Soldaduak osasun-langile

Soldaduak osasun-langile –

 Daniel Castillejok Alea agerkarian.

Soldaduak osasun-langileBadakit zeinen larria den egoera. Gidalerro eta arauak betetzen ditut, eta besteei aholkatzen dizkiet beharrezkoak direla uste dudalako. Ulertzen dut, halaber, eszenatokia etengabe aldatzen doala, ez bakarrik bizitzan eta heriotzan, baizik eta hurbileko komunitatearen eta urrutikoaren ondorio etiko, politiko, sozial eta kulturaletan, eta, ahal denean, premiazko eta pausatutako eztabaida ireki beharko dela. Baina ezin dut saihestu. Gaur egun behartzen gaituen dekretuak ezin dit eragotzi pentsatzea, iritzi kritiko bat izatea, epe labur, ertain eta luzeko ondorioak atzematea, eta, orain, egoera muturrekoa eta aldakorra denez, hori ez esaten saiatzen ari naiz. Egongo da denbora, espero dut, denentzat eta denerako. Baina, hala ere, ulergaitz egiten zait hizkuntza batzuk entzutea eta irudi eta jarrera anakroniko batzuk ikustea, aurreko munduan ere imajinatzen ez nituenak.

Poliki-poliki hizkuntza militarizatu batek denok ulertzen genuen ohiko hizkeraren lekua hartu du: neurri profilaktikoez, pertsonen arteko elkartasunaz eta heldutasun demokratikoaz hitz egitetik hierarkia militarrera, ohartarazpen sendo eta oldarkorrera, arratsaldeko txalotik herritar batzuei beste herritar batzuek egindako bereizketarik gabeko garrasira. Poliki-poliki uniforme militarren presentziak lekua hartzen du bideoetan, prentsaurrekoetako telebistetan. Zergatik agertu behar dute hiru jeneralek eta ordezkari zientifiko bakar batek telebistan egunero egiten duten agerraldian? Irudiak agertzen hasi dira, merezitako esker onekoak ez ezik, ostikadak edo zaplaztekoak erabiliz poliziak egindako justifikaziorik gabeko indarkeriazkoak ere. Kalean arrazoiarekin edo gabe galdeketa egiten zaion herritarrari ezin zaio edozein tratu eman. Kalea ez da zirku erromatarra, eta gu ez gara gure etxeetan hatz lodiak altxatzen edo jaisten dituen publikoa. Ez kalean ez ziegetan ezin dira norbanakoen eskubideak urratu. Aspaldi ikasita egon beharko lukeen ikasgaia da. Ezin diogu beldur birikoari beste beldur bat gehitu, oraingoan geure buruetan jatorria duena.

Gaur, nobedadeak emanez hasi du bere hitzaldia jeneral batek: “Berrikuntzarik ez frontean”. Bera da, gero eta harroago bere paperean, lehengo egunean esan zuena denok garela soldadu. Begira, jeneral jauna, ez, denek uler zezaten esan beharko zenukeena honako hau da: “Hemendik aurrera, soldadu guztiak osasun-langileak dira”.

Soldaduak osasun-langile

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.