Sukaldari miragarrien, abertzale sutsuen eta erdilari aparten herria

“Euskal Herria lur zati ñimiño bat da, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugan, gailentasunaren adibide bikaina. Tim Lewis han izan da, sukaldari miragarrien, abertzale sutsuen eta erdilari aparten herrian, jatorrizko europarren sekretuak deskubritzeko asmoz”.

Horrela dio Esquire aldizkari britainiarrak herenegun, martxoaren 22an, argitaratu zuen “Euskal Herrian barna” izeneko erreportajearen sarreran; The Guardian eta The Observer-en lan egin duen Tim Lewis kazetariak sinatzen duena.

Erreportajea Food & Drink atalean argitaratu dute, eta luzerari dagokionez oso zabala da. Adurizen Mugaritzera eta Bilboko Guggenheimera egiten du bisita kazetariak, eta xistera jokoaz zein Athletic-ez mintzo da. Topikoz betea dago, eta bitxikeriaren bat edo bestez; aspaldi entzun gabeko kontuak ere gogorarazten dizkigu, geure indar fisikoari eta menperaezinak izateari buruzkoak.

Honela ere ikusten gaituzte (laburpena):

Globalizazio garaian, mundua gero eta homogeneoagoa denean, “bada zerbait indargarria, are nahasgarria, Euskal Herrira heltzean”, dio kazetariak. “Piperrik ere ulertuko ez duzun hizkuntza zahar batean hitz egiten dute bertakoek, euskaraz. Eta jendearen itxura ere ezberdina da, masailezur indartsuak, bekain markatuak eta belarriak oso luzeak dituzte-eta”.

neskak zestaz hondartzan!Euskal Herria, “lur oparoegia da Espainia izateko, eta ez da Frantzia bezain gupera. Bertan denbora igaroz gero, gainera, ezberdintasunak ugaritu egiten dira gutxitu baino”, Lewis-en aburuz. Espainiako gainerako eskualdeak hondoa jotzen ari dira ekonomia arloan, baina Euskal Herrian, non beren zergak jasotzeko eta kudeatzeko eskumena baitute, langabezia gainerako eskualdeetakoaren erdia baino ez da gutxi gorabehera.

Euskaldunen kirolak aipatzen hasita, “zesta inoiz ikusi duzun kirolik zirraragarriena izan daiteke; munduko pilota jokorik bizkorrena” dio kazetariak xisterari buruz, Euskal Herriko hiriburu espiritualtzat duen Gernikako frontoira bisita eginda; “euskaldunon sena hemen dago”.

Futbolari dagokionez, Athletic-en harrobia goraipatzen du -kazetariaren ustez, Bartzelonakoarekin batera munduko onena- eta bertakoekin jokatzeko duen ohiturakin egin dituen lorpenak azpimarratzen ditu. “Euskaldunen berezko ezaugarri fisikoak lagun dezakete kontua ulertzen: Cro-Magnon gizonaren ondorengo, frantziar eta espainiar gorputzak baino tantai eta gogorragoak dituzte-eta. Eta San Mames-en `euskal espiritua´”.

Tim Lewis kazetaria Gaizka Mendietarekin ere mintzatu da kasua hobeto ezagutzeko. Bizkaian jaioa, guraso euskaldunak dituen Mendieta Valentzian hazi eta hezia da, eta bertan jokatu zuen; Sky Sports kateko esataria da egun. “Athletic-ek ez du aparteko ezer, bere harrotasuna izan ezik -erantzun dio futbolari ohiak-. Jokalari batentzako, zeure hiriko taldean, beti babestu zaituen taldean jokatzea berezia da oso, eta zalearentzat zer esanik ez”. Dirua ez da guztia futbol modernoan, batzuetan mugek indartsuago egin zaitzakete, ondorioztatzen du Lewis-ek.

«Odolberoak dira, beti kontra egiteko prest, eta harro ageri dira, garaituak izan badira ere inoiz ez direlako guztiz menperatuak izan».

Kokapen politikoa egite aldera, Erromatarren garaira arte jotzen du Lewis-ek, historian errepikatuko den eredu bat nabarmentzeko: autonomia antzeko bat mantentzea lortuko dute beti euskaldunek, batez ere lege sistema, hizkuntza eta kulturari dagokionean. “Euskaldunentzako, arorik beltzena Francoren diktadura da, 1936tik 75era bitartekoa, euskara debekatua baitute”.

Erantzun bezala ETA sortzen da, eta honen desagerpenarekin, 2011n, “independentziaren aldeko nazionalismoa gora egin du; zalantza bakarra dago, EAJ edo ezker muturreko Bildu nagusituko den. Euskaraz dakitenen kopurua azkar doa handituz -mende bukaeran 650.000 ziren, egun 800.000tik gora-, batez ere gazteen artean. Eskoziako erreferenduma beraiena balute bezala bizi izan zuten”.

Athletic-Bilbao“Munduko hamar jatetxe bikainenetatik bi bertan dira, eta lurralde txikia izanda ere, Euskal Herriak Frantziak beste jatetxe ditu Top 40an, bost” dio Lewis-ek; `jateko harriak´ dastatzera Mugaritzera jo du. “Zaporean baino testuran iraultza” egin duen Andoni Luis Adurizek egin dio arreta. Sukaldariaren esanetan, 40 urteko debekuak pairatu eta gero, diktaduraren bukaeratik, “iturri agortezin bat du Euskal Herriak, musika, literatura, artean eta gastronomian”.

Adurizek duela 2.000 urteko historia kontatu bide dio kazetariari. Garai hartan erromatarrena zen inperio nagusia, ez soilik politikan, ekonomian edo arlo militarrean, baita kulturan eta erlijioan ere; egun AEB bezala. Bi mila urteren ondotik ez da inperio haren zantzurik, baina hemen euskaraz jarraitzen du euskaldunak. Sukaldaria ez dabil txantxetan: “Beharbada bi mila urte barru ez da ingelesik izango eta bai, ordea, euskara; gertatu da lehenago ere. Sinestezina da mundua!”.

Tim Lewis-ek Bilboko Guggenheim museoan bukatu du Euskal Herrira egindako bidaia, nola ez. “Lehenengoz bertaratu nintzenean, 1997an, `Marilyn Monroe-ren haragitzea´ zela irakurri nion The New York Times-eko arkitektura kritikoari; orain, Neymar futbolari brasildarraren orrazkera gogorarazi dit: dirdiratsua, urrezkoa, angelu bitxi ugarikoa. Maitatu edo gorrotatu, eraikin sinesgarria da, sendoa”.

Andoni Luis Aduriz, Athletic, erreportajea, Esquire, Euskal Herria, euskaldunak, euskara, Guggenheim, mugaritz, Sukaldari miragarrien, Tim Lewis, xistera

4 pentsamendu “Sukaldari miragarrien, abertzale sutsuen eta erdilari aparten herria”-ri buruz

  • Egozentrismo gehiegi ikusten dut euskaldun askoren izaeran.
    Nire ustez sukaldaritzarena lotsagarria da, azken finean jatekoa besterik ez dute prestatzen. Horrenbeste telebista programa, iragarki, entrebista, publizitate….eta zertarako? janariak ondo jan eta prestatzen ditugula esateko. Gourmet sukaldaritza “moda” honekin nahiko aspertuta nago. Hau al da euskaldunen “goi produktua”? ez al dago besterik?
    150 euroko menuak ze plusbalio daukate? Merezi al du sukaldaritzaren horrenbesteko ikerketak? azken finean jan besterik ez dugu egiten…

    • “Horrenbeste telebista programa, iragarki, entrebista, publizitate….eta zertarako?” Dirua irabazteko, motel. Zuk lelokeriak esaten dituzun bitartean beraiek aberats eta pijoei sekulako lapurretak egiten dizkiete 300 euroko platerak kobratuz. Zu “plusbalioetaz” ari zaren bitartean beraiek 500eko billeteekin erretzen dituzte afal-ondoko puroak. Hortxe ezberdintasuna.
      .
      Goi-produkturik nahi? Ba hasi zu zeu hortan: sortu Mondragon bezalako kooperatiba bat; edo makina eta tresna enpresa bat Ibarmia, Goratu edo Korta tankerakoa; edo garatu ingenieritza bat Orona edo Idom bezalakoa; edo sortu garraiorako industria bat CAF edo Indar tankerakoa; edo obra-makina lantegi bat Tximela antzera… baduzu zer egin, motel.

    • Espainiarrak eta frantziarrak askoz ere humilagoak dira, nik haiek bezalakoa izan nahi nuke, baldintza berdinetan, hau da estatu baten jabe, noski. Estatu bat ez izateak (nahi eta ezina) tontokeri asko esatera eta egitera bultzatzen ditu/gaitu euskaldun askori. Badakizu atentzioa deitu behar nola edo hala, batik bat estatua izateari uko egin eta espainiako txapendun izan nahi duten nacionalistas horiek ditut gogoan, txikarrones del norte, borboien sukaldari eta “soy de aqui” esaten duten horiek. “Aqui” zer den definitzeko zailtasun nabarmenak dituztenak alegia.

  • Aaaaaa klaro klaro, ez naiz konturatu dirua irabazteko denik. Eskerrikasko Hiltzen Hil, zu gabe ez nintzake konturatuko.

    Zu-zeuko zure sarrera guztiak batu eta barreterapia museo bat egitea pentsatu dut. sarrera 25 eurotan kobratu eta Euskal izaera soso honi saltsa pixka bat ematea bururatu zait. Eskerrikasko Hiltzen Hil.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude