Sugeak udaran

Sugeak udaran –

Iñaki Lasa Nuinek NAIZ-en.


Bai, sugeak uda inguruan ikusten ditugu. Inoiz, hego haize epelaren eraginez negu hasieran ere ikusi izan da bakarren bat. Suge beltzak, berdeak, gorriak; suge handiak, ertainak, txikiak; sugeak belardietan, pareta zuloetan, erreketan, ibaietan eta baita itsasoan ere. Sugea ikusitakoan, gizonik ausartenak ere, lehen pausoa  atzera, nahiz eta, gutxi batzuk, eskuetan hartzeko gaitasuna eduki. Askotan, irudimenak ere susto ederrak ematen dizkigu lasto-fardoek ekartzen duten soka beltz hori, bat batean bide ertzean ikusitakoan, sugea delakoan.

Ni, neu, sugeekin beldurtia naiz. Nire ama zenari ere ez zitzaizkion batere gustatzen. Baserri inguruetan ikusten zen sugea, ahal izanez gero, akabatu egiten zen. Askotan egon naiz honetaz pentsatzen eta nire baitan galdera hau sortzen zait: ez ote da izango txiki txikitatik etxean entzundako eta jasotako beldur hori eta, dotrina garaian, erlijiotik jasotako “sugefobia”? Izan ere, Paradisuko baratzean Adan eta Eva engainatu zituen sugea, maltzurra, lotsagabea eta gaiztoa zen. Satanas bera suge bihurtua. Jainkoak berak betirako madarikatu zuen animalia. Horrela azaldu ziguten.

Sugeak udaran
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) Hernanin, Urumea bailaran. Argazkia: Egoitz Alkorta Miranda.

Gezurra badirudi ere, sugea da bere izena jaso zuen lehenengoetako animalia. Historia eta mitologia guztien aitzindaria mundu guztian, kontinente guztietan azaltzen baita. Gizakiaren lehen neurona lokartuak esnatzen hasi zirenean, mundu honi eta norberaren izateari azalpen bat aurkitu nahian edo, bere kabalak egiten hasi zenean, sugeak han zeuden. Hasi Paleolitoan (40000 urte) eta duela 2000 urte arte sugeak protagonista izan dira hainbat ikono, ikur eta kontakizunetan, baita erdi aroan ere. Liburu potoloa beharko genuke hau dena bildu ahal izateko. Sugeek ikuspuntu bikoitza izan dute betidanik; pentsa, bere pozoiak hil egiten du eta, aldi berean, sendatu. Mihia ere bikoitza du eta suge arrak bi zakil omen ditu. Horrek esan nahi du gaiztoa denean ahaltsua dela, izutzekoa eta leku batzuetan jainkotzat hartu zutena, bere menpekotasunean eta bera gurtuz bakean eta lasaitasunean edukitzeko, bada ezpada. Baina, beste mitologi batzuetan sugea onuraren jainkoa edo jainkosa eta ikur izan da. Munduaren sorrerarekin eta bertako energiekin eta espirituarekin lotura du (Indiako Kundalini Yoga motak bi suge korapilatuak irudikatzen ditu bizkar-hezurrean eta gorantz doaz, zure kontzientzi mailan Txakra desberdinak lortzen dituzun heinean). Sugea sendagile edo sendatzaile ere bada. Gogoratu farmazietako ikurra zein den: Higia, Greziako osasunaren jainkosa gogoratuz, kopa bat  eta sugea bere bueltan. Mitologia askotan ugalkortasunaren jainkoa  bezala ere azaltzen zaigu. Sugeak sexua ere gogoratzen digu faloaren, zakilaren itxura duenez eta, gainera, badu buztanaren gainean zutik, tinko jartzeko abilidadea ere. Gure mitologian ere badugu sugea, kasu honetan herensugea. Herensugea ere sugea da, baina hankak eta hegoak dituena, mitologian dena posible baita, eta aho-zulotik sua jaurtiaz dabilena, Sugaar eta Maju izenarekin ezagutzen dena eta Mariren bikotea zela diotena. ETAk ere bere zigiluan suge bat dauka aizkora baten inguruan  bilduta (Borroka eta adimena, abilezia?).

Guk badugu, lehen adierazi dudan bezala, ahaztu ez dugun antzinako suge bat. Ez jainkosa, deabrua bera baizik. Adan eta Evarekin Paradisuan bizi zen  sugea. Itun-zaharrean azaltzen diren lehen gizakien, gizon eta emakumearen, kontakizun mitiko horretan agertzen zaigun sugea. Ez dago dudarik beste animalia guztiak ere Paradisuan bizi zirela sugea bezalaxe, baina sugea da protagonista. Zergatik ote? Sugea beste mitologia askotan ere jakinduriaren ikur bezala azaltzen zaigu, ugalkortasunaren edo sendatzailearen jainkosa bezala azaltzen den eran. Kontulariak sugea Evarekin jartzen du elkarrizketan, emakumearekin. Batzuen ustetan horrek esan nahi du, emakumea engainatzen errazagoa dela. Oker daude, ez da horregatik. Mundu guztiko mitologietan jakinduriak emakumearen izena dauka. Euskaraz “jakinduria” neutroa bada ere, beste hizkuntza gehienetan femeninoa da. Beraz, Eva ere jakinduriaren ikurra da. Paradisuko baratzaren erdian zegoen fruitu-arbolak jainkotasunaren fruituak zituen eta bertatik janez gero, Jainkoaren jakinduria lortuko omen zuten. Nork ez luke nahiko Jainko beraren jakinduria? Suge jakintsu eta azkarrak jakinduria maite zuen Eva animatu zuen eta honek Adan, bere lozorrotik esnaraziz. Otok. Hik ere, har zak eta jan zak!

Lozorrotik esnatu. Bai, horixe da hain zuzen ere, Neolitoko gizon-emakume haiek, Adanek eta Evak, egin zutena. Naturarekin bat eginda bizi zirelarik, beste animalia guztiak bezalaxe egoerari eta inguruneari aurre eginez, elikatuz eta ugalketa bermatuz; senaren lehen beharrak asez, egoera uróborico horretatik esnatu alegia. Autokontzientziaren jabe egin ziren. Berehala konturatzen hasi ziren eurak ere bazirela, desberdinak zirela eta baita hil egingo zirela ere. Heriotzari beldurra. Gizakiaren bizitzako unerik garrantzitsuenetakoa, dudarik gabe. Une Axial bat esango nuke. Itun-zaharreko kontakizun hau uste baino sakonagoa da eta ez eman nahi izan zaion gertaera beltz eta bekatuzkoa bakarrik. Hori bai, Jainkoaren haserrea izugarria izan omen zen eta sugea betirako madarikatzeaz gain, Adan eta Evari zigor gogorrak jarri zizkien. Lehen zer egiten zuten, eta zer sentitzen zuten ere ez zekitenez, orain lana egitea, lurra bera lantzea (Neolitoa/laborantza. Neka-zari-tza) gogorra egiten zitzaien eta haurrak erditzea ere bai. Hori dauka une guztietan jakitun izateak.

Paradisuko egoera honek, guk txikitan bizitakoa aztertuz gero, antzekotasunak badituela esango nuke. Egoerak guztiz desberdinak direla eta mila askotako urteen distantzia dagoela jakinda ere, azaltzera ausartzen naiz: txiki txikitan gu ere linbo antzeko laino-arte batean bizi ginen, ez ginen asko enteratzen, baina 7/8 urte betetzean, begiak zabaltzen hasi zitzaizkigun eta ezaguera bat lortzen joan ginen pixkanaka. “Uso de razón” delakoa bagenuela esan ziguten. Hori da, hain zuzen, esnatzea.

Baina, Paradisu horretan gertatutakoa oso gogorra izan omen zen Jainkoarentzat, lehen gizon-emakume haiek euren desobedientziarekin lehen bekatua egin omen zuten, bekatu originala. Geroztik, gizon-emakume guztiok omen dakarkigu bekatu hori. Jainkoak bere semea bidali mundura eta bere biziarekin gu bekatu horretatik salbatu gintuela erakutsi ziguten dotrinan. Jainkoaren semea jaiotzeko amak birjina izan behar zuen, beste kultura mitologiko askotan bezala. Mariak, sortzez garbia, bekatu originalik gabea alegia, Paradisuko suge maltzurrari burua zanpatu omen zion betirako. (Ikus ditzakezu, nahi baduzu, Ama Birjinaren irudiak eta eskulturak.)

Jar itzazu suge mitologiko horiek denak betirako neguko lozorroan eta utzi bertan, ez akabatu, jadanik gure parte direlako eta hor egongo direlako betirako, baina pentsaera hau oso antzinakoa da eta gainditu dezagun suge kontu hori. Gainditu dezagun mitologia. Has gaitezen gaurko gizakiari dagokion ikuspegi eta kontzientzia maila berri batekin espiritualki mundu berri bat bizitzen. Badaude bideak baldin eta jorratu nahi baditugu.

A!, eta suge bat ikusten duzunean, utzi bere bidea egiten, guztiz onurazkoak omen dira, biologoek diotenez.

Sugeak udaran Sugeak udaran Sugeak udaran Sugeak udaran Sugeak udaran

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.