta 6420€. Horregatik norbait Audientzia Nazionalera bidaltzeko gai badira, bada tenorea onartzeko guztiak gaudela zaintzapeko askatasunean inongo epaiketaren beharrik gabe, herri okupatu batean euskaldun jaio ginen unetik aitzin.

Tafallako Udalak beren babesa eskaini die auzipetuei (UPN eta PSN ezik); hitzez eta idatziz, espero dut, eta ez topa eginda, bestela Goldazarena alkateari ere kotxean tokia egin beharko diote Madrilera joateko. Ez zen lehen aldia izango, iaz ere joan behar izan baitzuen. Auzipetuak Oier Araiz, Gorka Labat eta Fernando Sota dira. Sota Guardia Zibilak atxilotu zuen aurretik, orduan ere errepresaliatuei sustengua adierazteagatik.

30 urtetan egin dute topo hainbat tafallarek topa egiteko, eta ez da arazorik izan orain arte, baina inkisizioa ari da bere jomugak fintzen, zehazten eta zabaltzen, aldi berean; justizia espainiarraren maskara kentzen dute apurka, eta disidentzia politikoa ezabatzeko estatu kolonizatzaile batek daukan tresna dela geroz eta argiagoa utzi. Ezin diogu Audientzia Nazionalari eskatu, exijitu, ez dezala hori egin; horretarako jaio baitzen eta hori baita bere xedea.

Igande eguerdian manifestazioa egin zen herrian, eta “elkartasuna ez da delitua” lemapean 1200 lagun inguru atera ziren kalera. Auzipetuek babesa eskertu eta nabarmendu zuten non dagoen afera guzti honen erroa: herrian mugitzen den jendearen aurkako erasoa dela, funtsean.

Abestiak dio Tafallak abesten badu Euskal Herriak abesten duela. Bada Tafallak topa egiten badu, egin dezala topa Euskal Herriak, eta osasuna. Bring dir’s.

Tafallak topa egiten badu…