Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, Behategiaren audientzia azterketa

Streaming plataformak Hego Euskal Herrian audientzia azterketa –

Populazioaren erdia da streaming plataformetako harpidedun Hego Euskal Herrian

Streaming plataformen Hego Euskal Herriko audientziak aztertu ditugu eta nabarmentzekoa iruditzen zaigu populazioaren erdia streaming plataformaren bateko harpidedun dela dagoeneko Hego Euskal Herrian (35-54 adin tartean hamarretik sei dira harpidedun, hamarretik zazpi 25-34 tartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 tartean). Harpide gehienak 35-55 adin tartean daude kokatuta eta Netflix da harpidetza gehien duen plataforma (harpidetzaren bat dutenen artean %85ek du Netflix kontu bat). Halaber, zenbat eta euskara gehiago jakin, orduan eta harpidedun izateko joera handiagoa nabari da, eta euskaldun berriak dira streaming plataforma baterako harpidetza-maila handiena dutenak.

Azterlan osoa Behategiaren webgunean jasota dago, infografia adierazgarriekin lagunduta.

Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, audientzia azterketa

Streaming plataformak EAEn, audientzia azterketa

Streaming plataformen Hego Euskal Herriko audientziak aztertu ditu Euskal Hedabideen Behategiak: zenbat herritar da ikus-entzunezko plataformaren bateko harpideduna? Zer plataforma dira zabalduenak? Zer eragin du adinak? Eta hizkuntzen ezagutzak?

Galdera horien erantzunak bilatzeko asmoz, komunikabideen audientzia neurtzen duen CIES enpresaren datuak arakatu dira, 2018tik 2021era bitarteko bilakaera hain zuzen —duela lau urte hasi baitziren streaming plataformen kontsumoaren inguruan galdezka—.

Hona titularrak, eta jarraian azterketa osoa biltzen duen zortzi pantailako aurkezpena:

  • 14 urtetik gorako bi lagunetik bat da streaming plataformaren bateko harpideduna Hego Euskal Herrian (hamarretik sei dira 35-54 urte bitartean, hamarretik zazpi 25-34 urte bitartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 urte bitartean).
  • 2021eko streaming plataformetako harpidetza datuak adinaren arabera aztertuta, harpide gehienak 35-55 urte bitartean kokatzen dira, eta azken lau urtetan 45 urtetik gorakoak joan dira apurka gehitzen.
  • Harpidetza gehien dituen plataforma Netflix da, bai 2021ean eta baita aurreko urtetan ere. Harpidetzaren bat dutenen artean (populazioaren erdia) % 85k du Netflix kontu bat (honek esan nahi du populazio osoaren % 42k duela plataforma horretarako sarbidea). Harpidedunen % 52k du Amazon Primerako sarbidea (populazioaren % 26) eta % 22k HBO (populazioaren % 11).
  • 465.200 lagunek soilik Netflix plataformako harpidetza dute, hori baino ez (populazio osoaren % 19 dira edo, bestela esanda, harpidetzaren bat dutenen arteko % 37). Plataforma batzuk buruaskiak dira, beste batzuk osagarriak, eta joera handia dago behin plataformen mundura sartuta hainbatetan harpidetzeko.
  • Azken lau urtetako bilakaeran, Amazon Prime plataformaren hazkundea (2018ko % 1,7tik 2021eko % 26,2ra) eta Netflixen etengabeko igoera dira joera azpimarragarrienak.
  • Netflix, Amazon Prime eta HBO plataformen kasuan, 25 urtetik 54 urtera bitartekoa da harpideen gehiengoa; aldiz, alde ikaragarri handirik ez bada ere, apur bat gazteagoa da erabiltzailea Filmin edo Disney + plataformetan.
  • Hamar harpidedunetik zazpi moldatzen da euskaraz, populazioaren % 71. Hori bikoizketa eta azpidatzietarako publiko potentzial eta ehuneko esanguratsua da. Eta hori horrela da, harpidedunen lehen hizkuntza kasu gehienetan gaztelania izanda ere (% 73).
  • Zenbat eta euskara gehiago jakin, orduan eta harpidedun izateko joera handiagoa nabari da, eta euskaldun berriak dira streaming plataforma baterako harpidetza-maila handiena dutenak.

(Azterketaren aurkezpena pantaila osoan ikustea gomendatzen dugu; eskuineko ertzeko hiru puntuak klikatu eta ondoren pantailaren ikurra)

Urtekaria prest izango dugu laster

2021. urtean nabarmentzeko modukoak izan diren hainbat ikerketa, publikazio eta ekimen bilduko ditugu ale berrian, besteak beste, hedabideen nazioarteko joerak aztertzen dituen honako hau:

[…] Albisteak jasotzeko erabilitako bide nagusia sare sozialak eta sareko bilatzaileak dira. Populazioaren laurdenak (%25) soilik lehenesten du zuzenean hedabidearen webgunea edo aplikazioa albisteak jasotzeko. Aurreko urtearekin alderatuta hiru puntu murriztu da hautu hori, eta 2018arekin alderatuta zazpi puntu. Joera hau adin-tarte guztietan ematen bada ere, bereziki 35 urtetik beherakoek dute lotura ahulagoa komunikabideen webgune eta aplikazioekin (%18) eta joera handiagoa daukate albisteak sare sozialen bidez (%34) edo bilatzaileen bidez (%26) jasotzeko […].

(Reuters Institutuaren Digital News Report 2021 txostenetik ateratako lagina sakon jorratuta)

behategia

Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, audientzia azterketa

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

4 pentsamendu “Streaming plataformak Hego Euskal Herrian, Behategiaren audientzia azterketa”-ri buruz

  • Euskarazko eta euskaldunon edukiak non egon behar diren gero eta argiago. Non dugun hutsunea ere bai. Joera eta etorkizuna (beltza) oso argi ikusten da. Paralisian omen gaude. Shockean? Bost axola?
    Euskaldunon galtzaile bihurtu gara, porrota barneratu dugu.

  • Eutsi goiari! 2022-02-22 08:58

    Ematen du erabat onartua dugula plataforma hauetan euskarak ez duela tokirik, arazo larria dugu eremu hauetan ez badugu euskal edukia kontsumitu, sustatu eta sortzen…
    Zein dira arrazoiak? ekonomikoki ez dela errentagarria? Sortzaile/kontsumitzaile potentzial gutxi daudela? Frantzia eta espainiako sortzaileekin ezin daitekeela konpetitu? Euskal herritar baten mundua ulertzeko moduak ez duelatokirik plataforma hauetan?
    21. mendean biziraun nahi duen kultura eta herri bat izan nahi badugu argi dago gauzak 21. mendean bezela egin behar ditugula eta gure tokia topatu behar dugula, badirudi kulturalki(musika,edukiak,erreferentzia kulturalak…) 80-90-00 hamarkadak ez ditugula gainditu.Politikoki berdina gertatzen dela uste dut(hori beste gai bat da).
    Hala ere aipatu beharra dago twitch,twitter,youtuben.. lan ona egiten ari den gazte asko daudela, ongi egongo litzake euskal komunitate bat sortuko bagenu eta sortzaile hauei indarra eta babesa eman nahiz eta ez duen guztiz gure gustuko edukirik sortzen…
    Buelta eman ezean etorkizun zaila dugu aurretik..

  • Euskara ez da behar bezain errentagarria EAJrentzat. Horregatik utzi du ETB1 hiltzen, eta hiltzen utzuko luke ere Euskadi irratia garestia irudituko balitzaio.
    EHBildurentzat ere, euskaldunak ez gara lehentasun, eta gutxi eginagatik, beti izango da EAJ baino euskaltzaleagoa.
    Alderdi abertzaleek urte luzez erakutsi dute euskaldunez paso egiten dutela, ezin dugu horien zain jarraitu.
    Antolatu eta ekin, ez dugu bizirauteko beste aukerarik.

  • Bikoizketa garestia da eta horregatik, herrialde askotan bezala, azpidatzien alde egin beharko genuke. Galdera da, euskal elebidunek euskarazko azpidatzietara edo menperatzen duten erdararazko bikoizketara joko lukete?

    Bestalde, askotan plataforma hauen edukien kopurua dela eta, erdarek ezin dute bikoizketaren erritmoa mantendu eta soilik edukiak azpidatzen dituzte (drama korearretan adibidez edo hain ezagunak ez diren telesailetan). Hor euskarak ez luke lehiakiderik, beraz, “ahultasun” horiek aprobetxatu beharko genituzke.

    Horretarako:
    Azpidatziak erabiltzeko ohitura zabaldu behar da.
    Azpidatziak eta jada bikoiztutako edukiak zabaltzeko plataformeekin hitzarmenak sinatu behar dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude