Swans: postal bat erraietatik

 

Michael Gira eta bere gizonen etorrerarena egun señalatu moduan  zuen musikazale askok eta nabari zen atzokoan Bilboko Kafe Antzokian. Aretoa gainezka ez egon arren sarrera txukuna izan zen, musikagile, kazetari eta musikazalez beteta  gaueko bazka jasotzeko zain denak, amorratuta, hasieratik eskenatokian begiak iltzatuta Swans taldea agertzeko zain. Artista gonbidatuari (Sir Richard Bishop gitarrajole fina)  jaramon handirik egin gabe asko, besteak urduri baina gozatu nahian eta denak The Seer  (profeta) azken lan txalotuaren egileak taularatzeko falta ziren segundoak kontatuz aretora sartu orduko.

Eta horrela, azkenan agertu ziren sei gizon taula gainean eta hasi ziren. Hasi ziren aspaldian norbaitek bete zezan zain geunden aska betetzen, zaleok bertatik jan genezan. Barka zikin entzuten bada baina espresiorik onena iruditzen zait atzoko emanaldia bezalako kontzertu basati batetaz mintzatzeko. Basatia, noski, ez erabilpenaren poderioz atrofiatuta bukatu duen hitz horren esanahiean, modu literalean baizik: erraiak eta senarekin erlazioa duen esanahi horretan. Ahaztu arrazoia, atzokoak odolarekin izan zuen zerikusi gehiago. Ez ofenditu bertan izan bazinen, hemen denok gara animaliak eta hori badaki Gira jaunak. Odola eta erraiak Kafe Antzokiko luxuzko askan.

Setlistean To Be Kind, Avatar eta Coward izan ziren lehenak, baina horrek berdin du. Zarata, hotsak, sentsazio extremoak, “hallelujah! hallelujah! fuck! fuck!”, zioen gure profetak eta guztiok buruekin baietz, gaurkoan gure apaiza izaten uzten geniola Girari eta ados geundela. Akaso ez al da irrazionala zerura begira dantza mistikoetan barneratzea? Eta kontzertuaren  azken ordua ia abesti bakarrari eskaintzea? Tapoiak ez zeuzkanarentzat experientzia gordinegia izan zen seguraski, biszeralegia, agian ez gaude odola hain gertutik ikustera ohituak. Bitartean Girak liberté! egalité! fraternité! ohiukatzen zuen behin eta berriz, lepoa mozteko keinuak garraxi primitibo batez laguntzen zituen bitartean. Eta guk baietz. Hiru kitarra, baxu bat, bi basapizti perkusioetan eta bolumena topera. Zarata.

Ordea, kontzertuak bukatu behar zuen noizbait eta ahala egin zuen bi ordu eta gero, azkarregi askorentzat (aurreko egunean bi ordu eta erdiz jo omen zuten). Opera kontzertu batekoa zirudien merezitako txalo zaparrada jaso ondoren, taldekoek eskerrak eman eta taula utzi zuten. Iada amaitu zen eskaini ziguten bizipen dosia eta denok itzuli ginen geure eguneroko elkarrizketetara, ikusitakoari izen bat jartzen saiatzen gutariko asko eta hurrengo egunean lagunei kontzertua nola deskribatu komentatzen beste hainbeste. Trantzea amaitu zen. Odola, erraiak, hallelujah, hallelujah, fuck, fuck.

 

Gertutik begiratzeko betaurrekoak jartzen ditudanekoak

2 pentsamendu “Swans: postal bat erraietatik”-ri buruz

  • nahi dot poster bat erosi, zelan ahal dot egin mezedezzzzzzzzzzzzzzz???
    opari bat egiteko da, mil esker….
    musus Ana

  • Ni erosi gabe geratu nintzen kontzertu bukaeran geratzen ez zirelako… Wombat Booking-eko Artur-i galdetu beharko ea geratzen zaizkion, lortzen baduzu abixatu neri ere interesatzen baitzait!