Suaren inguruan elkartuko gara….

254513_101797543248374_3996354_n

 

Betidanik jakin izan dut zergatik aukeratu zuten gurasoek nire izena. Sorgin izatea leporatuta, Zugarramurdin erre zuten emakume baten omenez jarri zidaten. Izan ere, Garazi torturatu eta suan erre zuten bere barneak eskatzen zionari jarraitzeagatik, Amunia Basterretxeatar eta beste emakume batzuekin Akelarretan parte hartzeagatik, naturak esaten ziona entzuteagatik. Eta bera ez zen izan erre zuten “sorgin” bakarra.

Garai hartan udako solstizioan herriak poz-pozik ospatzen zuen San Juan gaua. Baina erdian jartzen zuten su hori baino arriskutsuagoa zen beste bat saltatu behar zuten, Inksizioak ez baitzuen ondo ikusten herritar hauen bizitzeko modua. Agian naturari eta bakoitzaren barneari entzuteak kolokan jarri zitzakeelako eurek inposatutako legeak.

Igande honetan, San Juan gauean, Akelarrea ospatuko dugu Leioan. Antzinako erritu horietan parte hartzen zuten guzti horien omenez dantzatuko dugu suaren inguruan. Dantzatuko dugu, salto egingo dugu, abestuko dugu. Eta oihukatuko dugu. Indar handiz. Barnean ditugun desio, amets eta ilusioaz. Baita amorruz ere.

Eta urtero bezala, aurten ere Inkisizioa etorriko zaigu jaia izorratu nahian, hor daudela gogorarazi nahian, euren indarra erakutsi nahian. Izan ere, behin eta berriz kontrakoa sinestarazi nahi duguten arren, inkisizioa oraindik dugu gure artean, “ongizate” delakoaren izenean gure bizitza kontrolatuz. Eta badirudi “ongizate” hori lortzeko suaren inguruan dantza egitea ez dela bidea, naturari entzutea ez dela bidea. Badirudi “ongizate” hori lortzeko gure barneko sua amatatu behar dugula.

Horregatik, nik badakit ez dudala nire kaiolatxoan mantentzen naizen bitartean ematen didaten “sari” hori nahi, nahiago dodala sorgin izan eta neuk erabaki zein den nire ongizatea.

Eta badakit badaudela ni bezalako sorgin, azti, lamia, aker eta galtzagorri asko igandean Akelarrean parte hartuko dutenak. Horregatik zu ere Leioara gurekin dantzatzera gonbidatu nahi zaitut, guztiok batera gozatuz aurten ere Inkisizioa garaituko dugulako. Suaren inguruan elkartuko gara…

Hona hemen iazko Akelarrean grabatutako dokumentala

 

Kamarak: Antxon Unzaga /Jone Ibarretxe.
Edizioa: Irati Astobieta / Jone Ibarretxe.

 

2 pentsamendu “Suaren inguruan elkartuko gara….”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude