Naziak, svastikak eta euskal dantzak

Naziak, svastikak eta euskal dantzak –

Anartz Ormaza Ugaldek Dantzan atarian.

Naziak, svastikak eta euskal dantzak
Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Euskal dantzariak nazien omenez dantzan, Donostiako La Perla-n

Honi buruz idazteko gogoa interneten igerian nenbilela Alberto Santana historialariak sare sozial batean argitaratu zuen sarrera batengatik piztu zitzaidan. Testu labur batekin batera, zenbait argazki partekatu zituen. Haietan euskal dantzariak agertzen ziren bandera nazien aurrean dantzan, Donostiako La Perla-n, izan ere. Argazkiak 1941ekoak omen. Berehala atentzioa ematen duten irudiak dira; atentzioa eman baino, barrua astintzen dutenak. Eta harridura sortzen dutenak. Zer egiten du ezpata-dantzari talde batek svastika nazien aurrean dantzan?

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Ez nintzen bakarra izan, jakina, irudiek zuten indarraz ohartzen. Zalaparta eta eztabaida aurki zen piztua sarean, modu bateko eta besteko komentario eta iritziak medio: seguruenik dantzariek behartuta egin behar izan zutela dantzan, erregimen frankistaren beste irain bat izango zela, nola zela posible urte gutxi batzuk lehenago Gernika bonbardatu zutenei halako gorazarrerik egitea,… batzuentzako biktima, besteentzako traidore. Nola ez, guztia posizionamendu (eta akusazio) politikoekin zipriztinduta.

Jakin-mina piztu zitzaidan, irudi haien atzean begi bistan ematen zuena baino testuinguru konplexuagoa egon behar zuen eta. Eta argazkiok bigarrenez begiratuta, svastikekin batera bertan zeuden albo banatan Falangeko bandera eta baita bandera karlista ere. Eta gauza jakina da karlistek Francorekin bat egin zutela, falangistekin batera.

Hortaz, testuinguru laburtua argi dago: 1941. urtea da, Espainiako Gerra Zibila amaituta, karlistak irabazleen bandoan zeuden. Bigarren Mundu Gerra puri-purian zegoen, Ipar Euskal Herria (eta Frantziaren zati handi bat) Alemania naziak okupatuta zegoen. Frankismoaren eta Nazismoaren arteko konplizitatea (moduren batean esateko) aski ezaguna eta bistakoa zen. Eta batzuetan harritu egiten bagaitu ere, ezin zaigu ahaztu karlisten alderdian asko euskaldunak zirela, euskal tradizioen eta kulturaren zale eta babesleak (gaur eguneko ikuspegitik guztiz kontraesankorra iruditzen bazaigu ere). Hortaz, lau hari punta lotu eta dagoeneko irudiak ez dute hasierako harridura sortzen.

Santanak ekitaldiaren inguruko zenbait informazio ematen zuen irudiekin batera idatzitako testuan, eta horrela kontrastatu dut sasoiko prentsa eta artxiboak begiratuta. Ekitaldia Hitleriar Gazteriako parte zen Alemaniar Neskatxen Ligako (Bund Deutscher Mädel- BDM) hainbat neskatoren bisita dela eta egin zen, 1941eko maiatzaren 1ean, arratsaldez, Donostiako La Perla bainuetxeko aretoan. Bertan, Zarauzko dantzari gazteak ageri dira, soka-dantzan, Sección Femeninako neska dantzariekin batera.

Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Naziak, svastikak eta euskal dantzak
Dantzariak Hitleriar Gazteriarentzako dantzan, Donostiako La Perlan. Marin, P. (1941). Kutxa Fototeka (Marin funtsa). (CC-BY-NC)

Ospakizuna FET de las JONSek antolatutako harrera- eta senidetze-zeremonia luzearen parte zen, bereziki Pilar Primo de Rivera filo-nazia buru zuen Sección Femeninako Probintzia Zuzendaritzak antolatutakoa. Bisitariak, esan bezala, BDMko Aginte Eskolako bederatzi ikasle onenak ziren eta ospakizuna BMDko Donostiako ordezkari iraunkor zen Analisse Schoeder alderdi naziko militanteak koordinatu zuen. Espainian zehar zazpi asteko bidaia baten hasiera bikaina zen Donostian egin zutena.

Dantzariak, esan bezala, zarauztarrak ziren. Zarauzko Zirkulu Karlistako dantza taldekoak, bederen. Santanaren berbetan, “Zarautzek gerra zibilaren aurretik dantzari eta txistulari karlista talde bikaina zuen, eta bertara joaten ziren udatiar monarkiko guztiekin, normala da Europako eskuineko bisitari izendunen aurrean aritu izana”. Antza denez, Francori 1948an bandera espainolarekin Agintariena dantzatu zion talde berdina da Donostiako bainuetxean urte batzuk lehenago gazte nazien aurrean aritu zen hau.

Garaiko hainbat egunkaritan eman zuten neskato alemanen bisitaren berri, eta Donostiako Unidad egunkarian adibidez, hau irakurri zitekeen:

“A las seis y media de la tarde dará comienzo el festival de bailes y cantos regionales en La Perla del Océano con arreglo al sigiuente programa:
Primera parte: Bailes regionales: Primero, espatadantza, por el grupo de Zarauz; segundo, sevillanas, por camaradas de la S.F.; tercero, gitanerías, por camaradas de la S.F.; cuarto, aurrescu, por camaradas de la S.F. y grupo de espatadantzaris de Zarauz.”

Unidad. Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S. egunkariko kronika (1941-05-01)

Egungo begiradapean harrigarria egiten bazaigu ere (harrigarria eta etsigarria), garaiko euskal dantza-talde asko ideologia tradizionalistakoak ziren, F.E.T. (Falange Española Tradicionalista) sigletako “T” horretakoak, hain zuzen ere. Eta frankismoan zehar dantzatzen jarraitu zuten. Ezin ahaztu Falangeko Sección Femenina-ren bitartez neskato askori euskal dantzak irakatsi zitzaizkiela, batez ere hirietan (honek ere luze idazteko emango luke, baina hurrengo baten, beharbada).

Naziengana bueltatuz, eta gaiaren ildoari tiraka eginez, badakigu La Perla-koa ez zela nazien eta euskal dantzen arteko salbuespenezko topagunea izan. Seguruenik ez zen lehendabizikoa izan; bakarra izan ez zela, gauza ziurra da.

La Perla-ko ospakizuneko argazkietako batzuk Ramon Barea Unzuetak argitaratutako Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratu ziren. Liburu horretan bertan La Perla-n ateratako beste argazki bat ageri da, “Jaialdi folklorikoa La Pela-n, Donostia 1941” titulupean, eta lehen begiradan aurreko ekitaldi berekoa dela ematen duen arren, ikusi daiteke beste ekitaldi edo jaialdi batekoa dela: dantzari taldea berbera den arren, nazien ikurra desberdina da eta txistulariak ere, aurreko ekitaldian ez bezala, gehiago dira eta jaka beltza eta korbatarekin jantzita daude. Svastiken aurrean dantzan ari diren poxpolin edo gorulari taldea ere ikusi daiteke beste argazki batean. 1941eko data du eta Donostian izandako jaialdi folkloriko batekoa omen da, baina ez dut hari buruzko beste informaziorik topatu, ez naiz gai izan berau kokatzeko.

Naziak, svastikak eta euskal dantzak
Jaialdi folklorikoa La Perlan, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Jaialdi folklorikoa, Donostia 1941. Kutxa Fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Naziak Euskal Herrian

Nazien eta euskal dantzen inguruko harreman honen hariari tiraka, aurretik ere argitaratu izan diren eta hortaz ezagunak diren beste istorio edo pasadizo batzuk ere ekarri ditut hona. Moduren baten La Perla-ko ekitaldiari lotuta daudelako eta honen testuingurua hobeto ulertzeko laguntzen dutelako.

Aurretik labur aipatu bezala, Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean Frantziaren zati handi bat (Lapurdi eta Nafarroa Beherearen zati bat barne) Hirugarren Reicharen okupaziopean egon zen lau urte luzez, 1940ko ekainetik 1944ko abendura arte. Ipar Euskal Herriko beste erdia Vichyko Frantziaren menpe geratu zen, hau da, nazien kolaborazionista zen Pétain jeneralaren gobernuaren menpe. Hortaz, euskaldunak eta naziak elkarrekin bizi izan ziren denbora batez, eta honek modu bateko edo besteko harreman eta loturak sortu zituen haien artean.

Okupazio denbora tarte honi buruz ari da Una esvástica sobre el Bidasoa film-dokumentala, hau da, naziek Ipar Euskal Herria okupatu zuten garaiari buruz. Baina ez bakarrik Iparraldean aritu zirenekoaz, baizik eta mugaren bestaldeko Euskal Herrian ere izan zuten presentziaz eta jarduerez.

Pelikulan ikusten da naziek Frantzia okupatu zuteneko lehen urteetan, alemanak lasai asko ibili zirela mugaren alde batetik bestera. Alde batetik Europan gero eta eremu gehiago hartzen ari ziren (alemanak gerra irabazten zeuden), eta beste alde batetik mugaren bestaldean (hemengo aldean) Francoren erregimena zuten adiskide. Gerra frontea urrun zegoen, hortaz, eta Iparraldera mugitu ziren naziak lasaitasunean bizi ziren, oporretan. Hegoaldera pasatzeko baimenak izaten zituzten, eta egun oso urrun egiten bazaigu ere, sasoi batean naziak gure kaleetatik ikustea (batez ere Donostian baina baita inguruko herrietan ere) ez zen gauza arrotza izan. Eta testuinguru horretan eman zen arestian aipatutako Donostiako bainuetxeko ekitaldia. Normaltasun testuinguru horretan.

Askatasun Etorbideko terrazak, Donostia 1941. Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Naziak, svastikak eta euskal dantzak
Soldadu naziak Irungo alardean. 1940. Kutxa fototeka. Gipuzkoa 1940 liburuan argitaratua.

Ez dugu ahaztu behar ordea, soilik urtebete lehenago, 1939an Gerra Zibila bukatu zenean (eta amaitu aurretik ere, jakina), hainbat euskaldun Ipar Euskal Herrira erbesteratu zirela, Francoren diktaduratik ihesi (Frantziako lurraldea momentu hartan segurua zen, eta). Iparraldea euskal errefuxiatuz josita zegoen beraz, naziak bertara sartu zirenean.

Ziur asko La Perla-n izanziren neska alemaniar gazte haiei arrotz egingo zitzaizkien euskal dantza haiek. Seguru. Baina naziek berez izan bazuten lehenagotik euskaldunen eta gure kulturaren berri. Iparraldera heldu baino lehenago ere, ezagutzen gintuzten. Honen erakusle argia da Segundo Olaeta eta bere familiari gertatu zitzaiona (komunikabide desberdinetan behin baino gehiagotan argitaratu izan dena, eta hona labur ekartzen dudana).

.

Olaetatarrak nazien menpeko Ipar Euskal Herri okupatuan

1937an Olaeta sendia (eta hauekin Elai Alai Dantza Taldea) Frantziara erbesteratu ziren. Han eta hemen dantzaldiak eskaini ostean (besteak beste Eresoinkarekin batera aritu ziren Parisen), 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Armendaritzera joan ziren, eta handik Cagnott-era, Landetan. Bertan harrapatu zituen alemanen inbasioak. Naziak iritsi eta egun gutxira, haien bisita izan zuten. Zeuden etxera gerturatzean, haietako batek euskara garbian “Zu zara Olaeta jauna?” galdetu zion Segundo Olaetari. Paul Schmidt zen, Hitlerren itzultzaile pertsonala eta Hirugarren Reicheko itzultzaile ofiziala. Euskaraz ondo mintzatzen zen eta euskal kultura apreziatzen zuen. Eta jakitun zen euskal dantzen inguruan Elai Alairen jardueraz. Okupazioarekin Iparraldera bertaratutako ofizial alemaniarrentzako Miarritzeko hotel batean euskal kulturari buruzko jardunaldi batzukantolatzen zebilela azaldu zion, eta Elai Alaik hauetan dantzan egiteko eskatu zion. Ez zuen aukera askorik, Olaetak onartu egin zuen, jakina.

Miarritzeko hotel batean dantzatu ziren. Agertokia euskal motiboekin apainduta zegoen (saskiak, palak, pilotak, ikurrinak…) eta baita svastika edo gamma-gurutze naziekin ere. Amaieran euskal ereserkia abesteko eskatu zieten. Gernikako, haien jaioterriko, sarraskiaren arduradunen aurrean “Gora ta gora” abestu zuten malko artean (naziak jakitun ziren Francok debekatuta ziela ereserkia abestea). Txalo zaparrada jaso zuten, militarrak zutik. “Alemaniako herriak euskaldunen herria miresten du”, adierazi zien militarren kargu gorenak.

Hurrengo batean ere Gestapok eskatu zien ekitaldi baten dantzan egitea. Adeitsuak omen ziren dantzariekin, aintzat hartzen zuten euskaldunak, haiek bezala, arioak zirela. Eta horregatik errespetatzen omen zituzten. Beste hiru aldiz egin zuten dantzan alemanentzako.

Olaetak jardun oparoa izan zuen Ipar Euskal Herrian hainbat ikuskizunekin, euskal dantza irakasten eta hainbat dantza eskola ireki zituen herri desberdinetan. Ez da, baina, gaur egunera militar alemanentzako dantzatutako eta svastikaz inguratutako ekitaldi haietako argazkirik iritsi. Edo ez dute argirik ikusi, behintzat. Bai ordea, eta anekdota bezala, urte gutxiren buruan behin gerra amaituta Oldarra taldeak (Olaetaren oinordekoa zenak) 1945ean Churchill-i eskainitako dantzaldienak (hemen bideoak ikusgai). Bigarren Mundu Gerran nazien aurka aritu zen figura garrantzitsuenetakoa, lehen ministro ingelesa, oporretan zegoen Hendaian, eta berarentzako dantza egiteko aukera izan zuten. Aurreko urtera arte naziek okupatua zuten lurraldean bertan.

Wiston Churchill Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, Oldarra taldeko dantzariekin (1945). Auñamendi Eusko Entziklopedia (Bernardo Estornés Lasa funtsa).

Lehen aipatutako Gipuzkoa 1940 liburuaren aurretik Hendaia 1940 argazki liburua ere argitaratu zuen Barea Unzuetak. Liburu honetan alemanek okupatutako Iparraldean naziek zuten bizimoduari buruzko hainbat argazki argitaratzen dira, zenbait testurekin batera. Bertan hainbat istorio aipatzen dira, baina Olaetak nazientzako dantzan egin zuenekoari buruz aipamenik ez. Una esvástica sobre el Bidasoa film-dokumentalean ere, arrastorik ez pasadizo hauei buruz.

.

Im Lande der Basken filma, hemen ere svastikak eta dantzak (besteak beste)

Naziek garai baten euskaldunekiko zuten begikotasuna erakusten duen frogetariko bat da Im Lande der Basken edo Euskaldunen lurraldean filma. Herbet Brieger alemanak zuzendutako dokumentala da, naziek Ipar Euskal Herria okupatu zuteneko garaian grabatutakoa eta UFAk (Universum Film AG, Alemaniako zinematografia-estudio garrantzitsuena, naziek kontrolpean hartu zutena) ekoitzitakoa. Dokumentalak 1944ko data darama, orduan pasatu zen Kalifikazio Zentraletik (Prüfstelle) eta, baina ustez filma 1940 eta 1941 bitartean grabatu zen, Iparraldeko leku desberdinetan.

Brieger Alderdi Nazionalsozialistan afiliatuta zegoen eta zuzendu zuen filmak propaganda naziaren iragazkitik pasatutako erabateko ikuspegia erakusten du. Bertan paisaiak, tradizioak, herri kirolak eta dantzak erakusten dira, besteak beste. Garai hartan naziek euskal abertzaletasunera hurbiltzeko egindako saiakeraren testuinguruan kokatzen da filma, haien ikuspegitik, euskaldunok printzipio etniko jakin batzuei erantzuten genielako, eta horrek aleman arioen anai bihurtzen gintuen.

Momentu batean, filmak bereziki erreparatzen die svastikei, zenbait objektuetan ageri diren euskal svastikei hain zuzen ere. Nazien svastika beltzak (Hakenkreuzak) dituen ageriko konnotazioengatik egun errefusa sortzen badigu ere, Hitlerrek sinbolo hau bere egin aurretik euskaldunontzat gamma-gurutzea ez zen gauza arrotza. Berez nahiko ohikoa zen, izatez, eta sasoiko abertzaletasunak berezko ikur moduan erabili izan zuen (baita gerra garaian ere). Guztien begietara svastika nazien ikur bilakatu zenean, lauburua gailendu zen euskal ikur moduan, eta berau heldu zaigu gaur egunera arte (ikur hauen jatorri eta erabilerari buruz luze aritu gaitezke, baina ez da artikulu honen helburua). Hortaz, alemanek gure svastiketan ere arreta jarri zuten, batzen gintuen elementu gisa hartuta.

Naziak, svastikak eta euskal dantzak
Gamma-gurutzedun euskal objektuak. Im Lande der Basken (1944)

12 minutuko dokumentala da, eta minutu hauetako asko pilota jokoari eskaintzen dizkio filmak. Honen ondoren, pelikularen azken atalak euskal dantza du protagonista, euskal kultura tradizionalaren sinboloetako bat izaki. Bertan soinujolearekin elkartzen diren lau dantzari agertzen dira, gizon eta emakumez osatutako bikote bi, fandangoa dantzatzen, lokuzioak zera esaten duen bitartean: “Pilota-jokoan gertatzen den moduan, dantza nazionalean ere atxikitako emozioak azaleratzen dira. Txikitatik, mutiko eta neskatoek arin-arina, mutxikoa eta fandangoa dantzatzen ikasten dute”. 2016an, hemen bertan argitaratu zen Im Lande der Basken-eko dantzaren zatia, honi buruz egindako sarrera labur batean (https://dantzan.eus/bideoak/im-lande-der-basken-1944-fandangoa), eta bertan aipatzen da akordeoi jolea Kornelio Elizalde (Lesaka, 1904-Donibane Lohizune 1975) dela. Ez da ematen ordea, filmari buruzko testuinguru historikoa aipatzen, eta hori da artikulu honetara ekarri nahi izan duguna, gainontzeko informazioarekin batera.

Fandangoa, Im Lande der Basken (1944)

Errealitate poliedrikoa

Kasualitatez, Aberri Eguna den honetan atera dut orain hilabete batzuk idazten hasi eta erdizka utzi nuen testu honi errematea emateko astia. Gaurko ospakizunetan dantzariak ikusi ditugu ekitaldi desberdinetan parte-hartzen (edo ekitaldiak janzten), eta jakin badakigu dantzarien presentzia holako ekitaldietan oso gauza ohikoa dela. XX. mende hasieratik erabili izan dira euskal dantzak propaganda-tresna moduan (garaiko irudi, kartelak eta abar ikustea baino ez dago). Ez nabil ezer berririk esaten euskal abertzaletasunaren zabalkundean dantzek jokatu zuten papera ezinbesteko izan zela esatean. Nork ez ditu buruan orain 90 urte, 1932an Bilbon ospatu zen lehendabiziko Aberri Egunean, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako ezpata-dantzariek izan zuten presentzia ikusgarria.

Baina euskal dantzak euskal abertzaletasunarekin lotzen ditugun arren (eta horregatik ematen digute arreta euskal dantzarien irudiak nazien svastikaren aurrean edo falangeko ikurren aurrean ikusteak), errealitatea da alde guztietatik erabili izan zirela euskal dantzak (gerra ostean Sección Femeninakirizpide jakin batzuekin erabili izan zituen moduan, edo karlistek berezko zituzten dantzak ospakizun frankistetan egiten zituztenean moduan, esaterako).

Artikulu honen xedea ez da euskal dantzari eta nazien arteko harremanaren gaineko irakurketa politikorik egitea. Ez eta auzi hau gaur eguneko (eta askotan sinplistegia den) begiradatik epaitzea, jakina. Bai ordea irudi hauek hobeto ulertzeko hauen testuinguruan murgiltzea. Eta testu hau honen gaineko saiakera da.

Beraz, kontraesanak kontraesan, harridurak harridura, Donostiako La Perla-n ikur nazien aurrean ari ziren dantzari zarauztar haiek, ez du ematen inork behartuta derrigorrean ari zirenik. Poliedrikoa zen (eta den) (euskal) errealitatearen beste erakusle bat baino ez dira.

.

Iturriak:

(1) About Basque Country (2011-04-18). Las vacaciones de sir winston churchill en iparralde + su afición a la pintura = 300.000 libras [Blog bateko sarrera]. Hemendik hartua: https://aboutbasquecountry.eus/2011/04/18/las-vacaciones-de-sir-winston-churchill-en-iparralde-su-aficion-a-la-pintura-300-000-libras/

(2) Alberto Santanarekin solasaldia (2022-01-04).

(3) Andrés, Alfonso eta Barajas, Javier (zuzendariak) (2013). Una esvastia sobre el bidasoa [Film dokumentala]. RTVE, ETB.

(4) Auñamendi Eusko Entziklopedia (Bernardo Estornés Lasa funtsa).

(5) Ayer llegó a nuestra ciudad una representación de la Juventud Femenino Hitleriana. (1941-05-01). El Diario Vasco, 1. or.

(6) Barea Unzueta, Ramón (2001). Hendaia 1940. Donostia: R. Barea, L.G.

(7) Barea Unzueta, Ramón (2003). Gipuzkoa 1940. Donostia: R. Barea, L.G.

(8) Brieger, Herbert (zuzendaria) (1944). Im Lande der Basken [Film dokumentala]. Alemania: UFA.

(9) Dantzan.eus: https://dantzan.eus/bideoak/im-lande-der-basken-1944-fandangoa

(10) Kutxa Fototeka (Marin funtsa).

(11) La juventud alemana en San Sebastian. (1941-05-01). Unidad, Diario de Falange Española Tradicionalista y de las J.O.N.S., 2. or.

(12) López Echevarrieta, Alberto (2011). Victor de Olaeta (1922-2007): Músico, dantzari y coreógrafo. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa.

(13) Martinez, Cristina (2017). Felipe Oyhamburu, una vida entera dedicada a la cultura vasca. Dantzariak, 62 (31-32).

(14) Muchachas alemanas en San Sebastián. (1941-05-01). La Voz de España. 4.or.

Naziak, svastikak eta euskal dantzak  Naziak, svastikak eta euskal dantzak

Naziak, svastikak eta euskal dantzak  Naziak, svastikak eta euskal dantzak  Naziak, svastikak eta euskal dantzak 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Naziak, svastikak eta euskal dantzak”-ri buruz

  • Ze artikulo ona!

  • Nik neuk pertsonalki ezagutu nuen, Corella herrian, euskaraz ederki asko hitz egiten zuen bertako semea. Euskara non ikasi zuen galdetuta, gerra zibilean ikasi zuela esan zidan, eta “gogoz kontra” baina Francoren aldeko bandoan egin zuela gerra berak. Esan zidanez, Azkoitiko karlistez osatutako batalioi batean suertatu zitzaion gerra egitea, eta “han, edo euskaraz egin edo galduta zeunden, inor ez zelako gauza erdaraz hitzik ere esateko”. Hurrengo urteetan, hango Karmeldarren monastegian aurkitu omen zituen lagun euskaldunei esker (horietakoren bat batailoi berean ibilitako azkoitiarra) eutsi omen zion ikasitako euskarari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude