Tabernak, maitasuna, kalea

Tabernak, maitasuna, kalea –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

Tabernak, maitasuna, kaleaLaurogeiko hamarkadaren amaieran oso famatua egin zen Gabinete Caligari talde espainiarraren Al calor en un bar kantua. Parrandetan abestu ez ezik, dantzarako motiboa ematen zuen, gainera. Abestiaren leloa ahots betez kantatzen genuen, eta hala zioen: Bares, qué lugares tan gratos para conversar. No hay como el calor del amor en un bar (Tabernak, zelako leku atseginak solaserako. Maitasunaren beroa taberna baten baino gauza hoberik ez dago).

Niri neuri letra zati horrek zirrara bitxi bat sortzen didala aitortzen dut. Oso bisuala egiten zait, eta ia film baten bezala ikus nezake neguko hotzetan, taberna atsegin bateko barra bazter baten maitearekin izandako berbaldi goxo eta konplizea; non mundua edaritegi horretako txoko horretara mugatzen den, unibertsoa finitua, kutunaren begietan amaitzen delako; non begiek ahoek baino gehiago adierazten duten… Bai, hori guztiori datorkit burura kantua entzutean!

Oso iradokitzailea da ahapaldi hori, ostatuetako giroak eragindakoa, hain zuzen. Tabernetan hazi gara, eta tabernetan eman dugu gure bizitzaren zati handi bat. Tabarniakoak ez, baina tabernakoak bagara ia guztiok gurean. Onerako zein txarrerako, gure bizimoduaren ikurretako bat da. Ni ere tabernazalea naiz, abestiak dioen legez, leku atseginak eta ederrak direlako egoteko eta babesteko. Baina orain beste perspektiba batetik begiratzen diet establezimendu horiei. Beharbada adina izango da, edo bizitzaren momentu hau, ez dakit, baina azken boladan begitantzen zait tabernek kalean egoteko gure modua baldintzatzen dutela zeharo.

Jesarri zarete inoiz arratsalde erdian kaleko banku baten, kale erdian, ez plazan, egonean egotera? Harridura begiradak jasotzen dira, eta komentarioak: Zer, zain? Zer egiten duzu hemen?. Jendeari bitxia egiten zaio adinekoa izan barik kale erdian jarrita egotea. Baina hogei metro harantzagoko terrazan eserita izanez gero, komentarioak bestelakoak dira: Zer, kafea hartzen? Zu bai ondo!

Badago langa bat banatzen gaituena: tabernara joan litekeen pertsona, eta joan ezin dena. Gure kafetegi eta edaritegiak hemengo gazte-helduon espazioak dira, oro har. Jo dezagun parke, plaza eta kaleko bankuetara. Zein pertsona aurkitzen ditugu? Zaharrak, nerabeak eta atzerritarrak, batez ere —ez esan parkean txintxaunetan umeei begira denbora luzea ematen duzuela, urte gutxi barru tabernara joango zarete-eta—. Klase sozial eta adin arrakala itzela dago hor. Ia beti ekonomia duena oinarri, kafetegira joanez gero kontsumitu egin behar delako, jakina, eta poltsiko askok ezin dute egunero-egunero halako premiagabeko gastua jasan.

Hain dugu barneratuta tabernaren kultura, non normalizatu egiten ditugun kontu ez hain normal asko. Adibidez, espazio publikoaren pribatizazioa terraza eta mahaiekin (eragiten duen enbarazu guztiarekin hainbat espaloitatik pasatzeko orduan); edota alkoholaren kontsumo neurrigabe eta etengabea; edo edonoiz kontsumitu behar izatea zeozer, lagunekin kalean egoteko. Zeharo guretu ditugun kontuak dira, baina hausnarketa bat merezi dutenak.

Bai, eta segituko dugu tabernez gozatzen, baina agian beste begirada bat dugula, ezta?

Tabernak, maitasuna, kalea Tabernak, maitasuna, kalea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Tabernak, maitasuna, kalea”-ri buruz

  • Bada beste gai bat ostalaritzarekin lotua kezka larria sortzen didana: Bertan kontsumitzen dena. Lehengairik kaxkar eta merkeenak sartzen dizkigute irabazi merkea beste helbururik ez duena. (low cost benefits). Zaborra arte bihurturik forma usai eta kolore guztietako kaka taberna zein jatetxeetan, moderno,klasiko, kutre edo sofistikatuetan. Zabor janedana eta zabor lan harremana.
    Egongo da ahalegintxo xume bezain mugatua bat egingo duen salbuespenik, baina praktika hau daorokortua, ia erabatekoa, eta hala dela frogatzeko aukera izan dut azken aldian.
    Honek esan nahi duena da gure espazio publikoak zein publikoarentzakoak, elikagaien korporazio erraldoien esku geratu direla, erakundeen eskuhartze zuzenagatik (osakidetza) eta jendartearen ezaxola kontsumistarengatik.
    Dena ez da kalterako,niri behintzat ostalaritza girotik aldentzeko eta beste harreman sozial mota batzuk bilatzeko laguntzen ari zait.