Su etenik ez dut nahi

Kafe dosiak asebete nau gaur ere, eta irakurri dut “duela 3 minutu” Garak jarritako twitt hori, su etenarena. Zuzeuk ere eman du segituan kontuaren berri, fin. Irri egin bai, baina ez naiz gehiago poztu. Zaila zen harridura, ezinezkoa euforia, esperantza gutxi kabitzen zait jada poltsikoetan. Deustok bere horretan jarraitzen du, gabonen aurretik utzi bezala. Heliodoro La Torre kalea chinatown bihurtu zaigu, kontrakoa da salbuespena. Eta ez dut telebistarik piztu, ez eta sarean gehiegi saltseatu ere, erreakzioek ez naute harritu behar. Nahiago ez aditu.

Murmurioa entzuten da kanpoan; tabernetatik irtetzen diren erretzaileak gehienak seguru. Kotxeen ateak ixten, motorren soinua noizean behin eta zaunkaren bat aldiro-aldiro. Wok-aren eta jatetxe txinatarraren artean bazarra zabaldu dute alboko portaleko txinatarrek. Familia bera izango da ziur.


Anbulantzia baten sirena ozena nola urruntzen doan… Telefonoaren bibrazioa. Bera ote da nire arratsaldean sartu nahi duena. Une batez ixildu zaizkit murmurio, hots eta sirena guztiak, mugikorraren pantailatxoari so jarri naizenean. Ahaztu ditut guztiak; garrantzitsuak eta eskergak… hautsi du monotonia, arratsaldean sartu zait, eta guztia aldatu da.

Une batez kanpo sentitu naiz, ez nengoen Heliodoron, ez Bellaterran, ez Bilbon… dena zen dantza ahotsaren bueltan, argiak itzalita. Bidaiatzen bageunde bezala, ametsak kontatuz etorkizuna ehuntzen, hormarik gabeko antzoki eder batean. Biok bakarrik ikusi dugun hirian. Estroputz egitea ezinezko den eskaileretan behera mendiak igotzen, elkarri bultzaka. Bizitzaz ari gara, bizitzeaz azken punturarte testu arraroan. Baina ederrean.

Su etenik ez dut nahi jada. Dena izan dadila sua. Erre gaitezen gu, eta gure amets zoroak.

2011, Batasuna, Deusto, ETA, etena, heliodoro, la, su, su-etena, torre, tregua, Urtarrilak 10
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

3 pentsamendu “Su etenik ez dut nahi”-ri buruz

  • Esangodiatbestebatean 2011-01-10 19:31

    Txo, gaztea haiz, umea ia, horrela kexuka hasteko. Ni zaharra nauk jada, oiloak sukaldeetan hiltzen zirenekoa. Ibili nauk ihesi (beharko!) Cristo Reyko faxisten atzaparretatik euskaraz hitz egiten nuelako nire neskarekin, ukan diat guardiazibil baten pistola bularrean jarrita tiro meatxua beteko zuelakoan, ukan naute atxiloturik ziegetan, eta zenbat halako neuk eta inguruan! Baina, era berean, nire autoaren azpian ere ibili nauk ETAren bonben beldur, ikusi dizkiat itzalak etxe inguruan, dei lazkarri anonimoak telefonoan, kalimotxoz betetako nerabe enoranteek intsultatu nautek… soilik batzuk aipatze aldera aldera. Zenbat halako neuk eta inguruan! Eta zer? Zertaz haiz kexatzen mixkel hori? Zorteko haiz, ETA amaitu dela zirudik, denok elkarrekin egingo diagu zerbait eta ez diat uste izango denik orain artekoa baino okerragorik… Ez hadi kexa eta ekin. Redios, ekin eta ekin. Umea haiz eta. Bizitza daukak aurrean eta. Kexa daitezela hire errautsak, baina ez hi.

  • Umeak diotsu,
    ez duela uste berak adierazi nahi zuena eta zuk ulertu duzuna berdina direnik. Zorionez ez du bizi beharko (ustez) zuk bizi duzun gehiegikeria hori. Ez zuk bizi duzun sufrimendu hori. Zorionez. Ume hau gogoz dago ekiteko. Gogoz elkarrekin adostasunera iristeko. Ume honek gatazkaren amaiera ikusi nahiko luke. Parte hartu bide horretan.
    Ume honek ez daki nor zaren.
    Ume honek ez du ulertzen iruzkinaren tonua.

    Ume honek diotsu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude