Superpotentzia emozional batek jota bezela

Superpotentzia emozional batek jota bezela

Beñat Sarasolak Separata blogean argitaratutako artikulua, 2015eko ekainaren 22an.

 

Joan den urtean Giza Katera joatearekin euskaldun zintzoaren kuota bosturteko baterako behintzat beterik nuela sinetsirik, aurten kale egin dut estadioetarako erromesaldian. Esan gabe doa, asko izango dira uste dutenak iazkoarekin bakarrik nire konpromiso maila hutsaren hurrena dela –inoiz ez baita aski euskaldun jatorra zarela demostratzeko eginahaletan–, baina, aizuek, erabakitzeko eskubidea ez ezik nekatzekoarena ere aldarrikatzen dugu batzuek. Nire protesta txikia izan da beraz aurtengo ausentzia, apur bat gogaituta jadanik betiko paripé eta folklorismo artean ibiltzeaz. Zoritxarrez, estadioetan ikusitakoek –Anoetan behintzat– nire usteak konfirmatu besterik ez dituzte egin. Izan ere, iazko Giza Kateko jende erakustaldi, balentria eta abarren ostean, zer eta urtebete geroago estadioak jendez betetzea baino proposamen taxuzkoagorik ez egitea… Alaporai esan nuen nire kolkorako, eta kale egin.

Euskaldunok hogeitaka urte daramatzagu demostratzen muntaiak montatzen parekorik ez dugula, ekitaldigintzan txapeldun olinpiko garela. Bale, hori ongi frogatu dugularik, beste zerbait egiteko garaia bazela imajinatzen nuen; baina bai zera, berriz ere ebento ikusgarri bat, zer eta duela 17 urteko ereduaren kopia gainera (orduan han izan ginen baita ere, enegarren egun historikoan, Benito Lertxundi entzuten eta gauza horiek).

Harrigarria da nola betiko eskemak errepikatzen diren, ezaguna denaren bertangoxoan eroso. Esaterako, famosoen atxikimenduen ohiko zerrenda eta argazkia. Sinadura berriren bat gorabehera, holako argazki batek jendea sarrerak saldoka erostera eramango duela sinistea ez dakit zer den, xalokeria edo erosokeria, baina, edonola ere, espero dut atzoko zapuztxoaren ondoren famosoei urte batzuetarako bake pixka bat ematea. Merezita dute eta deskantsua. Alderdi politikoei begira egote hori ere –azken orduan EAJ gehitu zelako poza eta guzti–, ez ote aski zaharmindurik dagoeneko? Zorionez, kontuaren muina aparatu horien kalkuluengandik aski aparte dagoela esango nuke. “Bildu+ EAJ = Egina zagok” (bai, -k) ekuazioaren amarrua behintzat argi geratuko al zen! Bestetik, egitaraua ikusi eta, baiki, marmotaren eguna. Betikoak betikoa egiten: Jon Maia, Eñaut Elorrieta, Alkain, Pirritx eta Porrotx… Aurretik, oihal katean, hortxe ikusi nituen joaldunak, entzun nituen adarra, trikititxa. Kontua ez da halako egitarau eta sinbologiarekin jai izango dugula sektore sozial berriak erabakitze eskubidera agregatzeko (to, Errejon), ezpada betiko euskaldunak ere gogaituko ditugula luze gabe. Abertzale ez garenok aspaldi garatu dugu halakoetarako jasangarritasun –hots, pairagarritasun– azaltxoa, baina nago jada kaskotik oinetarako abertzaleak ere hasiak direla ernegatzen. Betikoa betikoek betiko moduan egiten, nola arraio sortu ezer erakargarririk? Nola eraman erabakitze eskubide demokratikoa euskal abertzaleez haratago?

Egiazki, ez naiz batere harritzen estadioak bete ez izanaz, baina oraindik argigarriagoak egiten zaizkit joan zirenen bueltako nekadura eta ilusio falta. Anoetako ekitaldia, behintzat, luze eta, topikotik topikora, ezin ernegarriagoa izan omen zen. Han esan zirenen arteko harribitxiren bat hartzea besterik ez dago. Jon Maiak “Euskal Herria superpotentzia emozional bat da” bota omen zuen lotsagorritu gabe. Ana Malagonek “hunkigarrismoa” deitu zion behin gure arteko epatatzeko joera horri, bertsolari –bon,puntulari– frankok, tipikoki, etengabe ustiatzen duten sentimentalkeriari. Alemaniarrek, berriz, kitscha deitu zioten aspaldi handian hunkitu-nahi jaidura horri, eta aski erreakzionarioa dela azaldu. Baiki, hunkitu nahiaren hunkitu nahiaz, jendea gurean ere paripéeta folklorismoez kokoteraino ez ote dagoen. Euskal Herria, superpotentzia izatekotan, hitz fazati eta jaialdi historikoena baita.

artikulu interesgarriak ...

7 pentsamendu “Superpotentzia emozional batek jota bezela”-ri buruz

  • Zer egin dugu euskaldunok honelajo jende pedantea jasan behar izateko? Sarasola jauna ikusi nahiko nuke nik independentziarako bidea antolatzen hahahaha

  • Tipo erre hau eta hain berea jaurti ditzake idei onak ere olatu ilusionagarri hau elikatzeko . Aupa gure esku dago!!! Ilusionagarria izan zen hainbeste bolondres elkarlanean ikustea .

  • Xabier Goitia 2015-06-28 03:23

    Ekimena ilusionagarria izan zen bai, baina Anoetan eskaini zen programa benetan negargarria eta han bildu zen jendeak merezi ez bezalakoa. Gauza bat aitortzeak ez luke bestea kritikatzea eragotzi behar eta Sarasolak egindakoak, eztabaida interesgarria ekarri du sarera. Ez legoke txarto hurrengo baterako aintzat hartzea

    • Herria maitatzeko era asko dago… Kritiko hauek ekarpena egin dezatela herria maitatzeko beren era adieraziz eta garbi jarriz. Kritika haustaileak egitea erraza da, kritika eraikitzaileak egiteko pentsatu egin behar da, eztabaidatu, proposatu, besteekin bat etorri…

  • Peru Dulantz 2015-06-29 10:29

    Betikoa: egindakoa kritikatu ikuspegi ezkor eta zapuztailearekin, ezer positiborik eskaini gabe. Horretarako, ixildu eta kitto

  • Zur eta lur 2015-07-05 09:18

    Posible ote Sarasolak ideia bakar bat ematea oso txikia eta sinple izan arren ?

    2016an Gipuzkoako 26 herritan independentziaren inguruko erreferendum egitea kitsch eta betikoa ere ?

  • Zur eta lur 2015-07-05 09:18

    22 herritan,gutxienez.