Sorland gara, markak hazten diren lurra

Sorland gara, markak hazten diren lurra –

Sorland gara, markak hazten diren lurra

Joan den ekainean bete genituen 18 urte di-da izenarekin. Adinez nagusitu ondoren, erabaki garrantzitsua hartu dugu: gure buruaz beste bat egitera goaz.

Diseinugintza grafikoa eta itzulpen zerbitzuak eskaintzeko estudioa sortu genuen Durangon bi milagarren urtean, eta Abadiñora aldatu ginenetik balio sozial aberatseko erakundeak indartzen eta ekimenak sustatzen lan egin dugu.

Zerbitzu osoko komunikazio agentzia gara gaur egun. Hamaika profesionaleko talde egonkorra osatu dugu agentzian; eta komunikazio eta sormen alor desberdinetan espezializatutako beste dozena bat aditu eta enpresako sarea.

Beste agentzia bat gara. Eta beste marka bat sortu eta eraikitzera goaz.

Sorland izango da gure zerbitzu osoko komunikazio agentziaren izen berria. Orain arte di-da zenaren webguneko blogari izenburua eman diona gure marka izena izango da aurrerantzean.

Sor. Sorkuntza. Sorlan. Sorkuntza lana. Sorland. Lurralde bat sorkuntza lanerako. Balio proposamen bereizgarria eta sinesgarria bi silaba deigarri eta esanerrazetan laburbilduta. Eta istorio onak iradokiz, goiburuan islatu nahi izan dugun bezala.

Sorland gara, markak hazten diren lurra

Izen eta goiburu horrekin, marka nortasun bisual ireki bat bilatu dugu, garapen aukera anitzak zabaltzen dituen logotipo soil baten aldeko hautua eginez: tipografikoa, zuribeltza eta lerro sotil batek zeharkatua.

Tipografia sortzeko san serif familiako eredu suitzarretan inspiratu gara, eta minuskularen alde egin dugu: gertutasuna, ñabardura eta nortasuna. Zuribeltzak kanal eta euskarritarako aplikazioak erraztuko dizkigu; eta hasieran kolore pastelak erabiliko baditugu ere, zabalik uzten dizkigu bestelako aukerak. Zeharkako lerro finarekin osatu dugun ikur sotilak, berriz, espazio bat sortzen du: premiak \ soluzioak ; estrategia \ sorkuntza ; ideak \ ekintzak ; eta abar.

Hemen da Sorland. Markak hazten diren lurra.

Edozein markak aukeraz eta mehatxuz beteriko lur batean egin behar baitu bidea, berari dagokion lekua irabazteko. Eta guk, komunikazio zerbitzu osoak eskainiz, bidaia horretan lagundu nahi diegu gizarte zein administrazio erakundeei, zerbitzu zein industria enpresei eta euskal marka komertzialei.

Sorland gara, markak hazten diren lurra