Swap, angulak eta enpresen adierazpenen aurrean

 

Azken asteetan argitara atera diren zenbait berriren inguruan egiten dugun hausnarketa jakitera eman nahi dugu adierazpen hau sinatzen dugun gizarte eragileok. Errauste plantaren finantzaketarekin lotutako swapa, finantzaketa lotu izana ospatzeko arduradun politiko eta  bankuetako ordezkariek diru publikoarekin egindako angula jana, eta erruste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresek plaza publikora egin duten agerraldia dira ondoren komentatuko dugunaren oinarri.

Hasieratik salatu izan dugu errausteko proiektu kutsatzaileak ez diola gipuzkoako gizartearen beharrei erantzuten, herritarren diruaren kontura aberasten segi nahi duen lobby ekonomiko baten diru goseari eta honek politikan eta medioetan eragiteko daukan gaitasunari baizik.

Bankuekin finantziazio kontratua sinatu ondoren, orduan diputatu nagusi eta GHK-ko administrazio kontseiluko lehendakari ziren Markel Olano eta Carlos Ormazabal, bankuetako ordezkariekin, diru publikoz ordainduta, angulak jatera joatea anekdota penagarri bat baino askoz gehiago da. Errausketaren aferaren atzean zer dagoen islatzen du garbiki. Baldintzak nork jartzen dituen eta nork obeditzen duen erakusten du gertaera horrek. Baldintzak enpresa handiek eta bankuek jartzen dituzte. Obeditu eta gonbidatu orduko agintariek. Ordaindu herritarrek. Bai angulekin, bai errauste plantarekin. Eskema berbera da.

Swap izeneko finantza produktu espekulatibo hori sinatu izana ere eskema horretan kokatu behar dugu. Batetik, bankuei egiten die mesede. Bakarrik 9 milloi erabili eta 90 milloiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz. Bestetik, errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresei egiten die mesede. Eraikitze lanak aurrez finkatutako egutegi baten arabera eraikitzera behartzea da swap horren xede garrantzitsuenetakoa. Inork bere herrian nahi ez duen, eta beharrezkoa ez den errauste planta garestia eraikitzeko erabakia hauteskunde emaitzetatik blindatzea zen bere helburua, swapa bertan behera uzteak eragingo lituzkeen kosteak, produktua sinatu dutenei beharrean, zilegi eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko lituzketenei leporatzea estrategia.

Azkenean, errauste planta eraikitzearen onuradun zuzenak azaldu dira publikoan. Ez da jende oldea kalera irten errauste planta egin dadin eskatuz, ez. Errauste planta eraiki eta kudeatuko duen enpresa taldeak altxa du ahotsa. Oraingoan bitartekorik gabe. Itzaletatik atera eta zuzenean erakutsi dute aurpegia. Mehatxuka hasi zaizkio GHKko presidenteari. Kaparrak biktimaren odola xurgatzen duen bezala, herritarren diruaren kontura negozio segurua egiteko ametsa arriskutan ikusteak aztoratu ditu.  Beraien trikimailu guztiak hankaz gora doazela ikusi eta oldartu egin dira. Ez daitezela hausartu! Hara hor, 10 urteko amesgaizto honen bultzatzaileak biluzik jendeaurrean.

Hemen sinatzen dugunok, administrazioak erabakiak herritarren interesei begira hartu behar dituela aldarrikatzen dugu, eta era berean, herritarrak bestelako interes kaltegarrietatik babestu. Errausketa, tratamendu zaharkitu, garesti, kutsakor eta arriskutsua da. Badira hondakinak kudeatzeko era osasungarriago, merkeago eta jasangarriagoak. Bada garaia proiektu kaltegarri hori behin betiko bertan behara uzteko eta gipuzkoan herritarrak, osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa eredua gauzatzeko.

Artikulua Gipuzkoa Zero Zabor-ez gain ondorengo eragileek sinatzen dute:

Greenpeace, Gipuzkoako Errausketaren Aurkoako Plataformen Koordinadora, Eguzki eta Ekologistak Martxan.

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

27 pentsamendu “Swap, angulak eta enpresen adierazpenen aurrean”-ri buruz

  • Alpargatero 2013-02-21 10:09

    Puff!! Argi eta garbi, erabat ados. Nazka-nazka eginda gaude politikari batzuen joko zikinaz. Bazekiten Gipuzkoan galduko zutela eta den-dena ondo lotuta utzi nahi izan zuten. Eta gero atez atezkoari inposaketa deiotzen diote!! Erraustegia defenditzeko erabiltzen dituzten trikimailuei eta modu oldarkorrei kiratsa darie… Zer konpromiso eta interes ez ote dauden horren guztiaren atzean!!

    • Inposaketak egunero dauzkagu politikan, ez zaio beldurrik izan behar hitzari.

      Baina, bai, inposaketa da, gehiengoak nahi ez duen sistema bat delako (alderdiek ordezkatutako gehiengoak ez du nahi, eta erreferenduma egiten ez den bitartean ez dakigu herriak zer nahi duen, baina nire susmoa da herriak ere ez duela nahi).

      Era berean, susmoa dut, adibidez, gehiengoak ere ez duela nahi Metro bedeinkatua (alderdiek ordezkatutako gehiengoak ez du nahi, eta erreferenduma egiten ez den bitartean ez dakigu herriak zer nahi duen, baina nire susmoa da herriak ere ez duela nahi).

      Baina azken batean gobernatzen duen alderdiak horixe egiten du, bozketek kalkulu matematikoz ematen dioten eserleku gehiengoaz gauzak erabaki eta… inposatu. Hori da bere lana. Ez zaio beldurrik izan behar hitz horri, ez. Ez eta besteei demagogikoki akusazio bezala leporatzeko ere.

      • Alpargatero 2013-02-21 10:32

        Nik uste dut erraustegiari buruz erreferenduma egin beharko litzatekeela Gipuzkoan, baina baldintza argi batekin: baiezkoak irabazten badu, baiezko botoen ehuneko handiena eman duen herrian (edo eskualdean) egingo da delako erraustegia. Erraza da erraustegia urrutiko herrian onartzea, baina etxe ondoan nork nahi du?

      • Kaixo Zeppelin
        Galdeketaren gaiarekin kontuz ibili beharra dago, ezin da elizak ur bedeinkatua hartzen duen bezala edozer zuritzeko tresna gisa hartu. Bilketa sistemaren inguruan galdetzea oso ondo dago, beti ere bilketa emaitza berdinak emango dituzten sistemen artean. Baina emaitza zeharo ezberdinak ematen dituzten sistemen artean galdetzearen atzean badago galderan agertzen ez den erabaki bat baina erabakitzen ari den elementu garrantzitsu bat. Zenbat eta nolako zaborra sortuko dugun gure herrian. Eta hori gutxi balitz, zabor hori beste herri batetara eramango dela ziurtzat jotzen du mundu guztiak, hau da, erabakitzeko eskubidea batzuk daukate eta ondorioak beste batzuk pairatzen dituzte. Bi mailatako herritarrak sortzen ditu planteamendu horrek, erabaki dezaketenak eta besteek erabakitakoa jasan behar dutenak.
        Horrek demokraziatik eta askatasunetik oso gutxi dauka, eta aldiz, egoismotik eta inposaketatik asko, nahiz eta mamia disimulatzen dakien artista asko dagoen geurean.

        Hori gutxi balitz, gehiengoek gutxiengoari edozein gauza inposatu diezaioketen ere galdegin beharko genioke geure buruari. Ez al dago marra gorririk? Oinarrizko eskubideak jendeari beti bermatu behar zaizkio gutxiengoan egon arren. Hala bizitzeko eskubidea, berdintasunerako eskubidea eta nola ez inguru osasungarri eta duin batean bizitzeko eskubidea.

  • Mikel. Besterik gabe “inposaketa” hitza hainbeste haizatzen den honetan, nire aportazioa egin dut: agintea duten GUZTIEK inposatzen dituzte gauzak, erabakiak hartzea eta ejekutatzea hortxe baita, norberak erabaki duena besteei ezartzea (izan beste horiek gutxiengo, gehiengo ez ordezkatua, edo nahi duzuna).
    Atez atekoa ezartzen bada (are gehiago galdeketarik gabe) izango da inposaketa bat, erraustegia ezartzea (are gehiago galdeketarik gabe) inposaketa bat izango den bezalaxe, edo Metroa egitea izango den bezalaxe, edo, areago, Metroa EZ egitea izango den bezalaxe.
    Baina “inposaketa” baten aldeko inork ez luke inposaketa hitza erabili behar.
    Galdeketa kuestionatzeko esaten duzu bi mailatako herritarrak leudekeela “erabaki dezaketenak eta besteek erabakitakoa jasan behar dutenak”. Eta, oraintxe esan berri dudanaren ildotik, esaten ari natzaizu galdeketarik gabe ere horixe izaten dela beti: “erabaki dezaketenak (hau da, politikariak) eta besteek erabakitakoa jasan behar dutenak (hau da, herritarrak)”.
    Eta esaidazu orain galdeketa batean herritar batek interesak baditu zabortegia edo erraustegia han edo hemen ezartzeko, politikariek ez dutela interes berbera zabortegia edo erraustegia han edo hemen ezartzeko. Ez dizut gogorazi beharko zergatik dagoen erraustegia Donostian.

    • Inposaketa: Erabat ados gaude horretan nere ustez. Inposaketa dago neurri bat ezarri eta adostasunik ez dagoenean. Hartzen diren erabaki guztietan %99.99 hala izango da seguruena. Baina galdeketa egiteak ez du inposaketarik ez egotea bermatzen. Gehiengo batek gutxiengo bati inposatuko dio nahi duena kasu horretan. Beraz, zurekin ados, erabil dezagun beti hitza ala ez dezagun erabili, gainerakoan demagogia egiteko besterik ez da eta.
      Inposaketa beraz adostasunik ez dagoenean egon egongo da, esatea polita geratzen ez bada ere. Orduan, kontua honetan datza. Zer da inposatzen dena eta noren mesedetan den. Erraustegia enpresa handi batzuen mesedetan da, haiek etekin ekonomikoak lortuko lituzkete, ingurumena kaltetuz, herritarren osasuna arriskuan jarriz eta ekonomikoki milaka tona material alferrik galduz. Zero Zabor eredu batek aurreko guztiak eragozten ditu, herritarrei bizi kalitate hobeagoa eskeiniz. Adostasunik ez dagoenez horra inposatuak izateko bi aukerak. Nik oso garbi daukat zeinen alde borrokatu.

      Bestetik, galdeketa vs inposaketa planteamendu faltsuaren aurrean, bi mailatako herritarren gaia planteatu dut. Badirudi X herriko herritarrek eskubide ukiezina dutela galdetuak izateko, baina zalantzan jarri gabe, bere erabakiak, erabakitzeko aukera emango ez zaionen Y herriko herritarrei eragingo diela. Planteamendua ustela da hasieratik, ustezko eskubide bat de facto ukatzen baizaie herritar batzueri.

      • Inposaketarenean ados bada. Atez atekoa edo erraustegiaren kasuan diozu zuk argi duzula zeren alde borroka egin. Eta beste batek argi izango du beste gauza bat. Bakoitzak bere arrazoiekin. Kontua da, azkenean, inposaketa bat egongo dela alde batera edo bestera, eta alde batekoak edo bestekoak zenbat diren, inposaketa modu batera edo beste batera adjetibatu edo matiza daitekeela.

        Galdeketa: orain arte esan zenuena bai, baina azken mezu honetan esaten duzuna ez dut ulertu (baldin eta aurrekoaren desberdina bada; ze, berdina bada, erantzuna dut, ustez).

  • Amonamantangorri 2013-02-21 14:46

    Bide batez: Hamaika1ekoek (uste dut Hernani aldean dagoen elkarte gastronomiko bat-edo dela), noiz behinka egiten duten moduan, Garbitaniaren jardun irregular bat salatu dute beren webgunean:

    http://h1hernani.wordpress.com/2013/02/05/escapada-a-italia-por-2-000-e/#more-2368

  • Galdeketa? Bai sistema ezagutzen denean, bestela batzuk irrati, telebista eta aldizkari gehienak kontrolatzen dituztenean, bozketak “iruzurra izango lirateke, bozketa egin direnean sistema ezagutu ta gero zer gertatu da? Gainera errautsgailua egiten bada ez dago atzera bueltarik, atez-atekoarekin aldiz bai.

    Eta galdeketa baino lehen, lehenengo zein birziklatze tasa lortu nahi degun adostu beharko genun, ze atez-atekoaren kontra dauden askok, erraustegiaren aurka daudela erraten dute (eta edo gezurra da edo ez dakite zertaz ari diren), baina asko birziklatzen den sistema jartzen ez bada, nahiz eta ez bozkatu errautsgailua egitera behartuko gintuzte.

    Eta galdeketa zilegi da edozertarako? Batzuk gure lurra hondatzeko eskubidea izan behar dute guztien kalterako? Nere familia eta ni kutxatu gaitzakete, beste sistema onuragarriagoa eta merkeagoa dagoenean? Eta nik bizitzeko daudakan eskubidea? Zilegia izango litzateke galdeketa bat hiritik 200 KM orduko kotxearekin joateko?

    Baina hori galdeketa baino lehen gauz batzuk zehaztu beharko zian jendea ez engainatzeko.

  • Galdegarria al da herritarren osasuna kaltetzen duen arazo larri bati konponbidea emango zaion ala ez? Ez al dauka ardministrazioak arduraz joaktu eta osasunerako eskubidea bermatzeko betebeharra?
    Oinarrizko eskubideak ezin dira botoen enkantean salgai jarri. Gutxiago, herritar gehienek “informazioa” iturri bakarretik jasotzen dutenean, hain zuzen ere errauste planta bezalako negozio handitan sartzeko ahalmena daukaten kapital handien esku dauden hedabideetatik bakarrik jasotzen dutenean. Jende askok sinesten du atez atekoarekin bere bizitza ordutegi bati eta egutegi bati begira egin beharko duela, herria arratoiz beteko dela eta kalean zintzilika dauden boltsa artean paseatu beharko duela. Soziologoak non zaudete? Gai hau tesi bat egiteko modukoa da!

    • Mikel eta Sugar, osasuna bada garrantzitsuena, debeka bitez kotxeak eta joan dadila kristo guztia bizikletan.
      Ez ezta? Gauzak konplexuak direlako eta aztertu beharreko gauza asko diztuztelako. Baina ez ZABORRAk bakarrik. Beraz, beste gauzetan galdeketa egin badaiteke, hemen ere bai. Edo hobe esanda, alderantziz, hemen ez egitea komeni dela uste bada, zilegi da pentsatzea beste gauza askotan ere ez.
      Nioena, azken batean agintariak inposatu egiten du.

  • Zeppelin, ez legoke batere gaizki norbaitek kotxe kutsakorren alternatiba erreal bat mahai gainean jartzea. Bizimodua erosotasunez eta normaltasunez segi ahal izateko moduko alternatiba. Bizikletena, zuk egin duzun moduan planteatzea, beste inolako aldaketa sakonik gabe, zentzugabekeri bideraezina da, eta hori zuk ere badakizu.
    Zero zabor eredua, bizimodu normala eginez, gauza daitekeen eredua da, osasuna, ingurumen eta ekonomian hobekuntza nabarmenekin gainera. Beraz, zure adibideak, gauzak ez mugitzeko jartzen diren aitzakia hoietako bat besterik ez da.
    Gai serioa da, hitzegin dezagun seriotasunez.

    • Mikel, ez nagoela atez atekoaren kontra. Aitzitik, atez atekoari leporatzen zaion inposaketaren kontzeptuaz ari nintzen. Eta hori dena, osasunaren edo dena delakoaren argumentazioaren gainetik, bakoitzak bere “argumentuak” dituenez.

  • Mantentzen ari garen eztabaidak ez dauka zer ikusi zuzenik hondakinen kudeaketarekin, baizik eta erabakien zilegitasunarekin. Eta galdera hau da? Zer dago zeren gainetik? Galdeketa baten gehiengoak erabakitakoa? Ala oinarrizko eskubideak? Zer gertatzen da bi hauek kontrajartzen direnean? Ahaztu ditzagun hondakinak, ahaztu dena, eta kasu guztietarako balioko duen erantzuna eman.

    Gehiengoak senarra emaztea jipoitzeko eskubidea duela esaten badu onartuko dugu? Galdera bera onargarria al litzateke? Adibide asko jar ditzakegu seguruna gauzak normalean azaltzen direna baino konplexutasun gehiagokin ikusaraziko digutenak.

    Baina gaiak badauzka beste hainbat adar. Galdeketa al da herritarren nahia azaltzeko erarik egokiena? Ni sofan eserita egon nahiteke aste osoa, telebistan lerdokeriak ikusten, eta ondorio larriak izan ditzakeen gai baten inguruan erabaki al dezaket igande goizean? Batere informatu gabe? Batzuen eta besteen iritziak heuren ahotik entzun gabe? Onartuko al genioke hori parlamentari bati? Ez ezta? Zergaitik bai herritar bati? Ez al da hobea, erabakitzeko eskubidea informatzeko betebeharrearekin lotuta joatea? Ez al da hobea gaia jorratzeko parte hartze prozesuak antolatzea, eztabaidekin, argudio trukaetarekin eta lobby handien hatzaparretatik urrun?

    • Bizikletena adibide absurdoa zen (nahita egin dut, dialektika sustatzeko adibidea baitzen), baina andrea jipoitzekoa ere absurdoa da (noski, zuk ere nahita egin duzu).

      Bestalde, telebistan lerdokeriak ikusten dituenaren botoari buruzkoak despotismo ilustratuaren usaina du. Azken batean, bozketa GUZTIAK auzitan jarri baitaitezke horrela. Eta, hori auzitan jarrita, erabakiak inposatzen dituzten gehiengo guztiak jarri daitezke auzitan (atez atekoa nahi dutenena, atez atekoa kendu nahi dutenena, metroa jarri nahi dutenena, metroa kendu nahi dutenena…)

      Eztabaidagai interesgarria da bozketen legitimazioarena, inposaketena, eta abar. Eta, batez ere, noiz haizatzen diren eta noiz ez…

    • Kateak_Apurtu 2013-02-21 17:59

      Guztiz ados, Mikel.

      Egon daitezke gaiak nire ustez galdeketa bidez bidera daitezkeenak adibidez:

      herri batetako leku batean, haurrentzako parke bat egin edo lorategi bat.
      Zintzilikario bidezko atez atekoa, portal barruan uztea, lurrean uztea.

      Bestalde, egon liteke gaien bat (nire ustez) galdeketa eduki ditzatekenak, ondorio txar eta onak dituztenak, eta gizartearentzako zein neurri den hobeagoa oso argi ez dagoenean. Adibidez:
      – Herri baten inguruan errepide bat egitea, herri barruko trafikoa arintzeko.
      – Oso saturatua dagoen errepide bat autobide bilakatzeko.

      Baino erabaki garrantzitsuak, hau da, gizartearen gehiengoaren aurkako erantzuna izan dezaketenak (manipulazio bidez eramana) edo norbanakoaren eskubideen aurkakoak direnak ezin dira galdeketa batetara mugatu. Kasu hauetan, boteredunak arduratuko baitira beren komunikabideen bidez gaia desitxuratu eta manipulatzen, beren interesen araberako emaitza lortuz.

      Gizarteari mesede egiten dien neurriak hartzeari nik ez nioke inposaketa deituko, beharra baizik. Politikariak horretarako egon beharko lukete.

  • Gogoetarako/Zirikatzeko baino ez.
    Herriari galdetzekotan, seguraski aurrera aterako liratekeen proposamenak
    -Bortzatzaileak zikitaru.
    -Bizi oso-osoko kartzela zigorra.
    -Heriotz-zigorra
    -Lanik ez duten etorkinak euren herrialdeetara bidali.
    -Meskitak irekitzeko baimenik ez eman (hauxe leku askotan indarrean dagoen neurria)
    -OTA kendu, hirien erdigunean ahalik eta aparkatzeko leku gehien jarri
    -Alkoholemia kontrolak, erradarrak eta antzekoak debekatu
    -Bizikletak arzenetik ibili, eta kotxeren bat badator bidetik kendu.
    -Zebrabideetan ez gelditu, edo gehienez oinezkoak ekidin (hauxe Gasteizen indarrean dago)
    -Hirigintza arauak kendu, nik lur zati bat erosten badut, etxe bat (edo nahi dudana) egiteko eskubidea dut, nirea da eta.
    -Greba eskubidea mugatu niretzat ez beste guztientzat.
    -Zaborra nahi dudanean, dena nahastuta botatzea.
    -Kartzela, erraustegia, desintoxikazio zentruak, oinarrizko zerbitzu sozialen lokalak… nire auzoan ez, beste nonbaiten jartzea.
    -Moro, sudaka eta ijitoen seme-alabak eskola berezietan sartu, nire umeen gelan behintzat ez (akaso bizpahiru, kolorea emateko)

    Politikarien lana “inposatzea” da? Edo “herriari” nahi duena ematea?

  • Zepelin, egiten dian kotxe asko ez dute gero eta gutxigo kutxatzen? Teorian behintzat gauza ez al da akaso garraioa gero eta jasangarriagoa egitea? Eta kutxatzen degulako gehio kutxatu behar dugu beharrezkoa ez izanda? Ba Pekinen bezala egin dezakegu, industriak nonahi sortu, inolako segurtasun eta kutxaduraren aurkako neurririk gabe, eta ea hemendik 20 urtera ze moduz bizitzen gean.

    Alternatibarik ez balego ba beno, baina egonda, oasuntsuagoa izanda eta askorei bakarrik inporta zaiena, merkeagoa, zertarako bestea?

    • Dialektika gauza ederra da. Hor goian inposaketa zer den eta zer ez den aipatu da.

      Nik inkoherentziarena aipatu nahi nuke. Ze maiz hemen irakurri dudan gauza bat da: “Denok ditugu inkoherentziak, ez?”. Atez atekoaren kontra dagoena komunera ere kotxez doala seinalatzean: “Denok ditugu inkoherentziak, ez?”. Edo “nik konpostatzen dut, ingurumena zaintzen dut” dioenari esaten bazaio: “ya, konpostatzen duzu zure etxe unifamiliarreko lorategian, zure huella ekologikoa ez da sosteniblea, konponstatuta ere”, erantzuna da: “Denok ditugu inkoherentziak, ez?”

      Bueno, ba, aizue, inkoherentea denak pentsatu beharko luke ingurumenaren alde egitea gauza zabala dela, eta zati bat bakarrik betetzen badu, ez dela oso normala lehen lerroan egotea beste zati bat betetzen duena (baina ez berari gustatzen zaiona) egurtzen ibiltzeko. Ze, bestela onartu beharko du bestea ere egon daitekeela “bere” zatiaren defentsaren lehen lerroan, eta onartu beharko du bere egurrak jasotzea.

      (Koherentea dena ez dadila aluditutzat jo…)

      • Karabino, nik uste dut kontua askoz sinpleagoa dela. arazo larri bat daukagu hondakinekin eta badakigu konpon daitekeela ahalegin handirik gabe.
        Ez dago baleko aitzakiarik hori ez egiteko. Ez gara ari arazoa konponduko ez duen jarrera indibidual batetaz, arazoa konpontzeko balio duen jarrera kolektiboa aldatzeko gaitasuna duen sistema abtetaz baizik.

        • Dena den, xelebrea da gero botere faktikoen ahalmena. Errausketaz hitzegiten du artikuluak eta galdeketa atez atekoarekin egin behar ote den eztabaidatzen bukatzen dugu beti.

        • Mikel, baliteke sinplea izatea, baina oso sinplea da adibidez etxe unifamiliarrak debekatzea edo daudenak zergapetzea (ingurumen plangintzetan erabiltzeko dirua biltzeko), edo kotxeen erabilerari muga jartzea hiriguneetan.
          Askoz sinpleagoa dena da etxe unifamiliar bat ez erosteko erabakia hartzea. Ez behintzat gero ingurumenaren abanderatu izan nahi baduzu.
          Hain da sinplea non zaborrena, arazo larria izanagatik, badirudien arazo larriena dela, herrietan Alardearen moduko jarrerak bultzatzeraino. Totem politiko bihurtu da. Eta horrek ez du ezer onik.

          Eta, ez, galdetegia hemen ez da atez atekoari buruz aipatu, ez dut horrela interpretatzen irakurritakoa: zaborra kudeatzeko eredua aipatu da, edo erraustegia edo atez atekoa (edo X, hirugarren edo laugarren aukerarik balego).

          • Kateak_Apurtu 2013-02-22 13:08

            Karabino:

            Bitxia iruditzen zaidana da, ingurumenaren zainketaren inguruko, gai ekologistaren bat agertzen den orduko, inkoherentziak salatzera azaltzen dela beti baten bat.

            “Atez atekoaren alde dago eta etxe unifamiliarrean bizi da eta kotxea erabiltzen du egunero” (baserritarrak barne, ezta?)….

            Zein da ba gisa honetako erantzunen helburua? Niretzako eztabaidari pisua kentzea beste helbururik ez dute. Inkoherentziak noski daudela, batzuk konpontzen zailak, besteak errezak. Baino gisa honetako gaietan gehienetan inkoherentziaren gai ateratzen da.

            Niretzako, ekologista ez dena edo ingurumena babestea gutxi axola zaiona, adibidez gai honetan, arrazoiak entzun ondoren atez atekoaren alde jartzea aurrerapauso bat iruditzean zait. Ez nintzake sartuko bere inkoherentziak salatzera, bere posizio aldaketa txalotzera baino.

          • Ez da bitxia, ez, eta azaldu dut zergatik. Zaborraren auzia totem bilakatu delako.
            Eta inkoherenteen jarrerak azpimarratzen du totem bat dela, ingurumenaren aldeko jarrera bat baino.
            PD1:Berriro diot: koherenteak ez ditut sartzen kritika honetan).
            PD2:Koherenteek pentsatu beharko lukete zergatik ez duten inkoherenteen jarrera antiekologikoen kontrako jarrera epelagoa atez atekoaren kontrakoenekin dutena baino. Totema eta hori.

          • “zergatik duten” esan nahi nuen aurreko mezuan.

          • Inkoherentzien argudio hori oso ahula da, fokoa herritar soilarengan jartzen du. Munduan dauzkagun arazo larriak herritar megakoherentearekin konpondu nah baditugu jai daukagu. Ni izan nahiteke herritar megakonziente eta megakoherentea. Joan nahiteke organikoaren poltsa, ontzi arinena, paperarena eta beirarena esku batean hartuta eta bestean organikoaren edukiontzi marroia irekitzeko giltza hartuta, hondakinak gaika ateratzeko edukiontzietaraino, bidean gainezka dauden nahasian biltzeko hainbat gutrutzatuz. Joan nahiteke herriko beste puntan dagoen ekodendara, oinez edo bizikletaz noski, eta han ontziratu gabeko produktuak erosi etxetik eramandako ontzi eta poltsatan, joan nahiteke gero…. Horrelako superherritar megakoszienteen beharra baldin badaukagu mundua ondo tratatzeko jai daukagu. Horrelako herritar batek zerua irabaz dezake, sekulan ez lurra. Ezin dira letxuak basamortuan hazi. Letxuak basamortuan hazi nahi baditugu, ureztatzeko sistema eraki beharko dugu. Horra hor lurra irabazteko gakoa.
            Atez atekoa eraginkorra da, ez herritar guztiak hiperkoherente eta megakonsziente bihurtzen dituelako, gauzak ondo egitea erraztu eta gaizki egitea zailtzen duelako baizik. Horrek ez dauka zer ikusirik kotxez ibiltzeko eraikitako jendarte batean bizikletaz mugitu beharrarekin. Bizikletaz mugituta funtziona dezakeen gizarte eredu bat antolatzen badugu, orduan kotxeen kutsaduraren arazoa gainditu ahal izango dugu. Baina ez bota errua, ez esan koherentzi falta daukanik, kotxe artean keak itota ibili nahi ez duen herritarrari.
            Jendea aldatuta ez dugu mundua konponduko, sistemak aldatuta bai